Indarreko Arau Subsidiarioetako aurreikuspenak noraino garatu diren aztertzerakoan ikusi dugunez, aurreikusitako bizitegi- eta industria-kalifikazioko lurzorua ia guztiz agortuta dago. Aurreikusitako Sistema Orokorrak, halaber, hein handi batean gauzatu dira.

Indarreko Arau Subsidiarioetan urbanizagarri gisa sailkatutako bizitegi-erabilerarako lurzorua urria zen oso; bizitegiak batez ere hiri-lurzoruan garatzen ziren, eta jarduketa horiekin hiriguneko toki askotan zegoen hiri-bilbe eskasa osatu nahi izan zen, Arauak onartu aurretik izandako plangintzen nola-hala kudeaketaren ondorioz sortu ziren hutsuneak betetzeko, hain zuzen. Jarduketa horien artean, batetik, Ibargarai kalea zeharo gauzatu da eta A-20 areako (lehen San Antonio-Masterrekako) antolamendurako ardatz nagusi bilakatu da, eta bestetik, San Antonioko gune degradatuaren berrantolaketa betetzen ari da.

Arauak onartu zirenetik honako urteetan hainbat industria itxi dira —Urteaga kaleko Movilla S.A. esaterako—, eta Tavex Algodonera S.A. industria lekuz aldatu da, Elorregi auzoan jabetzan zituen lursailetara joan da. “Tornillería Deba S.A.L.” merkataritza-sozietateak, bestetik, gaur egun dituen pabiloien ordez instalazio berriak eraikitzeko beharra azaldu zuen, izan ere pabiloi horiek ez ziren batere egokiak industria gaurkotzeko eta finkatzeko behar zuten makineriarako. Horrenbestez, lekuz aldatu eta lehen “Hijos de Arturo Narvaiza S.A.” merkataritza-sozietateak betetzen zituen lursail industrialetan kokatu zen.

Hiru jarduketa horiek direla-eta, udalerriko erdi-erdiko guneetan, kokapen estrategikoetan, garapen-gaitasun handiko hutsuneak sortu dira.

Plan Orokorraren hasierako onarpeneko dokumentuan, udalerriko goiko aldean beste jarduketa batzuk ere aurreikusten ziren. Jarduketa horien helburu nagusia kale berri bat irekitzea zen, alde horretan zeharo eskasa den hiri-bilbea osatzeko asmoz; horrela, ibilgailuen zirkulazioa Hirigune Historikoko kaleetatik kendu ahal izango litzateke —gaur egun jasaten duen eta hirigune batentzat zeharo ezegokia den zirkulazioa, alegia—. Gaur egungo Udal Gobernuak erabaki duenaren arabera, bertan behera utzi da Zabalotegi eta Madalena plaza zeharkatuko lukeen Artzamendi - Koldo Eleizalde kale berria eraikitzeko proposamena eta, beraz, horrekin batera, kaleari lotutako hiri-garapen guztiak ere bertan behera gelditu dira. Horrenbestez, Hirigune Historikoa oinezkoentzat jartzeko asmoa egin gabe gelditzen da.

Aurretik esan dugunaren arabera, Plan Orokor berriak lehendik industria-kalifikazioa zuen eta indarreko Arau Subsidiarioetan hiri-lurzoru gisa sailkatuta dagoen lurzoruan kontzentratuko ditu bizitegi-jarduketa berriak; oso urria da bizitegirako mugarritu den lurzoru urbanizagarria. Horri esker, bizitegi-jarduketa berriek ez dute apenas eraginik izango lehendik urbanizaezina zen lurzoruan; antzera gertatu zen berrikusten dihardugun indarreko Arau Subsidiarioetan ere.

Lurzoruaren Lege berriak finkatutako estrategia ere errespetatu nahi da; horrela, lege horrek ezartzen duenez, lurzorua zentzuz eta intentsitatez erabiliko da, dentsitate txikiko bizitegi-garapenak alde batera utzita. Horretan oinarrituta, baztertu egin dira familia bakarreko etxebizitzak —nahiz etxe bakarrak izan, nahiz parekatuak edo ilarakoak izan—; tipologia hori Ubera auzoko jarduketa oso zehatz eta murriztu batean baino ez da onartu.

Bizitegirako lurzoruaren kalifikazioa proposatzerakoan ezin da ahaztu Osintxu eta Angiozar auzoetan hirigune finkatuak daudela, eta ezta Uberako auzokideek hango hirigune txikia indartu nahi dutela ere.

Industria-lurzoruari buruz, indarreko Arau Subsidiarioetan aurreikusitako lurzorua agortuta dagoenez, lursail-poltsa berriak sortzeko politika jarraitu beharko da, industria berriak jartzeko nahiz lehendik daudenak lekuz aldatzeko edo handitzeko behar beste lurzoru sortzeko alegia, industriak udalerrian finkatu daitezen.

Komunikazioen Sistema Orokorrei buruz, errepideei dagokienez, dagoeneko ia guztiz eginda daude; bakarrik Beasain-Durango ardatz-errepidean, hau da, Bergarako Ekialdeko Saihesbidean, gelditzen da fase bat egiteko, jadanik eginda dagoen zatiarekin lotuko dena; eta horretaz gain, tunel berri batez errepidea bitan banatzeko dago. Horrenbestez, Foru Aldundiko Bide-Azpiegituretako Departamentuko Kudeaketa eta Plangintzako Zuzendaritza Nagusiak Plan Orokorraren aurrean egin zuen txostenean ezarritako betebeharra kontuan izanda, dokumentu honetako dokumentazio grafikoan jaso egin da GI-632 errepideko Ekialdeko Saihesbidea bitan banatzeko beharko den lursail-zerrenda. Txosten berean esandakoari men eginez, honakoak ere jaso dira grafikoki: Amillagan eraikitzeko dagoen biribilgunea, eta GI-2632 errepidearen lehen zatia (San Juan auzoraino) hobetzeko proiektua. Ubera auzoan, gaur egun hirigune-erditik doan trafikoa ekiditeko egingo litzatekeen saihesbidearen trazatu posible bat ere zirriborratu da.

Era berean, Bergarako lurraldean eragina duten heinean, EAEko Trenbide-Sarea antolatzeko Lurraldearen Arloko Planean eta horren ondoren Gipuzkoarako egindako aldaketan agertzen diren proposamenak ere jaso behar ditu Plan Orokorrak, nahiz eta Debagoieneko tranbia berria ezartzen duen Gipuzkoarako aldaketa hori ez egon behin betiko onartuta. Tranbia berriaren trazatuari eta finantziazioari buruz, berriz, Bergarako Udalak hainbat alegazio aurkeztu zituen, baina oraindik ez dituzte erabaki.

Indarreko araudiak Gainjarritako Baldintzatzaileak deitutakoen artean, Plan Orokor honetan ibai-erreken ibilguak babesteko eta zaintzeko neurriak jaso dira, EAEko Isurialde Kantauriarreko Ibaien eta Erreken Ertzak antolatzeko Lurraldearen Arloko Planak ezarritakoak, hain zuzen ere. Oraindik orain, dokumentu horren aldaketa bati hasierako onarpena eman berri diote, eta Udalak aldaketaren aurrean hainbat alegazio aurkeztu ditu; oraindik erabaki gabe daude.

Azpiegituren Sistema Orokorrak ezartzeko lurzoruari buruz, bete behar dituzten lursail handiengatik honako azpiegiturak gailendu dira: Mekolaldeko araztegia —dagoeneko eginda dago eta dokumentu honen planoetan jasota— eta Epeleko araztegian, Bergarako lurretan dagoen zatia. Beste lursail-erreserba bat ere aurreikusi da, Iberdrola S.A.-ren estazio transformatzaile berria eraikitzeko. Hori egindakoan, Gabiria baserriaren ondoan eta anbulatorio ondoan dauden estazioak eraitsi ahal izango dira.

Ekipamendurako Sistema Orokor berriak sortzeko, edo lehendik dauden sistemak ordezteko, honako lurzoru-erreserbak zehaztu dira: S-4 izeneko sektorean Migel Altuna Lanbide Heziketarako zentro berria eraikitzeko erreserba aurreikusi da; San Martin Agirre ikastetxeari handitzeko aukera emateko horren partzela handitu da; eta gaur egun Martinez Irala ikastetxeak betetzen dituen lursailetan Mizpirualde zaharren egoitza eraiki ahal izateko lurzoru-erreserba ere egin da. Memoria honetan, 4.4.3 puntuan zehatz-mehatz zerrendatutako beharren artean ikus daitekeenez, ez da antzematen ekipamendurako edo dotaziorako beste erreserba garrantzitsuren beharrik.

Udalerriko Ondasun Arkitektonikoei eta Balio Arkeologikoei dagokienez, horiek babesteko Plan Orokorreko Katalogoan jasotako neurriak ezartzen dira. Eta era berean, Katalogoan sartuta gelditzen da, babestu beharreko Zuhaitz Aparteko gisa, Olaso dorreko lorategian dagoen Bergarako Magnolioa —maiatzaren 16ko 265/1995 Dekretuaren bidez izendatutakoa—.

Babestu beharreko elementu naturalen katalogo sakonago baten aurrerakin gisa, dokumentazio grafikoan honakoak jaso dira: Arrasate-Bergarako (Debagoieneko) Lurraldearen Zatiko Planean proposatutakoak, eta Ekos Estudios Ambientales S.L. enpresak emandako informaziotik ateratako Interes Naturalistikoko Eremuen zerrenda bat —Ekos-ek Plan Orokor honetako Ingurumen-Eraginaren Ebaluazioko Azterketa idatzi zuen-eta—.

Landa inguruan, lurzoru urbanizaezinean, Antolamendu-Kategoriak zehazteko orduan honako dokumentuak hartu dira erreferentzia gisa: Lurralde-Antolamenduaren Artezpideak (LAA/DOT), Debagoieneko Lurraldearen Zatiko Planaren Antolamendurako Arauak, eta EAEko Nekazaritza eta Basoak antolatzeko Lurraldearen Arloko Planean dauden Artezpideak eta Arauketak.