Lurraldearen Zatiko Planak 3. KAPITULUAN eta 2A-2B planoetan jasotzen ditu udalerrietako plangintza orokorrean kontuan hartu behar diren komunikazioen eta zerbitzu-sareen azpiegiturak. Hona hemen Bergararako zehaztu direnak:

Garraio-azpiegitura (26. artikulua):

Lurraldearen Zatiko Planak honako eremu logistikoak egokitzea proposatzen du: trenbide garraiorako eremu logistiko bat Elorregin, eta errepide-garraiorako beste eremu bat Elkoromuño-Ipiñarrin.

Euskadiko Autonomia Erkidegoko Garraio-Sare Intermodal eta Logistikorako Lurraldearen Arloko Planak ez du jasotzen Elorregin logistika-eremuren bat egokitzeari buruzko inongo aipamenik; are gehiago, Deba bailarari eta Arabako Lautadari zerbitzua emateko Araba Erdialdea-Deba izeneko eremua proposatzen du. EAEko Trenbide-Sarea Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren hasierako onarpena duen Aldaketa-dokumentuak ezta —TRENBIDE-SAREKO PROPOSAMENean, Debako eremuari buruzko 8.4.6 puntuan, Oñati alderako luzapena deskribatzerakoan— ez du egiten horrelako eremu logistikorik ezartzeari buruzko inongo aipamenik.

Lurraldearen Zatiko Planari hasierako onarpena eman zitzaionean, Udalak alegazio-idatzia aurkeztu zuen. Idatzi horretan azaltzen zenez, LZP planaren dokumentuan ez zen aipatzen gune horretan Tavex Algodonera S.A. industria dagoela. Industria hori bete-betean dihardu eta, gainera, oraindik orain finkatze- eta handitze-jarduketak egin ditu, enpresak Bergarako erdigunean, San Antonion zeuzkan instalazioak utzi eta lekuz hona aldatu zituelako (Leku-aldaketa hori enpresa-arduradunen eta langileen sindikatuen artean adostuta egin zen, Udalaren beraren tartekaritza medio).

LZP planak berak proposatzen du San Antonioko lursailak bizitegirako birkalifikatzea; horrela, udalerriko oso garrantzi handiko gune bat antolatu egiten da eta, aldi berean, udalerrian orain ehun eta berrogeitamar bat urte sortu zen lehen industria handi honek herrian jarraituko duela bermatzeko moduko baliabideak sortzen dira Elorregin. Horrexegatik aurkeztu zuen Udalak alegazio-idatzia LZP planaren hasierako onarpenaren aurrean; izan ere, Udalaren ustez, helburu zehatzetan oinarritu gabeko, gauzatze-eperik gabeko eta exekutatzeko baliabide ekonomikoak oraindik eskuratu gabeko proposamen batek, agian, antolamenduz kanpo laga ahal izango zuen Elorregiko Tavex Algodonera industria-multzoa.

Bestetik Aretxabaleta-Bergarako tranbiari dagokionez, Geltoki Intermodala eta Harrera-Zentroa eraiki beharra justifikatu dezakeen oinarrizko azpiegitura gisa hartuta, LZP planaren Azterlan Ekonomiko eta Finantzarioan eta Exekuzio-Programan tranbia eraikitzen hasteko data 2005-2008 laurtekoan ezarri da, eta bukatzekoa, berriz, hurrengo laurtekoan (2009-2012koan). Lehenengo laurtekoa bukatzear dagoen honetan, tranbiaren behin betiko trazatu-proiektua bera ere oraindik onartu gabe dago; beraz, gutxienez beste laurteko baten atzerapena izango du bukatu orduko. Beste alde batetik, Azterlan Ekonomikoak hartzen dituen lau laurtekoetan ez da inongo diru-izendapenik aurreikusi Garraio-Zentroa eraiki ahal izateko, ez ekimen publikotik, ezta pribatutik ere.

Harrera-Zentroa eraikitzeko data 2013-2016 laurtekoan jarri da, eta 4,21 milioi eurotan baloratu da —eskualdeko udalen eta mankomunitatearen artean finantzatu beharko dute oso-osorik—. Horrenbestez, agerikoa da zaila izango dela eraikitze-asmo horri ekitea.

Aurrekari horiek guztiak kontuan hartuta, eta gaur egun bizi dugun egoera ekonomikoan ere justifikaezina denez, Tavex Algodonera S.A. industriak Elorregin betetzen duen espazioa ez da hartuko Plan Orokor berri honetan Dotazio-Garapenerako eremu gisa, ez Geltoki Intermodal izateko, ezta Aisia, Turismo eta Merkataritzako Ekipamendu izateko ere.

Horrenbestez, udalerriz gaindiko jarduketa horiek garatu ahal izateko, aldez aurretik zehaztu egin beharko da ea komeni den LZP planak proposatutako garraio-azpiegitura hori Elorregi inguruan ezartzea ala ez. Eta hori erabaki artean, Plan Orokorrak mantendu egingo du Tavex Algodonera S.A.-ren industria-kokapena; izan ere, kokapen hori aspaldikoa da eta indarreko Arau Subsidiarioetan finkatuta dago.

Baina S-1 sektorean aurreikusitako erabileren artean, berriz, jaso da jaso ere errepideko garraiorako instalazio osagarriak jarri ahal izatea, Debagoieneko Eremu Funtzionaleko Lurraldearen Zatiko Planak ezarritakoari jarraituz.

Errepide-sarea (27 eta 28. artikuluak):

LZP planak Eremu Funtzionalerako errepide-sare hierarkizatua proiektatu du, 2A planoan azaltzen dena, alegia. Hona hemen Bergararako proposatutakoak:

  • Autobideen eta autobien sarea:

Eibar-Gasteiz autobidean, honako bi lotune hauek proposatzen ditu —eta dagoeneko eginda daude—: Bergara iparra-Amillaga (GI-627 eta GI-6232 errepideekin lotzeko), eta Bergara hegoa-Zaldumendi (Beasain-Durango eta GI-627 errepideekin lotzeko).

Beasain-Durango autobian, berriz, honako lotuneak proposatzen ditu: Antzuola mendebaldea (GI-632 errepidearekin lotzeko) eta Bergara hegoa (Eibar-Gasteiz autobidearekin eta GI-627 errepidearekin lotzeko). Lehenengoa Antzuolako lurretan dago eta, alde horri dagokion autobia-zatia eraikitzerakoan, bertako lanei lotuta egingo da. Bigarrena eginda dago.

  • Sare Nagusia:

Sarea hobetzeko jarduketen artean, LZP planak honakoa ezarri du: GI-2632 errepideko hobetze-lanak San Juango industrialderaino, bertako garapen berriei erantzun ahal izateko. Plan Orokorrak jasota du proposamen hau.

Trenbide-sarea (29. artikulua):

LZP planak jasotzen duen EAEko trenbide-sare berriaren trazatua Trenbide-Sarea antolatzeko Lurraldearen Arloko Planetik hartu du. Plan Orokorrean proposamen bera dago jasota, LAP planak jasotzen duen trazatua da-eta.

Lurraldearen Zatiko Planak, halaber, jasota dauka trenbide-azpiegitura berria den tranbia ezartzeko proposamena. LZP plana onartu zenetik hona, tranbiak Bergaratik zehar izango duen trazatua zehaztu egin da eta, horrenbestez, Plan Orokor honek trazatu hori jasotzen du, hain zuzen Arrasate aldera izango dituen hiri-tarteen eta hiri-arteko tarteen trazatua. LZP planaren eta Trenbide-Sarea antolatzeko LAP planaren gidalerroei jarraituz, Soraluzeko mugarainoko trazatua ere jaso da, Maltzagatik doan EuskoTren-eko sarearekin lotzeko aurreikusten den proiektuaren barruan.

LZP planak Elorregin geltoki intermodal bat eraikitzea aurreikusten du, baina EAEko Trenbide-Sarea Antolatzeko LAP planaren hasierako onarpenak ez du hori jasotzen. Debagoieneko Mankomunitateak berak ere Elorregikoa ez den beste kokapen batzuk erabili izan ditu geltokirako. Horrenbestez, lehen esan dugun bezala, Elorregin, Tavex Algodonera S.A. industriak betetzen dituen lursailetan, gaur egungo kalifikazioa mantentzea erabaki da; eta etorkizunean geltoki intermodala egitekotan, indarreko Lurralde-Plana euskarri izango duen Aldaketa Puntual bat egin eta izapidetuko da Plan Orokorrean.

Obra hidraulikoen arloko jardunak (30. artikulua):

Ur-hornidura eta saneamenduaren sareei dagokienez, LZP planak jasotzen dituen proposamenak dagoeneko eginda daude.

Hondakinak araztea (31. artikulua):

Hondakinen arazketari buruzko azpiegitura gehienak Epelen batu ditu LZP planak; horrenbestez, bertan daude hondakin toxiko eta arriskutsuak (HTA) transferitzeko estazioa, eta hondakin geldoen zabortegia (HGZ). Epelen mugarritutako eremuan, halaber, baso- eta egur-hondakinen energia berreskuratzeko instalazio bat jartzea proposatzen du. Azken aldi honetan, Epelen bertan konpostagune bat instalatzeko aukera aztertzen ari dira Debagoieneko Mankomunitatean.

Mugarritutako eremua gaur egun Plan Orokorrean Sistema Orokortzat hartzen da. Eremua nolabait ere handitu nahi izanez gero, Plan Orokorraren Aldaketa Puntual bat egin eta izapidetu beharko da, beste batzuetan egin den bezalaxe.

Plan Orokorrak, bestalde, jasotzen du jaso Angiozarreko errepidean dagoen hondakin-biltegi alternatiboa (HBA), Labegaraietako zabortegia izandakoaren inguruan dagoena, alegia.

Parke Eolikoa (32. artikulua):

Lehen esan dugun bezala, Bergaran ez dute inongo instalaziorik aurreikusten ez Lurraldearen Zatiko Planak, ezta EAEko Energia Eolikoa antolatzeko Lurraldearen Arloko Planak ere.

Telekomunikazio-sarea (33. artikulua):

Udalerritik zehar doan sare nagusi publikoaren trazatuak jaso ditu Plan Orokorrak.

Beste azpiegitura batzuk (34. artikulua):

Energia elektrikoa eta gasa hornitzeko sareei buruz, gaur egun dituzten trazatuak jaso ditu Plan Orokorrak. Eta energia elektrikoaren arloan ere, hiriguneetatik oso gertu dauden azpiestazio bien kokapenari buruz, berriz, Plan Orokorrak biak hartu eta lekuz aldatzea proposatzen du; hain zuzen ere, San Martzialerako bidean, Txara baserriaren inguruan egiteko dagoen azpiestazio berri batean kokatzea proposatzen da.

Beste hobekuntza batzuk (35. artikulua):

LZP planean finkatutako gidalerroei jarraituz, Plan Orokorrak Ordenantza zehatz bat du udalerrian eguzki-energia hartzeko sistemen ezarpena arautzeko.

Plan Orokorrak zehaztu ditu azpiegitura horietan aplikatu beharreko araubideak, eta horretarako LZP planak finkatutako irizpideak garatu ditu.

Hirigintza