101. artikulua.- Aplikatzeko araubidea:

Euskadiko Autonomia Erkidegoko Lurralde-Antolamenduaren Gidalerroek lurzoru urbanizaezinerako antolamendu-kategoria batzuk ezartzen dituzte, eta kategoria horiek Lurraldearen Arloko Planen bitartez zein Udal Antolamenduko Planen bitartez zehaztu beharko dira.

Euskadiko Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basoak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana behin-behinekoz baino ez dago onartuta; beraz, hori aplikatzea ez da loteslea.

Horretaz gain, dokumentuan ez dira agertzen —agian akatsez— lurzoru urbanizaezinean dagoeneko ezarrita dauden Sistema Orokor batzuk —Eibar – Gasteiz/Vitoria autobidea, kasu—, ezta behin betiko onartuta dauden Lurraldearen beste Arloko Plan batzuetan proposatzen direnak ere —EAEko Trenbide-Sarea antolatzeko Lurraldearen Arloko Planekoa, adibidez—.

EKOS Estudios Ambientales S.L. enpresak idatzi duen eta Plan Orokor honen parte den Ingurumen-Inpaktuaren Ebaluazio Bateratuaren Azterketak proposatzen duenez, gainjarrita azaldu behar dira —dokumentuak jasotzen dituen mugapenekin— interes naturalistikoko eremu bereziak, interes naturalistikoko basoak, eta lur gaineko urak babesteko eremuak.

Plan Orokor honek lurzoru urbanizaezinerako proposatzen duen tratamendua aipatutako hiru dokumentu horietan agertzen diren irizipideen eta proposamenen bateraketa da.

102. artikulua.- Lurzoru urbanizaezineko antolamendu-kategoriak, eta hirigintza-antolamenduari gainjarritako baldintzatzaileak:

Dokumentazio grafikoko 3. multzoko planoetan —udalerriko lurzoruen erabilerak banatzerakoan— lurzoru urbanizaezineko antolamendu-kategorien banaketa ere jasotzen da.

Horretaz gain, Lurralde-Antolamenduaren Gidalerroek (DOT-ek) Gainjarritako Baldintzatzaile batzuk ere zehazten dituzte antolamenduko kategorien gainetik ezartzeko; eta antolamendu-kategoria horietan jarduera jakin batzuk nola garatu daitezkeen mugatu dezakete baldintzek, kasu bakoitzean dagoen arrisku-motaren arabera.

Plan Orokorrean jaso diren Gainjarritako Baldintzatzaileak EKOS Estudios Ambientales S.L.-ek proposatutakoak dira, enpresa horrek idatzi duen eta Plan Orokorraren parte den Ingurumen-Inpaktuaren Ebaluazio Bateratuaren Azterketan jasotakoak, alegia. Lurzoru urbanizaezinerako Antolamendu-Kategoria gisa, honakoak hartzen dira:

  • Babes Bereziko lurzoru urbanizaezina.

  • Ingurumen Hobekuntzarako lurzoru urbanizaezina.

  • Baso-kategoriako lurzoru urbanizaezina.

  • Nekazaritza, Abeltzaintza eta Landazabaleko lurzoru urbanizaezina.

  • Mendi-larreen kategoriako lurzoru urbanizaezina.

  • Erabilera zehatzeko helbururik gabeko lurzoru urbanizaezina.

  • Lur gaineko Urak Babesteko lurzoru urbanizaezina.

  • Sistema Orokorretarako atxikitako lurzoru urbanizaezina.

Gainjarritako Baldintzatzaile gisa, Plan Orokorrak honakoak jasotzen ditu:

  • Kutsadura-arriskua duten akuiferoen eremuak.

  • Eremu higagarriak edo higatzeko arriskua dutenak.

  • Interes naturalistikoko eremuak.

  • Loturako korridore ekologikoa.

  • Uholde-arriskua duten eremuak.

  • Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak.

  • Zarata-eremuak.

Plan honen dokumentazio grafikoan, gutxi gorabeherako zehaztapenaz, lurzoru urbanizaezineko antolamendu-kategoriak mugarritu dira, Sistema Orokorrei atxikitako babes-guneak barne.

Gainjarritako Baldintzatzaileen eremuak ere jaso dira.

Uholde-arriskua duten eremuei buruz jasotakoa, berriz, hemendik hartu da: EAEko ERKIDEGOAREN BARRUKO HERRIETAN UHOLDEAK IZATEKO ARRISKUEI BURUZKO AZTERKETA. Azterketa hori Eusko Jaurlaritzako Lurralde-Antolamendu eta Ingurumen Sailaren aginduz, CINSA-k idatzi zuen 2002ko azaroan.

Zarata-eremuak zehazteko, Bergarako Udalak ACC – Centro de Acústica Aplicada S.L. enpresari agindu zion horri zegokion azterketa idatz zezan. Orain arte datuak jasotzeko egin diren lanekin, zaratei buruzko hasierako diagnostiko bat egin ahal izan da, eta horren araberako ondorioak zein gomendioak jaso dira dokumentu honetan.

Hurrengo kapituluetan zehaztuko dira lurzoru-kategoria bakoitzean aplikatu beharreko araudiak.

Hirigintza