Kultur sarea (39. artikulua):

LZP planak, kultur arloko esku-hartze estrategiko gisa, Bergaran honakoa finkatzen du: Bergarako Errege-Mintegiko Zientzia-Museoa berreskuratzea. Plan Orokorrak hainbat kokapen proposatzen ditu.

Hezkuntza-sarea (40. artikulua):

Hezkuntza-proposamenen artean, LZP planak honakoa jaso du: UNED izenez ezagutzen den Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak Bergaran duen unibertsitate-zentroa finkatzea. Azken urte hauetan, Bergarako UNEDeko Patronatuak —Udala bertako partaide bat da— egin dituen gestioei esker, Errege Mintegia eratzen duten eraikuntzak eta lursail guztiak erosi berri dizkio Patronatuak Estatuari. Horrenbestez, zentroa Bergaran behin betiko finkatu ahal izango da. Azken aldi honetan, Patronatuak nahiz Udalak gestio-lanetan dihardute UNEDeko egoitza lekuz aldatzeko eta Arrizuriaga jauregira eramateko, behin betiko egoitza izan dezan eta bertan finkatu dadin.

Lanbide Heziketarako aurreikusten den Migel Altuna ikastetxe berriari buruz, S-4 izeneko sektorean ikastetxea eraikitzeko beharrezko lursailak Bergarako Udalak eskuratu zituen; eta gaur egun, Eusko Jaurlaritzak lanak noiz hasiko zain dago.

Kirol-sarea (41. artikulua):

LZP planak, esku-hartze estrategiko gisa, Bergarako pilotalekuko jarduketa proposatzen du. Hala ere, Memoria honetan azaltzen den moduan, Bergarako Udalak urteak daramatza kirol-instalazio guztiak berregituratzeko prozesuan murgilduta; eta, horren barruan, udal pilotalekuko jarduketak ez du gaur egun lehentasunezko interesik.

Administrazio-ekipamendua (42. artikulua):

LZP planak, Bergaran, udalerriz gaindiko instalazio hauek jasotzen ditu:

  • Eskualdeko Ertzainetxea: Orain duen kokapen berrian finkatzen da.
  • EAEko Artxibo Mikrofilmatua: Artxibo honetarako zentro berria Bizkaian eraikitzen ari da Eusko Jaurlaritza.
  • Eskualdeko Epaitegia: Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren iritziz, gaur egun duten tokia ez da behar bestekoa. Udalerriko beste toki batzuetan kokatzeko hainbat aukera eta proposamen aztertzen ari dira, baina gaur egun oraindik zehaztu gabe daude.
  • Jabetza-Erregistroa: Gaur egun dagoen tokian finkatzen da.

Osasun- eta Asistentzia-Ekipamendua (43. artikulua):

LZP planak ez du Bergararako inongo proposamenik jasotzen. Plan Orokorraren Memorian zehazten den moduan, Mizpirualde zaharren egoitza beste toki batera eramatea aztertzen ari da, Matxiategi auzoko lurretan kokatzea, hain zuzen ere.

Aisia, Turismo eta Merkataritzako Ekipamendua (44. artikulua):

LZP planak, aisia, turismo eta merkataritzako ekipamenduen artean, Bergaran hauxe jasotzen du: Elorregiko Harrera eta Informazioko Zentroa. Memoria honetako beste puntu batean azaldu den moduan, zentro hori jartzekotan, Tavex Algodonera S.A. industriak betetzen dituen lursailak beharko lituzke. Horretaz gain, ekipamendu hori jartzekotan, bertan geltoki intermodal bat eta inguruan garraiorako eremu logistiko bat eraikitzea ekarriko luke berarekin; eta instalazio horiek, gaur egun, zehaztu gabe daude.

LZP planaren 3 zk.ko planoan, disuasio-aparkaleku bat ere (”aparkaleku gomendatu” bat) sortzea proposatzen da. Hori ere, egitekotan, geltoki intermodalari eta garraiorako eremu logistikoari lotuta joango litzateke.

Eskualdeko espazio libreak. Atseden-eremuak (45. artikulua):

LZP planean, udalaz gaindiko zerbitzu-ahalmena izango duten eskualdeko espazio libre eta atseden-eremu gisa, Bergarako udalerriko honakoak proposatzen dira: Elorregi-San Prudentzio eremua, eta Bergara eta Antzuola arteko Gorla eremua. Elorregikoa dagoeneko aipatu dugu Memoria honetako beste puntu batzuetan. Gorlari buruz, berriz, Plan Orokorrak jasota ditu eremuak izan dezakeen mugapena eta bertan aplikatu beharreko araubidea.

Bestetik, bidegorrien eta oinezkoentzako zirkuituen ibilbide bigunak planteatzeko orduan, Plan Orokorrak proposamen zehatz batzuk jaso ditu lehendik dauden sareak nahiz aukera berriak hobetzeko.

Natura-intereseko eremuekin lotzen diren espazio libreak (46. artikulua):

LZP planak, herritarren aisialdiarekin lotzen den natura-intereseko espazio libre gisa, Bergararako honakoa proposatzen du: Karakate-Irukurutzeta-Agarreburu eremua. Plan Orokorrak, eremu hori jasotzeaz gain, bere erabilera ere arautu du.

Hirigintza