Lurzoru-Politikari buruzko aurreko kapituluan azaldu dugun bezala, Bergararako proposatzen den antolamendu-eredua ez da inondik ere espantsionista, hau da, gaur egungo plangintza orokorrak lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dauzkan lursailetan garapen berriko bizitegi-lurzorua kalifikatzen duten horietakoa ez da.

Plan Orokorrak proposatzen duen lurralde-antolamenduak, gaur egungo eta etorkizun hurbileko beharrei erantzuteaz gain, epe luzerako garapenak ere ahalbidetu behar ditu, edo gutxienez ez ditu hipotekatuko. Hausnarketa honen baitan, gogoratu egin behar da indarreko Arau Subsidiarioetan ere, aukeratutako antolamendu-eredua azaltzerakoan, honakoa ohartarazten zela:

Ezin pentsa daiteke honako Arau hauek jasotako aurrikuspenak burutu eta osotuko denik udalerriari dagokion garapena. Alegia, Arau Subsidiarioek zenbait urtetako garapena hartzen dute kontuan eta epe horretan sor daitezkeen premiei aurre egitea dute helburu; alabaina, beti ere kontuan izanik, proposaturiko iharduketa horiek ez ezik, besterik ere burutu litekeela epe luzera begira. Hala, bada, lehen zabaldura garatuz gero udalerriaren erdiguneari dagokion hiri-bilbea osotzen den arren, ez daiteke alde batera utz horren hurrengoa litzatekeen garapena, honako dokumentu honek aurrerapen gisara jasotakoa. Hala nola, bigarren zabaldura bat garatu beharko da ondoko terrenoetaraino hedatuko dena: San Antonio Algodonera industriak okupaturiko terrenoetaraino eta Deba ibaiak San Antonioren zona horretan hartzen dituen terrenoetaraino.”

Plan Orokor honek, beste proposamenen artean, udalerriko gune horren antolamendua ere jasotzen du. Azaldutako irizpideei jarraituz, proposatzen den irtenbideak etorkizunerako aurreikusi daitezkeen garapenak ahalbidetu beharko ditu, eta baita horietarako bideak ireki ere; eta are gehiago kontuan hartzen badugu, udalerriko gaur eguneko egitura ikusita, bizitegi-garapen hori nahitaez hego alderuntz zabalduko dela. Horren eraginez, beraz, inguru honetan edozein jarduketa eginda ere zabalkuntza edo espantsio hori ahalbidetu beharko da.

Esandakoarengatik, bizitegi-lurzorurako proposatzen den hiri-antolamenduaren ereduak honako irizpide hauei erantzun beharko die:

  • a) Gaur egungo eskaerei erantzuteaz gain, epe luzeagorako jarduketei ere bideak ireki beharko dizkie.
  • b) Antolamendu-eredu honen oinarrian, industriak itxi edo lekuz aldatu ondoren lursail horietako hiri-birgaitzeko jarduketak egongo dira; izan ere, lursail horiek kokapen estrategikoa dute, eta udalerriko bizitegi-lurzoruaren eskariari erantzuteko gai dira oso.
  • c) Gainontzeko bizitegiak udalerriko hiri-bilbea hobetzeko jarduketen bidez egingo dira.
  • d) Indarreko Arau Subsidiarioetan lurzoru urbanizaezin gisa sailkatutako lursailetan, gutxiagotu egingo da bizitegi-lurzorurako kalifikazio urbanistikoa .
  • e) Bizitegi-lurzoruaren erabilera intentsiboa izango da; udalerrian ez da antolatuko dentsitate gutxiko garapenik.
  • f) Hirigune finkatuak dituzten auzoetan, bertakoentzako etxebizitzen eskaerari erantzuteko moduko lurzorua aurreikusiko da.

Plana idatzi aurreko Aurrerakin-dokumentua jendaurrean jarri zenean, iradokizun-idatzi batzuk aurkeztu ziren aipatutako d) eta e) puntuen aurka, eta honakoa proposatuz: indarreko Arau Subsidiarioetan urbanizaezin gisa sailkatutako lurzoru batzuk birkalifikatzea, udalerriko hainbat tokitan, dentsitate gutxiko bizitegi-erabilerak garatzeko. Idatzi horietako bat ere ez zen onartu; izan ere, kalifikatzeko eskatutako guneak ez zeuden Debagoieneko Lurraldearen Zatiko Planean jasota, eta bizitegietako hiri-bilbeetatik kanpo, loturarik gabe gelditzen ziren.

Era berean, hainbat taldek eta partikularrek beste iradokizun-idatzi batzuk aurkeztu zituzten Aurrerakin-dokumentuan aurreikusten zen beste asmo bat atzera botatzeko, hau da, Zabalotegi eta Madalena plazatik zehar Artzamendi eta Koldo Eleizalde kaleak lotzeko kale berria ez eraikitzeko. Iradokizun horiek ez ziren guztiz onartu, baina zati batean bai. Iradokizunek oinarrian zituzten arrazoiren batzuk aintzat hartu ziren, horiei erantzun nahian. Gaur egungo Udal Gobernuak erabaki duenez, berriz, kale hori eraikitzeko proposamena —eta horrekin lotutako hirigintza-garapenak— atzera bota da eta Plan Orokor berritik kanpo gelditu da.

Jarduera ekonomikoetarako lurzoruan, bestetik, indarreko Arau Subsidiarioek aurreikusitakoa zeharo bete ondoren, hiru eremu nagusi proposatzen dira: 1) S-2 (Larramendi) sektore berria: behin betiko onartuta duen planeamendu orokorra aldatu egiten da, eta baita garapen-planeamendua ere; urbanizazio-lanak burutzen ari dira. 2) Kukubaso-Ipiñarri: Debagoieneko Lurraldearen Zatiko Planean jasota dago; gune honen oinarria lur-zabortegia da, autobide berria eta Bergarako Ekialdeko saihesbidea eraikitzerakoan erabili izan dena; Lurraldearen Zatiko Planean aurreikusitakoa baino dezente txikiagoa da. 3) Mekolalde; Mekolaldeko eremua lotuta dago “Hijos de Arturo Narvaiza S.A.” enpresarenak izan ziren pabiloi zaharretako hiri-eraldatzeko jarduketekin, eta baita Bergarako hondakin-uren araztegi berria eraikitzeko jarduketekin ere.

Hirigintza