Babestu beharreko guneak mugarritzeko orduan, honako erreferentzia-dokumentuak hartu dira: Arrasate-Bergarako (Debagoieneko) Lurraldearen Zatiko Plana (behin betiko onartuta dago), Euskadiko Autonomia Erkidegoko —Isurialde Kantauriarreko— Ibaien eta Erreken Ertzak antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana (behin betiko onartuta dago), eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basoak antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana (gaur egun, hasierako onarpena du). Halaber, babestu beharreko beste eremu batzuk eta lurgaineko uren babesguneak ere jaso dira; eta horretarako erabili den informazioa EKOS Estudios Ambientales S.L. enpresak emandakoa da, Plan Orokor honekin batera idatzi zen Ingurumen-Eraginaren Ebaluazio Bateratuaren Azterketan eman zuena, alegia.

Indarreko Arau Subsidiarioek duten Katalogoan, babestu beharreko eraikin eta beste elementu arkitektonikoak xehetasunez osatutako zerrenda batean agertzen dira. Plan Orokorraren dokumentu honek Katalogo hori gaurkotu egin du, eta babestu beharreko elementuak bi kategoriatan sailkatu ditu: Ondasun Arkitektonikoak eta Balio Arkeologikoak. Lehengo Katalogoa nahiz gaurkotze-lanak Xabier Aranburu Udaleko Teknikari Museologoak egin ditu.

Babestu beharreko guneei dagokienez, Arrasate-Bergarako LZP planetik, Nekazaritza eta Basoak antolatzeko LAP planetik eta Ingurumen-Inpaktuaren Ebaluazio Bateratuaren Azterketatik honako guneak jaso dira:

1) Interes naturalistikoko eremua: Irukurutzeta – Sorus – Itxumendi – Gorla – Trekutz. EAEko Lurralde-Antolamenduaren Artezpideak (LAA/DOT) dokumentuan, Interes Naturalistikoko Natur Guneen Zerrenda Irekian, Karakate-Irukurutzeta-Agerreburuko interes naturalistikoko eremua jasotzen da.

Arrasate-Bergara Eremu Funtzionaleko Lurraldearen Zatiko Planean, Irukurutzeta-Sorus-Itxumendi-Gorla-Trekutz eremua “Interes Naturalistikoko Eremuak” izeneko azpikategorian sartzen da. Horretan agertzen diren eremuak Parke Naturalak izateko baino entitate gutxiago dute, baina natura- eta paisaia- aldetik dituzten balio bereziengatik zaindu eta babestu beharko lirateke.

Eremu hau lurraldez lotuta dago Urkiolaren, Aizkorri-Aratz mendilerroaren eta Izarraitzen arteko korridorearekin —korridore hori EAEko Korridore Ekologikoen Sarean dago jasota—.

Babes bereziko kategorian sartu da bere balio ekologiko, kultural eta ekonomikoak gorde ahal izateko eta, baliabide naturalen ustiapenik izatekotan, zentzuz ustiatuko direla bermatzeko, loturako korridorearen funtzionaltasuna ziurtatzeaz gain.

2) Asentzioko aisialdi-eremua. Gehien bat Elgetako lurretan dago, baina zatitxo bat Bergara da. Honen katalogazioa Debagoieneko Lurraldearen Zatiko Planaren 6. dokumentuan (Antolamendu-Arauak izenekoan) jaso da, 45. artikuluan.

3) Elorregi – San Prudentzioko aisialdi-eremua. Hau ere Lurraldearen Zatiko Plan horren katalogazioan sartzen da.

4) Interes naturalistikoko basoak: berta-bertako basoak dira, hau da, haltzadi kantauriarra, harizti azidofilo zein baso misto hostozabala, eta pagadi azidofiloa. Haltzadi kantauriarra eta pagadi azidofiloak 1997/1995 Errege-Dekretuaren I. eranskinean daude jasota. Abenduaren 7ko 1997/1995 Errege-Dekretu horren bidez, Habitatei buruzko Zuzentaraua (Europako 92/43/CE zuzentaraua) moldatu egin zen, eta Interes Komunitarioko Habitat Naturalak sortu ziren. Harizti azidofilo zein baso misto hostozabalak, berriz, lurralde-mailako interesdun habitat gisa har daitezke, batez ere Gipuzkoako baso naturalek gaur egun orokorrean bizi duten degradazio-egoera honetan.

Arrasate-Bergarako Eremu Funtzionaleko LZP planak beste azpikategoria bat bereizten du, “Beste zenbait enklabe interesgarri” izenekoa, hau da, “azpikategoria honetan barne hartzen diren eremuak ikuspuntu naturaletik (ikuspuntu botaniko eta faunistikotik, bereziki) berezitasunak dituzte eta isolatuta daude, beren artean loturarik gabe. Bertako balioak kontserbatzeko arriskurik ez duten jarduerak soilik baimentzen dira bertan”.

Dokumentazio grafikoan jaso diren orban-esparruak eta espezieen sailkapena EKOSek emandako informatiotik atera dira. Informazio hori lortzeko EKOS-ek landa lana izan du oinarri eta 2004. urteko ortofotoa lagungarri.

Plan Orokorreko dokumentazio grafikoan jasotzen diren ibai eta erreka guztiak Ibaien eta Erreken Ertzak antolatzeko Lurraldearen Arloko Planetik datoz, bakoitzaren hirigintza-alderdiaren araberako babes-guneak eta guzti. Mugarritutako guneetan jarraitu beharreko irizpide gisa, hauen alde egin beharko da: uren kalitatea zaintzearen alde, eta ibilguak zein ibaiertzak okupatu gabe eta aldatu gabe gordetzearen alde.

Plangintzarako Aholku Batzordeak izan zituen bileretan, Mendia Bizirik Pol-Pol M.T. taldearen proposamen hau onartu zen: “gerriko berdea” deitutakoaren mugapena Plan Orokorrean jasotzea, mugarritutako lurzorua babesteko arauekin batera. Mugapen hori zehaztu ahal izateko irizpide egokirik ez dagoenez, onartutako proposamena moldatu eta honela gelditu zen: Plan Orokorrak mugapen bat aztertzeko proposamena jaso behar du, plan berezi baten bitartez garatuko litzatekeen mugapena, hain zuzen.

Mendia Bizirik Pol-Pol M.T. taldearen beste proposamen bat ere onartu zen: etorkizunean mugarritzen joango diren babes-gune berriak udalerriko plangintza orokorrean sartzen joatea.

Esandakoa betetzeko, etorkizunean mugapen horiek eta euren babes-arauak plangintza orokorrean sartzen joango dira, betiere behar besteko informazioa eta erregulazio-arauak izandakoan.