92. artikulua.- Aplikatzeko baldintza orokorrak

Kapitulu honetan zehazten diren ordenantzak eta baldintzak Plan Orokor honen arabera jarduera ekonomikoak jartzeko den lurzoruan eta eraikinetan aplikatuko dira. Derrigorrez bete beharko dira oin berriko instalazioetan edo lehendik daudenak berritzerakoan.

Indarrean dauden Arau Subsidiarioetako 4.2.3.1 artikuluak ezartzen duen xedapena bere horretan gelditzen da, hau da, antolamenduz kanpo geratzen dira jarduera ekonomikoak garatzen dituzten eraikinak eta instalazioak baldin eta jarduera horiek jartzeko sailkatu den lurzoruaren eremuetatik kanpo badaude.

Hortik salbuetsita daude bizitegiko edo hirugarren sektoreko beste erabilera batzuekin bateragarritzat jotzen diren jarduerak eta, beraz, gaur egungo jarduera garatzen jarraitu ahal izango dute baldin eta indarrean dagoen legediaren arabera dagozkien neurri zuzentzaileak betetzen badituzte.

93. artikulua.- Erabilera-baldintzak:

Lurzoru-mota honetarako baimendutako erabilerak dira, batetik, Ordenantza hauen 15. artikuluan, Jarduera Ekonomikoetarako erabilera azaltzen duen J puntuan erabilera orokor gisa zehazten direnak eta, bestetik, bereziki area eta sektore bakoitzerako Hirigintza-Fitxetan ezartzen direnak.

Industria-eraikinetako soto-solairuak garajeak eta biltegiak izan ahalko dira, baina debekatuta dago pertsonak bertan luze egotea dakarren jarduerarik.

Eraikiezineko partzela-zatiak hauetarako erabil daitezke: sarbide- eta maniobra-gunetarako, ibilgailuen aparkaleku edo industriaren beraren biltegi izateko; baina beti mantendu beharko da higiene- eta apaintasun-egoera egokian.

Udalak jarduera jakin bat ezin dela jarri erabaki ahal izango du, baldin eta jarduera ezartzeko aurrekusitako tokia hainbat arrazoirengatik ezegokia dela baderitzo: partzelarako sarbidea zaila delako, nahiz ibilgailuentzat nahiz oinezkoentzat; ibilgailuak pilatu eta bide-sareko ohiko funtzionamendua oztopatu dezakeelako; merkantzien zamalanak egiteko tokirik ez dagoelako; edo, baita ere, gertuan ibilgailuak aparkatzeko tokirik ez dagoelako.

94. artikulua.- Aparkaleku- eta garaje-dotazioak:

Baldintza orokor gisa, industria-erabilerako jardueretan, aparkaleku bat egon beharko da eraikitako 100 metro koadroko; hala ere, area eta sektore batzuetan beste baldintza berezi bat ezarri ahal izango da horren ordez.

“Merkataritza-ekipamendu handiak” deitzen direnen merkataritza-erabilerarako partzeletan, aparkalekuen kopurua honakoa izango da: aparkaleku bat eraikitako 20 metro koadroko.

Garajeetarako egokitu daitezkeen lokalak Ordenantza hauen IV.2.2 ATALean ezarritakoaren arabera arautuko dira.

95. artikulua.- Zamalanen antolamendua.

Eraikin berri guztietan eta lehendik dauden eraikinak berritu edo handitzerakoan, jarduera ekonomikoetarako areetan eta sektoreetan behar beste sarbide eta espazio libre egokituko dira zamalanak egiterakoan bide publikoak ez oztopatzeko; hau da, bide horiek zirkulaziorako libre geratu beharko dira duten zabalera guztian.

Partzeletarako sarbideak egiterakoan, kontuan hartu beharko da ibilgailuek egin beharreko maniobrek ezingo dutela geldiarazi zirkulazioa errepideetan edo udalaren eskumenekoak ez diren zirkulazio-bideetan.

96. artikulua.- Partzelen itxitura:

Eraikuntzak partzela osoa betetzen ez duen kasuetan, partzelen mugak ereduzko hesi batez gauzatuko dira. Hesi horiek elementu metalikoekin eraikiko dira, gehienez ere 0,50 metroko altuera izango duen fabrika-obrako itxitura baten gainean.

Itxituraren altuera, guztira, ez da izango 2,00 metrotik gorakoa.

Itxitura horiekin batera, osagarri gisa, landare-itxiturak jarri ahal izango dira, partzela-barrua kanpotik ez ikusteko.

Udalak landaketa horiek egitera derrigortu ahal izango du baldin eta partzela-barruan materialak edo beste hondakin batzuk pilatzen badira eta horrek inguruko espazio publikoen itxurari nahiz apaintasunari eragiten badie.

97. artikulua.- Bolumen-baldintzak

a)Lerrokadurak: Industria-eraikin berrien lerrokadurak zehaztuko dira areen Hirigintza-Fitxetan —zuzenean eraikitzea posible duten areetan— eta antolamendu xehatuko plangintza-dokumentuetan —horiek idaztea beharrezkoa duten areetan, eta sektoreetan—.

Eraikinen bat ordezkatzerakoan, ez bada lerrokadura zehatzik ezarri, ordezkatuko den eraikinarena mantentzen dela ulertuko da.

b)Gehieneko altuera eta profila eraikinetan: Industria-eraikinetako gehieneko altuerak eta profilak izango dira area eta sektoreetako Hirigintza-Fitxetan ezarri direnak eta idatziko diren antolamendu xehatuko plangintza-dokumentuetan ezar daitezkeenak.

c)Barruko altuera libreak: Gutxienez, honako altuera libreak errespetatu beharko dira:

Lantegi-guneak

3,50 m.

Biltegi-guneak, pertsonak egotekoak ez direnak

2,50 m.

Bulegorako eta jendeari harrera egiteko lokalak

2,50 m.

Komunak, instalazio-gelak, artxiboak, etab.

2,50 m.

Pabiloi barruan solairuarteak eraikiz gero, erabilera guztietarako finkatu diren altuera libre berdinak errespetatu beharko dira, bai azpian bai gainean sortutako solairuetan.

d)Gorputz irtenak: Ez da onartuko industria-eraikinetan gorputz irtenik eraikitzea, salbu bulegotarako egin daitezkeen hegalkinak. Kamioiak ibil daitezkeen espazio publikoen gainean hegalkinak egonez gero, hegalkinaren azpian 4,50 metroko altuera librea errespetatuko da.

98. artikulua.- Higiene-baldintzak:

a) Komunak: Pabiloi industrialetan, langileentzat, “Laneko Segurtasun eta Higieneari” buruzko arau orokorrek finkatzen dituzten higiene-zerbitzuak egon beharko dira. Zehazki, eta gutxienez, 10 langiletik gorako enpresetan honakoak egon beharko dira:

Aldagelen eta komunen azalera, pertsonako,sexuz bereizita

2,00 m2.

Konketa, lanaldi bereko hamar langileko

1

Komunontziak, lanaldi bereko 25 gizoneko

1

Komunontziak, lanaldi bereko 15 emakumeko

1

Hamar langiletik beherako enpresetan, gutxienez, sexu bakoitzarentzat komun bat egon beharko da, konketaz eta komunontziaz hornituta.

b) Urak hustea: Urak husteko sistema kasu guztietan bereizlea izan behar da, euri-uretarako eta komunetik datozen ur zikinetarako. Prozesu industrialetik datozen urak araztu egin beharko dira saneamenduko udal sarera batu baino lehen.

c)Industria-isurketak edo hondakinak: Prozesu industrialetan sortzen diren isurketa eta hondakin guztiak horien mota bakoitzerako baimendutako isurtegi edo hondakindegira bideratuko dira.

Hirigintza