144. artikulua.- Ingurumen-jasangarritasunerako irizpideak, Plan Orokorra garatzeko plangintzan:

Plan Orokor hau garatuko duten planak idazteko orduan, honako irizpideak eta aldagaiak hartu beharko dira kontuan:

1.-Landaretza eta baliabide hidrikoak:

  • Lehentasunez, baliabide hidrikoa eta ingurunea babestu, zaindu eta birgaitzeari ekingo zaio.

    Zehazki, hirigintza-antolamendurako planek eta tresnek baliabide hidrikoa eta horren ingurunea zaintzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dituzte eta, horretaz gain, aurreikusi egin beharko dituzte alde batetik sortzen diren eskariak, eta beste batetik ingurumen aldetik modu onargarrian eskariak asebeteko direla bermatzeko behar beste baliabide tekniko eta finantzario.

  • Landaretza mantentzeko ardura hartuko da —batez ere, basoak, landaretza-multzoak, heskaiak eta urbazterreko landaredia—.

2.- Zarata-kutsadura: Zarata-maila altuak izan ditzaketen eremuetan, urbanizatzerakoan, aurreikusitako eraikinak euren erabileren arabera antolatzeko ahalegina egingo da; horrela, sentikortasun bajuena duten eraikinak (industrialak, zerbitzukoak) pantaila akustiko gisa erabil daitezke sentikortasun handiagoko eraikinentzat (etxebizitza, eskola-ekipamendu edo osasun-ekipamenduentzat).

3.- Argien kutsadura: Argi-kutsaduraren prebentzioa eta murrizketa bultzatuko da, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen Laugarren Xedapen Gehigarriak jasotzen duenaren arabera. Udalerrian, kanpoaldeko argiterian, honakoak hartuko dria kontuan:

  • Kanpoaldeko argiterian erabilera eraginkorra sustatuko da, baina oinezkoen, ibilgailuen eta jabetzen segurtasunari kalterik eragin gabe.
  • Gaueko orduetako egoera naturala ahalik eta gehien zainduko da, animalien, landareen eta, orokorrean, ekosistemen onurarako.
  • Argitu nahi diren guneetatik kanpo joan daitekeen argia murriztu egingo da.

4.- Arrisku naturalak.Uholde-arriskua: Eusko Jaurlaritzako Uren Zuzendaritzak ezarritako irizpideei, “Lurzorua uholde-arriskuaren mailaren arabera erabiltzeko irizpideak” izenekoei hain zuzen, jarraitu beharko zaie.

5.- Mugikortasun jasangarriaren sustapena: Bidaiariak mota honetako garraioetara bideratzeko ahalegina egingo da: batetik, motorrik gabeko garraiora (oinez eta bizikletaz, bide seguruak eta erakargarriak eskainiz), eta bestetik garraio kolektibora (Bergarako kasuan, etorkizuneko tranbia eta autobusa). Horrela, honako helburua lortu nahi da: garraiobide horietan pertsonek egindako distantzia, urtean, guztiaren %40 izatera iristea (bidaiari-kilometroka neurtuta).

6.- Eraginkortasun energetikoa: Eraikin berrien orientazioa zehazteko orduan, eguzkia jasotzeko eraginkortasuna hartuko da kontuan. Horrela, jokabide energetikoa hobetuko da (batez besteko tenperatura altuagoa, berogailua gutxiago erabili beharra) eta eguzki-argia hobeto aprobetxatuko da (argi artifiziala gutxiago erabiliko da).

Eraikinetako fatxadak orientazioaren arabera bereiztuko dira:

Iparralderakoak, itxiagoak eta isolatuagoak; eta hegoalderakoak, irekiagoak eta akristalatuak.

Eraikinak egiteko erabili beharreko eraikuntza-materialek isolamendu termikoaren maila altua izango dute, eta ahalik eta iraunkorrenak eta kutsadura gutxien eragiten dutenak izango dira.

7.-Lurzorua eta iragazkortasuna: Eremu bakoitza urbanizatzerakoan, zolatutako gune iragazgaitzak murriztera joko da; horrela, lurrak filtratzeko duen ahalmen naturala mantentzea bideratuko da, batez ere oinezkoentzako guneetan.

Zolatutako guneak eta berdeguneak era egoki batean proiektatuko dira lurraren drainatze naturala ahalbidetzeko.

8.-Ondare arkitektoniko eta arkeologikoko elementuak: Plan Orokorraren baitan, babestu beharreko ondasun arkitektonikoen eta balio arkeologikoen Katalogo zehatza jasotzen da, babes-mailaren arabera aplikatu behar zaizkien ordenantza bereziekin batera.

9.- Hiri-hondakinen gaikako bilketa: Gune egokiak aurreikusi beharko dira hondakinak —hirikoak nahiz industrialak— gaika biltzeko.

10.-Ingurumena eta paisaia leheneratzea: Urbanizazio-proiektuek, euren baitan, ingurumena eta paisaia leheneratzeko proiektu bat izan beharko dute. Bertan, eragindako guneen azterketa eta paisaiaren integrazioa lortzeko egingo diren jarduketak jasoko dira.

145. artikulua.- Ingurumen-jasangarritasunerako irizpideak, obrak burutzerakoan:

Udalerrian obrak egiterakoan, honako irizpideak eta aldagaiak hartu beharko dira kontuan:

  • Obretan, obra-plangintza bat egin beharko da, eta bertan lan-faseak eta obra-unitateen arteko sinkronizazioa zehaztu beharko dira.
  • Obrak berak nahiz aldi baterako instalazioek beteko duten azalera mugatu beharko da.
  • Jarduketarik izan behar ez duten gune kalteberak edo ahulak mugarritu egin beharko dira, hala nola, obra-jarduketatik gertu dauden ibai-bideak, zuhaiztiak, eta abar.
  • Sortzen diren hondakinak indarreko araudiaren arabera kudeatuko dira.
  • Solido esekiak ibai-bideetara iristea galaraziko da.

Horretarako, eurialditan, obra-lekuaren ondoko ibai-bideak nola dauden ikuskatuko da, izan daitezkeen eraginak antzemateko.

Ikuskapen horretan, ibai-uren kalitatea behatuko da begiratu batean, jarduketatik ibaian gora eta ibaian behera azaltzen duen egoerarekin konparatuz.

Kutsadura-mailan igoerak antzemango balira —obretako lur-mugimenduen eraginez sor daitekeen uhertasunagatik eta/edo koipeak edo olioak agertzeagatik—, beharrezko neurriak ezarriko dira horri aurre egiteko eta ekiditeko (lasto-fardoz egindako hesiak edo trabak, sedimentazioko hesiak, etab.)

  • Plataforma denudatuak eta makineriaren ibilbideak ureztatzea proposatuko da.
  • Erabilitako materialak eta sortutako hondakinak birziklatu eta berriro erabiltzea sustatuko da, baita hondeaketen ondoriozko material soberakinak ere.
  • Soberakinak, ahal dela behintzat, material premian dauden inguruko obretara bideratuko dira.
  • Berreskuratutako lurra biltzeko eta erabiltzeko tokia —eta makineriako zein behin-behineko instalazioetako parkea ere— ez da egongo erreka, iturburu edo zuhaiztietatik gertu.
  • Landare-lurren pilaketek bi metro hartuko dute gehienez, eta eremua eraberritzeko aukeratu diren espezie berberez berlandatuko dira.
  • Bete beharreko lan-ordutegiak egun argiz garatuko dira, auzokideen atsedena eta lasaitasuna errespetatze aldera.

Ordutegi hori kasu berezi batzuetan luzatu egin ahal izango da, zaratarik sortuko ez duten obra-jarduera zehatzetarako.

Halaber, 212/2002 Errege Dekretua betetzen dela bermatu beharko da. Otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretu horrek aire librean erabiltzeko zenbait makinak atera dezaketen zarata arautzen du. Bibrazioei buruz, UNE 22-381-93 arauak ezarritako mugak bete beharko dira.

  •  Prebentzioko neurri gisa, obran dagoen makineria guztia Ibilgailuen Azterketa Teknikoari dagokionez egunean dagoela egiaztatu beharko da, motorrak, isilgailuak eta abarrak zuzen eta prest daudela ziurtatuz eta, horrela, makineriak sortuko dituen zaratak eta isuri atmosferikoak ahalik eta txikienak izango dira.
  • Partikula esekirik barreiatzea eta atmosferara hautsik zabaltzea ahalik eta gehien saihestearren, eta ibilgailuen bideak ahalik eta garbien mantentzearren, bideak ureztatzea proposatuko da atmosferara jaulkituko diren hauts-emisioak eta partikula sedimentagarriak murrizteko. Neurri hori aldizka bete beharko da, eurien maiztasunaren arabera aldatuz, euri gutxiko sasoietan areagotuz.
  • Makineriaren mantentze-lanik egin behar balitz, iragazgaitzak diren edo iragazgaiztuta dauden tokietan baino ez da egingo, lurzoruaren eta isurketa-uren kutsadura ekiditeko.
  • Garapen-plangintzaren barruan Ingurumena eta Paisaia Leheneratzeko Plan bat egon behar den ala ez, kasu zehatz bakoitzean aztertuko da.
  • Obrak bukatutakoan, garbiketa-ekinaldi bat egin beharko da.

 

Hirigintza