88. artikulua.- Aplikatzeko baldintzak:

Honako baldintza hauek garaje-erabilera baimenduta duten lokaletan aplikatuko dira, baldin eta bizitegi-erabilera duten partzelatan kokatzen badira, nahiz eraikin berriak izan, nahiz lehendik zeudenak izan; eta aplikatu egingo dira, era berean, Komunikazioen Sistema Orokorretarako aurreikusitako erabileren barruan, bertako garajeetan.

Kasu guztietarako honako hau ulertzen da garaje-erabileratzat: ibilgailuak gune edo lokal itxi eta estalietan gordetzea, lokalak publikoak nahiz pribatuak izanda.

89. artikulua.- Definizioak:

a)Garaje-plaza:Garaje-plaza da lokal baten barruan ibilgailua aparkatzeko edo gordetzeko lurzoru-zatia. Garaje-plaza baten gutxieneko neurri libreak, inongo egiturak edo instalaziok okupatuko ez dituenak, honakoak dira:

Garaje-plaza baten gutxieneko neurriak

Ibilgailu-mota

Neurriak

Ibilgailuak (plaza irekiak)

2,30 x 4,90 m.

Ibilgailuak (plaza itxiak)

2,45 x 5,00 m.

Elbarrientzako ibilgailuak

3,60 x 4,90 m.

Industrial arinak

3,00 x 5,50 m.

b)Garaje-azalera: Garaje baten azalera da ibilgailuak gordetzeko erabiltzen dena, eta horren barnean sartzen dira sarbideari, barne-zirkulazioari eta maniobrari dagozkionak.

Baldintza orokor gisa, garaje-erabilera duen lokal batean, garajea erabil dezaketen ibilgailuen gehieneko kopuruak ez du inoiz gaindituko zenbaki hau: azalera erabilgarri guztia zati 25a; 25eko zifra hori da ibilgailu bakoitzeko gutxieneko garaje-azaleratzat jotzen dena.

c)Aireztapen naturala: Aireztapen naturalak lokal barruko aireberritzea bermatzen du lokal horren fatxadan nahiz estalkian kanpoaldera zuzenean irekitako baoen bitartez. Aireztapen naturalerako exijitzen den gutxieneko azalera da lokalaren azaleraren %0,5 —atea zenbatu gabe—.

d)Aireztapen artifiziala: Hainbat elementuren bitartez eragindako aireztapena da, lokaletako airea erabat garbitzea bermatzen duena, ordubetean airea sei aldiz berritzeko gutxieneko gaitasunez.

Aire biziatua irteteko, hodi estankoak erabiliko dira, suari aurre egiteko materialez eginak, eta gutxienez eraikinaren estalkitik 1,00 metrotik gora joan beharko dira. Horretaz gain, inguruko eraikinei dagokienez, horien edozein hutsune edo irekigunetatik gutxienez 10,00 metro aparte jarri beharko dira aire-irteerak. Espazio publikoen azpian dauden garajeetan, aire biziatuari irtenbidea tximinia-elementuen bidez emango zaio. Elementu horiek goiko espazio publiko osoaren antolamenduan egoki txertatuta egon beharko dira; irteera-puntuek gutxienez 2,50 metroko altuera izango dute zoladuratik gora eta, horretaz gain, alboetara, neurri bereko erradioan, jendeak zapaldu ezingo duen babesgunea izango dute.

Aireztapen artifizialak behar dituen airea sartzeko hutsuneak eraikinetako fatxadetan kokatu ahal izango dira baldin eta horiek sortzen dituzten zaraten mailak indarreko araudiak betetzen dituela bermatzen bada. Urbanizazio-elementuak zein berdeguneak aprobetxatuz ere jarri ahal izango dira, garaje-lokalak espazio libreen azpian kokatzen badira.

90. artikulua.- Baldintza orokorrak:

Garajeetarako lokalak eraiki eta egokitzerakoan honako baldintza orokorrak errespetatu beharko dira:

  •  Udalak finka batzuetan garaje-jarduerarik ezingo dela jarri erabaki dezake, hirigunea era egokian erabiltzeko, hainbat arrazoirengatik: garajea kokatu nahi den inguruak ezaugarri bereziak dituelako, dagoen trafiko-dentsitateagatik, ibilgailuen sarrera edo maniobrak zailak suertatzen direlako, bide publikoa estua delako, lurraren topografiagatik, haren parean oinezkoentzako guneak, portxeak edo berdeguneak daudelako, eskaera egin aurretik zortasunak zeudelako, eta horien antzeko beste arrazoiengatik.
  •  Garaje-plaza guztiek sarbide egokia izan beharko dute, hau da, gurpilbidetik zuzenean sartzeko modukoak izan beharko dira, maniobratzeko beste plazetan sartu beharrik gabe eta bestelako maniobra zail edo arriskutsurik ere egin behar barik.
  • Garajeetarako lokaletan baimenduta dagoen erabilera bakarra hau da: ibilgailu automobilak, furgoneta txikiak, motorrak edo bizikletak gordetzea. Garajeetarako lokaletan, bizitegi-erabileradun eraikinekin lotuta baldin badaude, garaje-lokal itxiak edukitzea onartu ahal izango da baita etxebizitzetako berezko tresnak bildu edo gordetzeko ere —teilatupeetako trastelekuetan bezala—. Inoiz ere ezingo dira izan merkataritza- edo industria-jarduera bati lotutako biltegiak, ezta industriako inongo jarduera-mota garatzeko tokiak ere, edozein izanda jardueraren kategoria, eta berariaz dago debekatuta bertan edozein makineria-mota instalatzea.
  • Garaje-erabilerarako lokaletan ez da onartuko autoak garbitzeko guneak jartzea, ez bada industria-lurzoruan kokatutako lokalen kasuetan. Hala ere, edozein garaje-lokaletan jar daitezkeen hustubideak beti lotuko dira ur zikinen saneamenduko sarera.
  • Garaje-lizentziak lortzeko prozedurak araubide honi jarraitu beharko dio: Toki Araubideko legedia, Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuen Erregelamendua eta horren 1963ko Jarraibide Osagarria, eta indarreko gainontzeko araudia.
  • Bergarako Udalak garajeetako lokalak behar bezala erabiltzen direla eta indarreko legedia betetzen dela zaindu ahal izango du, eta horretarako Udal Teknikariek lokalak ikuskatu eta egiaztatzeko behar beste bisitaldi egin ahal izango dituzte.

 

91. artikulua.- Baldintza bereziak kategorien arabera:

Aurreko artikuluan aipatutako baldintza orokorrez gain, garaje-erabilera duten lokalak kategoriaka sailkatzen direnez, kategoria bakoitzak bete behar dituen baldintza bereziak ere finkatu dira.

a)1. kategoria: Lokalaren azalera erabilgarria 150 metro koadro baino txikiagoa da.

-Ibilgailuen sarbideak eta gurpilbideak (gutxieneko neurriak):

Gutxieneko neurriak
Sarbideko atearen zabalera 2,80 m.
Sarbideko arrapalaren zabalera, norabide bakarrekoa bada 3,00 m.
Sarbideko arrapalaren zabalera, norabide bikoa bada 3,00 m.
Gurpilbidearen gutxieneko zabalera 4,50 m.
Arrapalaren gehieneko malda tarte zuzenean 18%
Arrapalaren gehieneko malda bihurguneko tartean 12%

-Oinezkoentzako sarbideak: Ibilgailuen sarbideekin bateragarriak izan daitezke.

-Altuera librea: Egiturako edo instalazioetako elementu irtenenen azpian gutxieneko altuera librea ez da izango inoiz ere 2,20 metro baino gutxiago.

b)2. eta 3. kategoriak: Lokalek azalera erabilgarri hauek izango dituzte:

2. kategoria: 150 m2-tik gora eta 1.000 m2-tik behera.

3. kategoria: 1.000 m2-tik gora eta 2.500 m2-tik behera.

-Ibilgailuen sarbideak eta gurpilbideak  (gutxieneko neurriak) :

Gutxieneko neurriak
Sarbideko atearen zabalera 3,50 m.
Sarbideko arrapalaren zabalera, norabide bakarrekoa bada 3,50 m.
Sarbideko arrapalaren zabalera, norabide bikoa bada 4,50 m.
Gurpilbidearen gutxieneko zabalera 5,00 m.
Arrapalaren gehieneko malda tarte zuzenean 18%
Arrapalaren gehieneko malda bihurguneko tartean 12%

-Oinezkoentzako sarbideak: Oinezkoentzako sarbideak eta ibilgailuenak aparte egon beharko dira, eta oinezkoenak aparteko ateondo bat ere izan beharko du.

-Altuera librea: Egiturako edo instalazioetako elementu irtenenen azpian gutxieneko altuera librea ez da izango inoiz ere 2,20 metro baino gutxiago.

c)3. kategoria: Lokalaren azalera erabilgarria 2.500 metro koadro baino handiagoa da.

-Ibilgailuen sarbideak eta gurpilbideak (gutxieneko neurriak):

Gutxieneko neurriak
Sarbideko atearen zabalera 3,00 metroko bi sarbide
Sarbideko arrapalaren zabalera, norabide bakarrekoa bada 3,50 m.
Sarbideko arrapalaren zabalera, norabide bikoa bada 5,00 m.
Gurpilbidearen gutxieneko zabalera 5,00 m.
Arrapalaren gehieneko malda tarte zuzenean 16%
Arrapalaren gehieneko malda bihurguneko tartean 12%

-Oinezkoentzako sarbideak: Oinezkoentzako, ibilgailuen sarbidetik aparte, bi sarbide egin beharko dira eta aparteko atondo bana izan beharko dituzte. 5.000 m2-tik gorako azalera duten lokaletan, 2.500 m2-ko zati bakoitzeko oinezkoentzako sarbide gehigarri bat egin beharko da.

-Altuera librea: Egiturako edo instalazioetako elementu irtenenen azpian gutxieneko altuera librea ez da izango inoiz ere 2,20 metro baino gutxiago.

 

Hirigintza