Plan Orokor honetan jarduera ekonomikoetarako lurzorua zenbakitan zehazteko orduan, nahitaez kontuan hartu beharrekoa da Debagoieneko Eremu Funtzionalerako Lurraldearen Zatiko Plana (aurrerantzean LZP plana). Eta LZP plan horren arabera, Ekonomia-Jardueretarako Lurzoru Publikoa eta Merkataritza-Ekipamenduak Sortzeko Lurraldearen Arloko Planak ezarritako irizpideak eta zehaztapenak onartzeko modukoak dira.

Hona hemen, Bergarako udalerriari dagokionez, jarduera ekonomikoko kalifikazioa duen lurzoruaren taula (lurzoru okupatua, librea, proposatua eta guztia):

  OKUPATUA LIBREA PROPOSATUA GUZTIRA
BERGARA 129,18 Ha. 5,25 Ha. 75,00 Ha. 209,43 Ha.

LZP planaren arabera, Bergaran lehentasuneko jarduketa-proposamenak hauek dira: Elkoromuño-Ipiñarrikoa, eta San Juan aldea handitzearena. Indarreko Arau Subsidiarioetako jarduera ekonomikoetarako lurzoruari sakon eragiten dioten beste bi proposamen zehatz ere jasotzen ditu: bata, Elorregin geltoki intermodala eta harrera-zentroa jartzeko proposamena; eta bestea, Mekolalden, GI-627 Korridorea deitzen duena hiri-garapenik gabeko espazio-erreserba gisa gordetzeko proposamena. Ondoren, proposamen biak xehetasunez aztertuko ditugu.

Elorregiko Geltoki Intermodala eta Harrera-Zentroa:

LZP dokumentuan bertan proposatzen da Elorregi-San Prudentzio eremua birkalifikatzea, Eremu Funtzionalerako Elorregiko Elkargunea deitzen duen erdigune estrategiko eta direkzionala izateko, gaur egun Tavex-Algodonera San Antonio S.A. merkataritza-sozietateak hartzen dituen lurretan. Inguru hau Harrera- eta Informazio-Zentro eta Geltoki Intermodal bilakatzea proposatzen da: Harrera- eta Informazio-Zentroa, Eremu Funtzionaleko jarduera guztiekin eta zerbitzuekin lotuta (ostalaritza, bertako produktuen merkataritza); eta Geltoki Intermodala, berriz, tranbia zein autobus zein ibilgailu pribatuetarako.

Elorregi aldea komunikazioarekin eta garraioarekin lotu eta aukeratu izanaren arrazoiak, LZP planaren arabera, bi proposamen zehatz hauek dira: alde batetik, Elkoromuñoko lursailetan garraiorako zerbitzugunea sortzeko asmoa; eta bestetik, tranbiaren eta autobusen kotxetegiak Epele edota Elkoromuño aldean kokatzeko asmoa. Hala ere, Eurko Jaurlaritzako garraio-arduradunek bertan behera utzi bide dute Elkoromuñoko lurretan errepideko garraiorako zerbitzugunea jartzeko aukera; izan ere, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Garraio-Sare Intermodal eta Logistikorako Lurraldearen Arloko Planak ez du jasotzen Elorregin logistika-eremuren bat egokitzeari buruzko inongo aipamenik eta, are gehiago, Deba bailarari eta Arabako Lautadari zerbitzua emateko Araba Erdialdea-Deba izeneko eremua proposatzen du. EAEko Trenbide-Sareko Lurraldearen Arloko Planaren hasierako onarpena duen Aldaketa-dokumentuak ere ez du egiten geltoki intermodalik ezartzeari buruzko inongo aipamenik TRENBIDE-SAREKO PROPOSAMENean, Debako eremuari buruzko 8.4.6 puntuan, Oñati alderako luzapenaren deskribapenean.

Plan Orokorrean, gune honetan kokatzen den industria finkatuta mantentzea erabaki da. Aurrerago berriz azalduko bada ere (Memoria honetako 8. Kapituluan —PLAN OROKORRA ARRASATE-BERGARAKO (DEBAGOIENEKO) LURRALDEAREN ZATIKO PLANERA EGOKITU BEHARRA—, LURRALDE-EREDUAREN AZPIEGITURAK puntuan), hona hemen erabaki horren zergatia: alde batetik, lursail hauek indarreko Arau Subsidiarioetan industriarako hiri-lurzoru gisa daude sailkatuta, oso-osorik industria-jarduera bakar batek betetzen ditu (Tavex-Algodonera S.A. merkataritza-sozietateak, alegia), eta enpresa hori gaur egun bete-betean dabil lanean; eta bestetik, LZP planak proposatzen dituen jarduketak ez daude garbi zehaztuta, ez kudeaketari buruz, ezta burutzeko epealdiari buruz ere.

Mekolaldeko hiri-garapenik gabeko eremua (GI-627 Korridorea):

Behin betiko onartutako LZP planak duen beste proposamen baten bidez, Mekolalde ingurua honako lurzoru-kategorian sartzen du: HIRI-GARAPENIK GABEKO ESPARRUAK, Beste espazio-erreserba modalitatean. Bertako definizioari jarraituz: “Erreserbatutako beste espazio batzuk: etorkizuneko garapenetarako erreserbatutako lurrak dira, eta Plan honek ez du horietarako kalifikazio berezirik definitzen.” Mekolaldeko esparru hori lur-zerrenda bat da, Deba ibaiarekiko paralelo doana, Lazpiur S.A. industriaren pabiloiak bukatzen direnetik hasita, Soraluce Koop. industriak 1996an (indarreko Planeamenduko Arau Subsidiarioak onartu aurretik) Osintxu auzoan zituen pabiloietaraino.

LZP planak ez du jaso mugarritzen duen esparruaren errealitate fisikoa ezta juridikoa ere. Indarreko Arau Subsidiarioetan, bertako lursailetatik askok hiri-lurzoruko sailkapena eta industria-kalifikazioa dute, hala nola, A-43 eta A-44 areetan gertatzen den bezala; area horiek, gaur egun, eraikuntzak ia zeharo beteta dauzka. Eta ez du jaso, ezta ere, eskualde-mailan egin diren azpiegitura-lan garrantzitsuak, hala nola, Mekolaldeko ur-araztegi berria, Deba ibaiaren gaineko zubi berria, eta horiek biak lotzeko bidea eraiki izana.

Udalak izan du, baina, honako kezka: inguru honetan ezarri beharreko jarduerak balio erantsi handiagoko industria-jarduerak izatea; gerora, LZP planak —industria-kokapen berriak sortzeko irizpideak zehazterakoan— deitu dituen moduan esanda.

Mekolalde aldean gaur egun dauden industria-jarduera batzuk aitzindaritzat har daitezke Europan zein munduan; hala nola, Soraluce Koop. taldea gaur egun makina-erreminta aurreratuenak eta handienetakoak egiten dituztenen artean dago. Bertan kokatu da, halaber, Danobat kooperatibaren Danobat Sistemas atala ere. Enpresa berri honek trenetarako osagarriak fabrikatzeko linea handiak fabrikatu eta montatzen ditu, eta horretarako mundu osoan orain arte erabiltzen ez ziren neurriak eta teknokogia lortu dituzte; izan ere, horrela azaltzen da eraikitzeko baimen-eskariarekin batera Udalean aurkeztu zuten txostenean. Bi enpresa horiek, Tornillería Deba S.A.L. merkataritza-sozietatearekin batera (berrikuntzarako garapen berria dakarren enpresa), indarreko Arau Subsidiarioetako A-43 eta A-44 hiri-areetan kokatzen dira. LZP planean Mekolalde izena duen eremuaren beste muturrean, Lazpiur S.A. merkataritza-sozietatea dago. Enpresa hau industriarako osagarriak egiten ditu, eta bere alorrean punta-puntakoa eta ospetsua da mundu osoan. Lazpiurrek berak ia guztiz betetzen du Plan Orokor berriaren A-54 area-eremua. Aipatutako lau enpresa horiek etengabeko berrikuntzan dabiltza, I+G+B-rako (Ikerketa+Garapena+Berrikuntza) oso lantalde garrantzitsuak dituzte; garrantzitsuak, bai euren emaitzengatik, bai instalazioetan horretarako erabiltzen duten azalera handiarengatik.

Eremu hau zeharo betetzeko, Plan Orokorrak honakoak proposatzen ditu: alde batetik, bi industria hauek bertan kokatzea: Oerliko—Balzers S.A. —mugarritu den sektore berrian, gutxi gorabehera lurzoru guztiaren heren baten jabea da gaur egun—, eta Irialde S.L. —beste heren baten jabea—; eta bestetik, Sektore bereko hegoaldeko muturrean muga egiten duen Lazpiur S.A. industriak nahi dituen handitze-lanak egitea. Lehen aipatu dugu Lazpiur S.A. enpresak mundu osoan duen kategoria eta gaitasuna. Oerlikon-Balzers S.A. eta Irialde S.L. enpresen kasuan, berriz, bertako kokapena arrazoitzeko Udalean aurkeztu zuten txostenean diotenez, Antzuolan dituzten kokapenetan gaur egun oso mugatuta daude garatzeko orduan, eta handitze-lan berriak egin nahi dituztenez, oso erabakigarri zaie Bergaran kokatzea, Antzuolako pabiloietatik gertu dagoelako, eta langileen artean % 50 baino gehiago Bergaran bizi delako.

Oerlikon-Balzers-ek Bailnit gainestalduretan egingo du lan, mundu osoan aintzat hartzen den Balzers teknokogia aurrerakoiena erabiliz; Irialdek, ostera, Fine Blanking-aren goimailako teknologiako mekanizatze-lanak egiten ditu. Arlo horretan, Espainiako enpresa handiena da gaur egun, eta Europa- zein NAFTA-mailan erreferentziarako enpresetako bat. Parte hartu du, halaber, LHC-CERN proiektuan ("partikula-azeleragailua" izenez ezagutzen du jendeak), horretarako 6 milioi pieza txiki egin baititu karbono-altzairuaz eta altzairu herdoilgaitzaz.

Azaldu dugun guztiarekin bat etorriz, sektoreari dagokion Hirigintza-Fitxan jasota gelditu dira bertan jarduteko muga eta baldintza bereziak, horrela sektore berri hau mugarritzerakoan Plan Orokorrak agertu duen asmoa aldatu ez dadin, ez etorkizun hurbileko jarduketetan, ezta urrunagokoetan ere.

Aurrerago azalduko den moduan (Memoria honetako 8. Kapituluan —PLAN OROKORRA ARRASATE-BERGARAKO (DEBAGOIENEKO) LURRALDEAREN ZATIKO PLANERA EGOKITU BEHARRA—, KOKALEKUEN SISTEMA ETA LURRALDE-EREDUA puntuan), indarreko Arau Subsidiarioetan lursail hauek gehienek duten hiri-lurzoruko sailkapena eta industria-kalifikazioa Plan Orokorrean mantentzea erabaki da; horrenbestez, bertan dauden industriak finkatu egiten dira, eta inguru honen garapena zeharo asetzeko S-5 sektore berria sortzen da. Aurrerago azalduko den moduan, jarduteko baldintza partikular batzuk ezarri dira, inguruko ezaugarri bereziak errespetatzeko.

Beste alde batetik, EAEko Lurralde-Antolamendurako Batzordeak Plan Orokorrari buruz hartu zuen erabakian, uren alorrean honako hau ezarri zuen: S-5 sektoreak bere eremuko zati handi batean uholdeak 100 urteko aldian berriz gertatzeko arriskua du eta, horrenbestez, bertan ezin da industria-erabilerarik jarri.

Erabakia hartu aurretik, Udalak argitu zien erabaki hori 2002. urteko azaroan Cinsa enpresak Eusko Jaurlaritzarako egin zuen azterlan bateko informazioan oinarritzen zela. Horren ondoren A-43 area garatu da Deba ibaiaren ibilguan behera, S-5 sektorearen ondoan. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Uren Zuzendariak, 2007/08/24an emandako ebazpenaren bidez, A-43 areako Urbanizazio-Proiektuaren lanak burutzeko baimena eman zuen, eta ebazpenak hitzez-hitz honakoa jasotzen du: “Ertzean dauden pabilioi eta azpiegitura guztiak eraitsiko dira, eta baita Mekolalde zubiaren eskuinaldeko zubi-branka osoa ere. Gainera, profila berrituz, forma borobilak emanez eta bertako espezieak landatuz, urbazterraren berezko egoera berreskuratuko da.” Jarduketaren baitan, zubia bota eta, horren ordez, oinezkoentzako pasabide bat egingo da, ibilguan inongo euskarririk jarri gabe. Jarduketa horri esker, A-43 areako lursailen urperagarritasun-kota alde handiz gutxitzen zen, eta horrek ahalbideratu zuen dagoeneko eginda dauden urbanizazioa eta eraikuntza burutu ahal izatea. Jarduketa berberarekin, ibaian gora dauden lursailen urperagarritasun-kota ere jaitsi egin da, S-5 sektorean esate baterako.

Narbaizako zubi zaharra bota ondoren sortuko liratekeen urperagarritasun-parametroak ere kontuan hartuta, Gorostola pareko zubi berria eraiki zen. Zubi berri hori inguru honetan eraiki den Ur-Araztegira joateko sarbidea da, eta etorkizunean —GI-627 errepidetik zubi berrira sartzeko lotunea hobetu bezain pronto behintzat—, dagoeneko eginda dauden A-43 eta A-54 areetako industria-eremuetarako sarbidea ere izango da, eta baita S-5 sektore berrirako ere.

Horregatik guztiagatik, Uraren Agentziak —Udalak emandako argibideak jaso ondoren— S-5 sektorean jarduera ekonomikoak garatzeko aukera eman zuen, betiere sektoreak hartzen dituen lursailek uholde-arriskurik ez dutela justifikatzekotan.

Hirigintza