Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen SEIGARREN ATALAK arautzen ditu hirigintza-antolamenduko planen aldaketak eta berrikuspenak.

102. artikuluak, 1. puntuan, honakoa xedatzen du:

“Hirigintza-planek ezarritako antolamendua eta, nolanahi ere, plan orokorren egiturazko antolamendua erabat berraztertzeko, beharrezkoa izango da antolamendu hori berrikustea. Antolamendua berrikusi beharra izango da, orobat, lurralde-plangintzak hiri-garapen berrietarako hala eskatzen duenean eta garapen berriek funtsezko eragina dutenean egiturazko antolamenduan.”

Artikulu bereko 3. puntuak honakoa dio:

“Hirigintza-planak kasu hauetan berrikusiko dira beti: planetan beretan ezarritako epeetan, planetan aurreikusitako balizkoak edo egoerak gertatzen direnean edo lurralde-antolamendurako tresnen zehaztapen lotesleek eskatzen dutenean.”

Bergarako planeamendu orokorraren kasuan, indarrean dagoen dokumentua Planeamenduko Arau Subsidiarioak dira, 1996ko apirilaren 16an Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak behin betiko onartu zituenak.

Indarrean dauden Arauetako Ordenantzetan, 1.4 artikuluan jasotzen da Arauak berrikusteko zein baldintza edo egoera gertatu behar diren. Artikulu horren arabera, Arau Subsidiarioak derrigorrez berrikusi beharko dira ondorengo baldintzak eta egoerak gertatuz gero:

  • a) Indarrean dagoen legedia aldatzeko moduko Hirigintza-Legeren bat indarrean jartzen bada.
  • b) Indarreko legedia aldatzeko moduko Lurralde-Plan Zuzentzaileren bat onartzen bada.
  • c) Arauen edukia horren xedapenetara egokitzera behartzen duen Plan Zuzentzaile Partzial bat onartzen bada Debagoiena eskualderako.
  • d) Arauetan jasotako garapen urbanistikorako aukerak agortu badira. Aukera-agortze hori gertatu dela ulertuko da Arau hauetan jasotzen den eraikin berriak egiteko ahalmenaren % 70 eraikita edo eraikitzen dagoenean, nahiz bizitegirako nahiz industriarako lurzoruan.

Edozein kasutan ere, artikuluak berak dioenez, behin betiko onarpenetik zortzi urteko epealdia pasatu baino lehen, Bergarako Udalak udalerriko orduko egoera urbanistikoari buruzko txostena eskatuko du. Txosten horretan jasoko dira: indarrean dauden Arauen garapen-maila, urte horietan sortutako egoera eta behar berriak eta, horien ondorioz, dokumentua berriztea komeni den ala ez. Egingo diren txostenetan oinarrituta, Udalak erabaki beharko du Arau Subsidiarioen indarraldia luzatzen den edo berrikuspenari ekiten zaion.

Ondoren aztertuko dugu goragoko arau-maila duten zein Lege edo Plan onartu diren Bergarako Planeamenduko Arau Subsidiarioak behin betiko onartu zirenetik, eta nola eragiten dieten.

Hirigintza