123. artikulua.- Hirigintza-Antolamenduaren gainetik jarritako baldintzatzaileak. Irizpide orokorrak eta sistematizazioa:

Gainjarritako Baldintzatzaileak antolamenduko kategorien gainetik ezartzen dira, eta antolamendu-kategorietan jarduera jakin batzuk garatu daitezkeen modua mugatu ahal izango dute, kasu bakoitzean duten arrisku-motaren arabera.

Baldintzatzaile hauek, jatorriz, udaleko hirigintza-planeamenduak baino arau-maila handiagoa duten araudietatik eta xedapenetatik datoz; hala ere, batzuetan, udal planeamendutik beretik ere erator daitezke.

Aurretik esan den bezala, batez ere dokumentazio grafikoko 3. multzoko planoetan azaltzen dira. Hala ere, kontuan hartu behar da eremuen mugaketaren definizioa ez dela oso zehatza; izan ere, datu gehienak oso zehaztasun urriko dokumentuetatik eta planoetatik atera dira. Horregatik, baliteke eremu horiek definitzeko orban-esparruak ez etortzea bat zehatz-mehatz benetako lurraldearekin.

Planoetan, Gainjarritako Baldintza-mota hauek azaltzen dira:

  • Kutsadura-arriskua duten akuiferoen eremuak.

  • Eremu higagarriak edo higatzeko arriskua dutenak.

  • Interes naturalistikoko eremuak.

  • Loturako korridore ekologikoa.

  • Uholde-arriskua duten eremuak.

  • Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak.

  • Zarata-eremuak.

Ondoren zehazten dira aipatutako baldintzatzaile bakoitzari aplikatu behar zaion araudia.

124. artikulua.- Kutsadura-arriskua duten akuiferoen eremuetan aplikatu beharreko araudia.

EAEn kutsadura-arriskua duten akuiferoen maparako erabili diren irizpideen arabera, Bergarako udalerrian ez da aurkitu kutsatzeko arrisku-maila altua edo oso altua duten lurrazpiko akuiferoak betetzeko eremurik. “Pol-Pol” izenez ezagutzen den ur-hartunea (Pol-Pol, Elosu 1 eta Elosu 2) —Urkuluko urtegitik datorren uraz gain, ur gehiago behar den aldietan udalerria hornitzeko erabiltzen dena— Erroitz, Egialdapa eta Egieder errekatxoen lur gaineko uren bitartez egiten da.

Hartune horien betetze-eremuak ez du babes-gunerik, baina Plan Orokorraren dokumentazio grafikoan mugarritzen da. Eremuaren barruan, ingurumen-kontserbaziorako eta -babeserako jarduerak baino ez dira onartuko.

125. artikulua.- Eremu Higagarrietan edo Higatzeko Arriskua duten eremuetan aplikatu beharreko araudia.

Eremu hauek dituzten ezaugarri litologikoengatik eta erliebekoengatik, fenomeno higatzaileak agertzeko joera handia dute. Irizpide orokor moduan, bertan dagoen zuhaitz- eta zuhaixka-estalkia mantendu egingo da, edo bestela, estaldura begetala eskasa bada, zuhaitzak eta zuhaixkak sartu eta zabaldu egingo dira, fenomeno higatzaileen aurkako funtsezko babes-neurri gisa.

Lurzoruaren egonkortasunari kalte egiten dioten jarduerak ezingo dira garatu, eta beharrezko nekazaritza- edo basogintza-jarduerak kontu handiz gauzatuko dira eremu hauetan.

126. artikulua.- Interes naturalistikoko eremuetan aplikatu beharreko araudia. Korridore ekologikoa.

EAEko Korridore Ekologikoen Sareari buruzko 3.3.2 atalean, Urkiolaren eta Aizkorri-Aratz mendilerroaren arteko loturako korridore ekologikoari buruzko informazioa agertzen da. Debagoieneko Lurraldearen Zatiko Planean ere jaso da. Dokumentazio grafikoan Bergarako udalerriari dagokion eremua mugarritu da.

Ziurtatu egin beharko da, alde batetik, ardatz honen funtzionaltasun ekologikoa, eta beste alde batetik, Urkiola-Aizkorri-Izarraitz muin-guneen artean lurralde-iragazkortasuna dagoela.

Horretarako, inguru horretan dagoen bertako landaredia ugaltzeko neurriak aplikatu beharko dira.

127. artikulua.- Uholde-Arriskua duten eremuetan aplikatu beharreko araudia

Uholde-arriskua duten eremuei buruz Plan Orokorraren dokumentuan jasotzen den informazioa hemendik hartu da: EAEko ERKIDEGOAREN BARRUKO HERRIETAN UHOLDEAK IZATEKO ARRISKUEI BURUZKO AZTERKETA. Azterketa hori, Eusko Jaurlaritzako Lurralde-Antolamendu eta Ingurumen Sailaren aginduz, CINSA-k idatzi zuen 2002ko azaroan.

Kontuan hartu behar da, alabaina, aipatutako dokumentua idatzi ondoren egin diren jarduketen eraginez, gune garatu zehatz batzuen egoera aldatu egin dela uholde-arriskuari dagokionez. Hona hemen gune horiek:

  • A-44 area garatu da. Soraluce S.Coop. eta beste industria batzuk betetzen dute area hau, eta bertan Barne Erreformarako Plan Berezia eta Urbanizazio-Proiektua onartu dira. Urbanizazioa guztiz burututa dago, Deba ibaiaren gaineko zubi berria barne. Bideratutako jarduketen eraginez, erreferentziako azterketak jasotzen dituen eremu urperagarrien mugak aldatu egin dira.

     

  • A-43 area garatu da. Lehen Hijos de Arturo Narvaiza industriak betetzen zituen lursail hauek, eta bertan Xehetasun-Azterketa eta Urbanizazio-Proiektua onartu dira. Uren Zuzendariak urbanizazio-lanak burutzeko baimena eman zuenean, 2007/09/24ko ebazpenaren bidez, Baldintza Partikularren artean honakoa jaso zuen: “Ertzean dauden pabiloi eta azpiegitura guztiak eraitsiko dira, eta baita Mekolalde zubiaren eskuinaldeko zubi-branka osoa ere. Gainera, profila berrituz, forma borobilak emanez eta bertako espezieak landatuz, urbazterraren berezko egoera berreskuratuko da.”

  • Industria zaharraren pabiloiak eraitsita daude, eta urbanizazioa ia guztiz burututa dago; Mekolaldeko zubi zaharra botatzea baino ez da falta. Zubiaren ordez, oinezkoentzako pasabide bat egingo da, ibilguan inongo berme-elementurik jarri gabe. Gune honetara sartzeko zubi berria bukatuta baldin badago ere, oraindik ez dago martxan erabiltzaile guztientzat; izan ere, GI-627 errepidetik zubi berrira sartzeko lanak oraindik egin gabe daude. Obra horiek Foru Aldundiko Errepideetarako Departamentuak eta Bergarako Udalak sinatuko duten hitzarmenaren ondorioz burutuko dira; hitzarmen horretan jasotzen baitira obren exekuzio- eta finantzazio-baldintzak. Gaur egun, lotuneen proiektua bukatzea baino ez da falta, hitzarmena sinatu ahal izateko. Behin lotune horiek bukatutakoan, zubi zaharra bota eta, horren ordez, proiektatutako oinezkoentzako pasabidea egingo da. Aipatutako jarduketa horiek guztiek, horrenbestez, dezente aldatu dituzte 2002ko azaroko Urperagarritasun-Azterketak jasotako eremu urperagarrien mugak.

  • Jarduketa horiek aldatu dute, era berean, ibaian gora alboan dagoen eremuko gune urperagarrien mugapena, hau da, Plan Orokorreko S-5 sektorekoena.

  • S-5 sektorerako 2008ko abuztuan idatzitako Deba ibaiaren Azterketa Hidraulikoak aldameneko A-43 arearako onartu zen Azterketa Hidraulikoko 41 profila hartzen du abiapuntu, eta bertan ur-mailaren igoerako kota 127,68an finkatuta dago. Azterketa horretan, eraiki berri den zubia ere kontuan hartu da, bai sektorera, bai A-43 eta A-54 areetara, bai eraikita eta martxan dagoen araztegi berrira ere joateko sarbidea izango den zubia, alegia. Zubi berriaren egitura bao bakarrekoa da, eta taulak 2,60 metroko sestra du, T-500 urteko uholde-mailatik hasita gora.

  • Oraindik orain, 2008ko maiatzean, Ur Agentziak San Lorentzo poligonoaren aldean (A-40b arean) urperagarritasun-azterketa bat egin berri du. Eta horretatik ondorioztatu daitekeenez, hainbat gunek uholde-arriskua dute 10-100 eta 100-500 birgertatze-aldietarako. Egoera horren eragilea, azterketaren arabera, zubi baten egitura eta diseinua da; zehazki, Deba ibaiaren gainean, areatik iparralderago kokatzen den eta GI-2632 errepideari dagokion zubia da. Zubiaren eragina ez da bakarrik A-40 areara mugatzen, ibaian gora ere zabaltzen da Agorrosineko kirol-guneetara eta Matxiategi poligonoko aldera. Foru Aldundiaren eskumena izango da zubia kendu eta berria jartzea, guneek duten uholde-arriskuaren arazoei irtenbidea emateko neurri eta diseinu egokiko zubia eginez.

  • Plan Orokorrean, A-18 area garatzeko Hirigintza-Fitxan jasotzen denez, erreferentziako kota gisa +149,60 jasotzen da; hori ezarri baitzuen Lurralde-Antolamendurako Batzordeak hartu zuen erabakian, 2. puntuan, Ur Agentziaren txostenari buruz diharduenean.

  • Plan Orokorrean bertan ezartzen da, ibai eta erreken ibilguen ondoan dauden eremuen Hirigintza-Fitxetan hain zuzen, dagozkien Urperagarritasun-Azterketak derrigorrez idatzi beharko direla, aurreikusitako garapenak justifikatzeko.

  • Lurzoru urbanizaezinean, eta informazio zehatzagorik ezean, honako dokumentu hau hartuko da erreferentzia gisa: EAEko Erkidegoaren Barruko Herrietan Uholdeak Izateko Arriskuei Buruzko Azterketa, CINSA-k 2002ko azaroan idatzitakoa.

     

128. artikulua.- Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruetako eremuetan aplikatu beharreko araudia

“Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen” baldintzatzailea arautzeko, lurzoru horiek berreskuratu eta onbideratzeko asmoz, indarrean dagoen lege honetan ezarritakoari jarraitu beharko zaio: 2005eko otsailaren 4ko 1/2005 Legea, Lurzorua ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzekoa.

Plan Orokorraren barruan, dokumentazio grafikoan, EAEko LURZORUAN KUTSAGARRIAK IZAN DAITEZKEEN JARDUEREN KOKAPENEN INBENTARIOA jaso da, 1998ko urrikoa.

129. artikulua.- Zarata-eremuetan aplikatu beharreko araudia

“Zarata-eremuak” erregulatzeko eta tratatzeko araubidea indarrean dauden lege-xedapenetan ezarritakoa da.

Bergarako udalak Zaraten Kudeaketa-Plan bat idaztea agindu zion AAC – Centro de Acústica Aplicada S.L. enpresari.

Orain arte, datuak jasotzeko fasean eta zaraten diagnostikoa idaztean egin da aurrera.

Bertan, zaratak ebaluatzeko irizpideak zehaztu dira.

Horretarako, zarata-sentsibilitatearen araberako gune-banaketa egin da, eta erreferentziako maila batzuk zehaztu dira. Hona, taula honetan, laburbilduta:

 

Guneak

Gaueko erreferentzia-maila dB (A)-tan *

Errepideak

Kaleak

Industria

Gehien bat bizitegi-erabilera duten lurralde-eremuak

50

53

45

Etorkizunean gehien bat bizitegi-erabilera izango duten lurralde-eremuak

45

48

40

Gehien bat industria-erabilera duten lurralde-eremuak

60

63

55

Etorkizunean gehien bat industria-erabilera izango duten lurralde-eremuak

55

58

50

Zarata-kutsaduraren aurka babes berezia behar duten espazio naturalak

45

48

40

* Eragindako zaratak eraikinetako fatxadetan duen inmisio-maila, zarata intzidentea.

Egun guztirako bada, zehaztutako kalitate-irizpideak 10 dB(A) igo behar dira, gaueko erreferentzia-balioarekiko.

Eremutako gune-banaketaz gain, beste sailkapen bat ezartzen da eraikin-moten arabera eta eraikinetarako ezartzen diren erreferentzia-mailen arabera. Hona hemen, taula honetan, zehaztuta:

Eraikinak

den/gaueko erreferentzia-maila dB (A)-tan

Errepideak

Kaleak

Industria

Iraskaskuntza eta kulturakoak

55/55

58/58

50/50

Administraziokoak eta kirolekoak

63/-

66/-

58/-

Sanitarioak eta Egoitzak

60/50

63/63

55/45

 

Eraikin sanitarioen eta egoitzen kasuan, hiri-bizitegiko erabilera duten eraikinetarako ezarri den erreferentzia-maila bera mantendu da.

Irakaskuntza eta kulturako eraikinei, berriz, gau aldean +5 dB(A)-ko faktore zuzentzailea aplikatu zaie, hiri-bizitegiko erabileradun eraikinekin alderatuta; izan ere, irakaskuntza eta kulturakoek zaraten aurrean gauez eragozpen gutxiago dute. Egun osorako, berriz, mantendu egin zaie gauerako ezarritako maila bera, eta, beraz, bizitegi-erabilerarakoa baino 5 dB(A) zorrotzagoa da.

Administrazio- eta kirol-eraikinen kasuan, bestetik, ulertzen da zarata-sentsibilitatea txikiagoa izango dela, bizitegi-erabileran baino.

Plan Orokorrarren dokumentazio grafikoan, 4.7 eta 4.8 planoetan, honakoak jasotzen dira: 4.7 planoan, kaleen eta errepideen zarata-potentzia egun osoan (Lw den dB(A)-n) eta gau aldean (Lw gaua dB(A)-n); eta 4.8 planoan, neurketa-puntuak eta industria-guneak egunez eta gauez.

Honako kale hauetan aurreikusten da, dagoeneko, eragindako zaratek gertuko etxebizitzetan helburuko maila horiek gaindituko dituztela:

Amillaga, Ibarra, Ibargarai, E. Urdangarin eta Urteagako biribilgunea.

Honako kale hauek, berriz, mugan daude eta helburuko mailak gainditzeko arrisku handia dute:

Ozaeta, Aranerreka, Arruriaga, Artekalea, Barrenkalea, Bidekurutzeta, Egino Mallea plaza, Espoloia, Leizariagako San Lorentzo, Matxiategi, Masterreka, Zubieta eta Mugertza.

Industriek eragin dezaketen zarata-inpaktuari buruz, idatzitako zaraten diagnostikoak honakoak aipatzen ditu: Arcelor industriak egun osoan Ibarra kalean; eta Soraluce industriak gauez Urarte kaleko etxebizitzetan.

Etorkizunean garatzeko dauden guneek eragingo duten inpaktua aurreikusteko asmoz, diagnostikoak berak honakoak aipatzen ditu zarata-ondorio larrienekotzat: Abiadura Handiko Trenbidea (AHT); Aretxabaleta-Bergara tranbia; eta udalerrirako aurreikusten diren mugikortasun-aldaketak, zehazki —gertuko etxebizitzetan helburuko zarata-mailak gaindi ditzaketen eragiletzat— GI-627 errepidea eta Ibargarai kalea aipatzen dira.

Aipatutako helburu-mailak gainditzeko arriskua aurreikusten zaien area eta sektoreetan, Hirigintza-Fitxetan agintzen den moduan, berariazko zarata-azterketak egin beharko dira derrigorrez, eta horietan eraginak ekiditeko hartu behar diren neurriak zehaztuko dira.