146. artikulua.- Helburua eta definizioak

Kapitulu honetan, eguzki-energia hartzeko sistemak —foto-boltaikoak zein termikoak— ezartzerakoan hirigintzako ikuspuntutik bete behar den araudia jasotzen da. Baina, hau guztia, aplikatu beharreko arloko legediari kalterik egin gabe.

Sistemen eta horien osagarrien definizioa arloko legediak jasotzen duena da (Energia Aurrezteko Oinarrizko Dokumentua —DB-HE— eta Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamendua —EITE/ RITE—).

Eta horietan ez dauden terminoentzat, AENOR-eko arauetan bereziki jasotzen diren definizioak hartuko dira kontuan, hau da, Espainiako Normalizazio-Erakundeko (AENOR-eko) Batzorde Teknikoek egindako definizioak.

147. artikulua.- Jardueraren sailkapena, ezarritako potentziaren arabera:

Tramitazio administratiboaren ondorioetarako, jarriko den jarduera ezarritako potentziaren arabera sailkatuko da:

Jarduera kaltegabea:

Puntu honen barruan dauden eguzki-energia hartzeko sistemek honako potentzia dute ezarrita: eguzki-instalazio foto-boltaikoen kasuan, 5 KW-tik behera; eta eguzki-instalazio termikoen kasuan, 70 kW-tik behera.

Jarduera salbuetsia:

Puntu honen barruan dauden eguzki-energia hartzeko sistemek honako potentzia dute ezarrita: eguzki-instalazio foto-boltaikoen kasuan, 5 KW-tik gora; eta eguzki-instalazio termikoen kasuan, 70 kW edo hortik gora; baina kasu bietan, 100 kW baino gutxiago.

Jaduera sailkatua:

Puntu honen barruan daude 100 kW-tik gorako potentzia ezarrita duten eguzki-energia hartzeko sistemak.

148. artikulua.- Jarduera jartzeko baldintza orokorrak:

a)Bizitegiko eraikinetan jartzeko baldintzak:

Bizitegi-eraikin berrietan derrigorrez bete beharko da eguzki-atzitzaile termikoen zein fotoboltaikoen ezarpenari buruz indarrean dauden arloko araudiek xedatutakoa.

Lehendik dauden bizitegi-eraikinetan eguzki-atzitzaile termikoak zein fotoboltaikoak jartzeko baimena eman ahal izango da baldin eta eraikin bereko auzokideek aprobetxatzeko bada soil-soilik, eta ez kanpora saltzeko.

Derrigorrez, eraikinaren etxebizitza guztiek erabili ahal izateko jarriko dira edo, eraikinak atari bat baino gehiago baditu, behinik behin atari oso bateko etxebizitzetarako. Horrenbestez, ezingo da onartu eraikin edo atari bateko etxebizitza baterako edo batzuetarako baino ez den instalazio bakarturik.

Sistema atzitzaileak eraikinetako estalkian edo fatxadan jarriko dira; baina transformadoreak, metagailuak eta, horrela badagokio, beharrezko beste instalazio osagarriak, derrigorrez, eraikin barruan jarri beharko dira.

Berariaz debekatuta gelditzen da edozein hodi- edo kanalizazio-mota fatxadetatik agerian eramatea, nahiz eraikin berrietan, nahiz lehendik daudenetan; salbuespen bakarra izango da proiektuan eraikuntza-irtenbide zehatz-zehatza jasotzen bada eta horrekin eraikinaren estetikan era egokian integratuta gelditzen dela bermatzen bada.

Hirigune Historikoko eremuan, Babes- eta Zaintza-Plan Bereziak zehaztuko ditu instalazioen baldintzak.

Hiri-lurzoru eta lurzoru urbanizagarri gisa sailkatutako bizitegiko lurzoruetan, debekatuta gelditzen da eguzki-atzitzaileak lur gainean jartzea, lursaila pribatua izanda ere.

b)Dotazio-ekipamendu publikorako zein pribaturako eraikinetan jartzeko baldintzak:

Hiri-lurzoru nahiz lurzoru urbanizagarri gisa sailkatutako lurzoruetan, bertan dauden dotazio-ekipamendu publikoetarako zein pribatuetarako eraikinetan, bizitegi-eraikinetarako ezarri diren baldintza orokor berberak aplikatuko dira.

c)Hirugarren sektoreko erabilera duten eraikinetan eta partzeletan jartzeko baldintzak:

Jarduera ekonomikoetarako eremuetan dauden partzeletan eta eraikinetan, eguzki-atzitzaile termikoen zein fotoboltaikoen ezarpenari buruz indarrean dauden arloko araudiek xedatutakoa bete beharko da.

Sistema atzitzaileak jarduerako eraikinetako estalkian edo fatxadan jarriko dira, ahal dela.

Lur gainean ere jarri ahal izango dira, baina betiere partzela pribatuaren barruan, inoiz ere ez lurzoru publikoetan.

d)Lurzoru urbanizaezinean jartzeko baldintzak:

Lurzoru urbanizaezinean eguzki atzitzaile termikoen zein fotoboltaikoen instalazioak jarri ahal izango dira, baina betiere, kasu guztietan, nekazaritza-ustiapen bat osatzen duten eraikinei lotuta edo plangintzak finkatu dituen bizitegi-eraikinei lotuta.

Sistema atzitzaileak baserria edo nekazaritza-ustiapena osatzen duten eraikinetako estalkietan jarriko dira beti; baina transformadoreak, metagailuak eta behar diren gainontzeko instalazio osagarriak, derrigorrez, eraikinen barruan jarri beharko dira.

Berariaz debekatuta gelditzen da edozein hodi- edo kanalizazio-mota fatxadetatik agerian eramatea.

Dauden eraikinetan ezartzea guztiz ezinezkoa suertatzen den kasu berezietan, eraikinei lotutako eraikuntza-elementuetan jarri ahal izango dira eta, salbuespeneko kasuetan, baita lur gainean bertan ere.

Debekatuta gelditzen da eguzki-atzitzaileak lur gainean jartzea eta "eguzki-baratzak" deitutako horiek sortzea, edonolakoa izanda ere horien azalera.

149. artikulua.- Eraikinetan eguzki-atzitzaileen sistemak jartzeko diseinu-baldintzak:

Eraikin berrietan nahiz lehendik dauden eraikinetan eguzki atzitzaile termikoen eta fotoboltaikoen sistemak jartzeko, proiektuetan aurkeztu beharko diren soluzioak bat etorriko dira harmonikoki inguruko multzoarekin —lehendik dagoenarekin zein aurreikusten diren berriekin—.

Berariaz debekatuta gelditzen da edozein hodi- edo kanalizazio-mota fatxadetatik agerian eramatea; salbuespen bakarra izango da proiektuan, eraikuntza-irtenbide zehatz-zehatz baten bitartez, eraikinaren estetikan era egokian integratuta geldituko dela bermatzen bada.

Transformadoreak, metagailuak eta gainontzeko instalazio osagarriak, derrigorrez, eraikinaren barruan jarri beharko dira.

Sistema atzitzaileak jartzeko, eraikinek izango duten erabileraren arabera, honako baldintzak bete beharko dira:

a)Bizitegiko eta dotazioko eraikinak, hiri-lurzoruan edo lurzoru urbanizagarrian:

Estalkian edo fatxadan jarri ahal izango dira.

Instalazioak estalki lauetan:

Honako baldintzak errespetatu beharko dituzte:

  • Ezingo da gainditu 2,00 metroko altuera, estalkiaren goialdetik gora.

  • Gutxienez 0,50 metroko atzera-tartea errespetatu beharko du, fatxada-planoak eta azken solairuko forjatuaren ertzak bat egiten duten lerroaren puntutik hasita.

  • Lerro inguratzaile honen barruan kokatu beharko da: estalki lauaren ertzeko lerrotik hasita, estalkiaren plano horizontalarekin 35º-ko angelua eratzen duen planoak zehazten duen lerro inguratzailearen barruan, hain zuzen.

Instalazioak estalki maldatsuetan:

Honako baldintzak errespetatu beharko dituzte:

  • Estalkiko isurkietako malda berean jarriko dira, eta estalkiaren planotik gora gehienez 20 cm irtenda.

  • Bata bestearen ondoan jarri beharko dira, isurki bakoitzean elementu laukizuzen bakar bat eratuz, eta horren aldeetatik bat eraikinaren gailurrarekin paralelo joan beharko da.

Instalazioak fatxadetan:

Proiektatutako eraikin berrietan onartu ahal izango da betiere ematen den soluzioa fatxada-multzoan integratzen bada.

Lehendik dauden eraikinetan, fatxada guztiak osorik birgaitzeko jarduketetan baino ez da onartuko; inoiz ez elementu batzuetan bakarka jarduteko.

b)Nekazaritza-ustiapenak osatzen dituzten eraikinak eta gainontzeko etxebizitza-eraikinak, lurzoru urbanizaezinean:

Lurzoru urbanizaezinean eraikitzeko ordenantzek ezartzen dutenez, proiektatuko diren eraikin berrietan derrigorrez estalki maldatsuak erabili behar dira, bai etxebizitza-erabilerakoetan, bai abeletxeetan eta erantsitako eraikinetan. Horrenbestez, aurreko puntuan bizitegi-eraikinetako estalki maldatsuei buruz xedatutakoa errespetatu beharko da.

c) Jarduera ekonomikoetarako eraikinak eta partzelak: Eraikinetako instalazioek, orokorrean, bizitegiko eta dotazioko eraikinetarako ezarri diren baldintzak errespetatu beharko dituzte, baina zehaztasun honekin: atzitzaileek ez dute errespetatu beharko derrigorrez estalkiaren planoarekiko paralelismoa eta, beraz, estalki maldatsuetan beste soluzio batzuk ere jarri ahal izango dira.

Partzela industrialetan, eguzki-atzitzaile fotoboltaikoen eta termikoen sistemak lur gainean ere jarri ahal izango dira, honako baldintzak betez gero:

  • Instalazio guztiak inguruko perimetroko hesiaz mugatutako partzeletan jarri beharko dira.

  • Plaketako kanpoaldeko lerro inguratzaileak partzelaren mugekiko errespetatu beharko dituen tarteak plangintza orokorrean nahiz partzialean eraikinetarako ezartzen diren tarte berberak izango dira. Ezarrita ez balego, gutxienez 2,00 metroko tartea errespetatu beharko da partzelaren muga guztiekiko.

  • Atzitzaileen altuerak ezingo du gainditu 3,00 metrotik gorako altuera, lurraren planoarekiko.

Hirigintza