Azaldutako irizpideei jarraituz, hona hemen bizitegi-lurzorua berrantolatzeko proposamen garrantzitsuenak:

  1. Algodonera – Gabiria – San Antonio – Zubiaurre – Martoko eremua:

Gaur egun, Bergarako erdigunea hegoaldeko auzoekin lotzeko, eskualdeko GI-627 errepidea erabiltzen da edo San Antonio, Martoko eta Zubiaurre kaleak, Ozaetako zubiarekin batera. Oinezkoentzako lotura, berriz, Gabiriako tunelaren bitartez egiten da, Maltzaga-Gasteiz trenbide zaharretik, alegia.

Lotura hau egiteko dagoen esparru fisikoa lur-zerrenda estu bat da. Lur-zerrenda hori, gaur egun, honakoek betetzen dute: Martoko-Zubiaurre auzoek —izen bereko kaleei jarraituz lerro-egitura dutenek—, Deba ibaiaren ibilguak, eta eskualdeko GI-627 gaurko errepideak. Etorkizunean, estugune fisiko horretatik bertatik Debagoieneko tranbiak ere pasatu beharko du —izapidetan dagoen Trenbide Sareko Lurraldearen Arloko Planaren Aldaketak Gipuzkoako lurralderako jasotzen duenaren arabera, eta Tranbiaren Trazatu Aldatuaren Proiektuak ere jasotzen duenari jarraituz—. Eta horretaz gain, Deba ibaiaren ezker aldetik auzoak lotzeko egin nahi den kaleak ere bertatik pasatu beharko du.

Martoko auzoan eta Deba ibaian jarduketarik egitea ezinezkoa denez, eskualdeko errepidea mendebaldera desbideratzea proposatzen da. Horrela, behar besteko toki egokia lortuko litzateke tranbia pasatzeko eta kale berria eratzeko, bere espaloi, bidegorri eta guzti.

Baina jarduketa hori oztopatzen duen beste arazo bat dago: eskualdeko errepiderako aurreikusten den trazatu berrian, okupatu beharko liratekeen lursailetan, Iberdrola S.A. argindar-konpainiak banaketako azpiestazio transformatzaile bat du (BAT-San Antonio izenekoa). Bergarako Udalak dagozkion gestioak eginak ditu azpiestazio hori —BAT-Hilerria izenekoarekin batera— udalerriko beste tokiren batera eramateko; beraz, lursail horiek libre geldituko dira, Plan Orokorrak proposatzen duen bide-lotura aurrera eramateko moduan.

Jarduketa hori osatzeko, bi zubi berri eraikiko dira Deba ibaiaren gainean. Batak zuzenean lotuko ditu Ibargarai kalea eta Algodonerakoak izandako lursailak. Bigarrenak, berriz, Zubiaurreko 2 zenbakidun eraikinak betetzen zuen orubetik hasita, Zubiaurre-Martoko auzoa ibaiaren ezkerraldearekin lotuko du, eta baita Ibargarai eta Ibarra kaleak Deba ibaiaren ezkerraldetik elkartzeko aurreikusten den kale berriarekin ere.

Jarduketa hau oso asmo handikoa da, eta oinarrizkotzat jotzen da udalerriak etorkizunean izango dituen garapenetara begira. Jarduketa honi buruz ez du inork iradokizunik edo beste aukera-proposamenik aurkeztu, ez Aurrerakin-dokumentua jendaurrean jarri zenean, ezta Plan Orokorraren hasierako onarpenaren ondoriozko informazio publikoan ere. Era berean, ez da zalantzan jarri, ezta horri buruzko eztabaidarik sortu ere, Plangintzarako Aholku-Batzordeko bileretan.

  1. Mintegitik hasi eta Koldo Eleizalderainoko kale berria:

Gaur egungo Udal Gobernuak erabakita, proposamen hau kendu egin da hasierako onarpena zuen Plan Orokorretik —eta horrekin batera kalea eraikitzeari lotutako hirigintza-garapenak ere bai—. Kalea eraikitzeko arrazoi lehena eta nagusia hauxe zen: Hirigune Historikoa oinezkoentzako gune bihurtu nahi izatea. Horrenbestez, udalerriko gaur egungo barne-trafikoa berrantolatzeko orduan, oinezkoentzako gune bihurtze hori lehentasunezko irizpide gisa mantentzen bada, hala beharrez gaur egungo hiri-erdiguneko bide-egituran oinarritutako beste proposamen batzuk erabili beharko dira.

  1. Urteaga kale aldea berrantolatzea:

Movilla S.A. industria itxi zenez, horrek betetzen zuen espazio guztia berrantolatzeko aukera dago. Horretarako, bizitegi-lurzoru gisa birkalifikatzea proposatzen da. Horrenbestez, birgaitu egin ahal izango da zeharo degradatuta zegoen udalerriko alde hau. Antolamendu-eredu gisa, honakoa proposatzen da: alde honetan egindako jarduketa publikoetan dagoeneko hasita dagoen hiri-diseinuari jarraitzea, indarreko Arau Subsidiarioetan jasotako proposamenei men eginez. Uhola errekaren ibilgua, Movilla industriako pabiloien azpitik estalita zihoana, estalgabetu egingo da, eta etxebizitza-multzo handi bat eraikiko da, gehien bat Erregimen Orokorreko nahiz Erregimen Tasatuko Babes Ofizialeko etxebizitzekin.

  1. San Lorentzo auzoa berrantolatzea:

Plan Orokorrak jasotzen duen beste proposamen garrantzitsu bat hau da: Tornillería Deba S.A.L. industriak San Lorentzo auzoan lehen betetzen zituen lursailak berrantolatzea. Industria horrek bere jarduera pabiloi zahar batzuetan garatzen zuen, enpresaren asmotan zegoen berrantolaketari begira oso desegokiak ziren pabiloietan, alegia. Egun, jarduera lekuz aldatu dute Mekolaldera, "Hijos de Arturo Narvaiza S.A." industriak lehen betetzen zituen industrialdean eraiki diren pabiloi berrietara. Hona hemen industria lekuz aldatzea adosteko eta San Lorentzoko lursailak bizitegi-erabileraz birkalifikatzeko izan diren arrazoiak: batetik, industriak betetzen zituen lursailen kokapenarengatik —San Lorentzoko industrialdeko (edo indarreko Arau Subsidiarioetako A-40 areako) ertzean— bizitegi-areak ondo-ondoan ditu, eta udalerriko ekipamendu nagusienetatik ere oso gertu dago; bestetik, Urarte kalea San Lorentzorekin lotzeko beharra dago; eta horietaz gain, etorkizunean Debagoieneko tranbia ere ezarri beharko da inguruan.

  1. Hirigune Historikoa:

Indarreko Arau Subsidiarioetan “A-26 area” izenez mugarrituta dagoen Hirigune Historikoari mugapena aldatu egin diote, eta mugapen berria 96/2003 Dekretuaren I. Eranskinean dago jasota (Gipuzkoako Bergarako Hirigune Historikoa Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura-Ondasun gisa deklaratzeko den apirilaren 29ko 96/2003 Dekretuaren I. Eranskinean, hain zuzen). Azken urte hauetan Hirigunean egindako jarduketak gutxi izan dira; hala ere, berrurbanizazio lan garrantzitsuak burutu dira Artekale, Arruriaga, Goenkale eta San Pedro kaleetan. Domingo Irala kalean, halaber, Barrenkaleko atzealdeak zirenak erabilera publikorako urbanizatu dira eta espazio publiko handi bat sortu da.

San Pedro, Artekale eta Arruriaga kaleetan egindako jarduketek trafiko-mugaketa eta kontrolpean oinezkoentzako gune bihurtzeko lehentasuna dakartzate ondorioz, Hirigunea kalifikatzeko aipatu dugun Dekretuaren 14.2 artikuluak ezarritakoaren arabera. Asmo hau aurrera eraman ahal izateko, aurretik Ibargarai-Bideberri ardatza Zubieta – Masterreka kaleekin elkartzeko bide-lotuneari irtenbidea aurkitu behar zaio, norabide bietako zirkulazioa ahalbidetuz. Horretarako, Zubieta kaleko 1 eta 3 zenbakidun eraikinak bota egin dira, eta inguruan berrurbanizazio-lanak egiten ari dira.

Plan Orokor berriak Hirigune Historikoa kalifikatzen duen Dekretu horretara bidaltzen gaitu, eta era berean ezartzen du derrigorrez Antolamendu Xehatuko Plan bat idatzi beharko dela mugarritzen den eremu berri osorako.

  1. Kanpoaldeko auzoak:

Bergarako antolamendu-eredu orokorraren barruan, erdigunetik kanpo dauden auzoak ere indartu nahi dira. Indarreko Arau Subsidiarioek Osintxu eta Angiozar auzoetan hiri-lurzoruko eremu batzuk mugarritu zituztenez, auzo bietan bertakoentzako etxebizitza berriak eraiki ahal izan dira. Ubera auzoan gauza bera egin nahi da; horrela, auzoan bertan bizi nahi duten auzokoen eskaerei erantzun ahal izango zaie, eta ez dute joan beharrik izango derrigorrez Bergarako erdiguneko etxebizitzetara.

Hala ere, Ubera auzoan auzokoentzako bizitegi-sektore txiki bat garatzeko proposamena atzera bota du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak, Ingurumen-Inpaktuari buruz emandako Behin Betiko Txostenean. Erabaki horren oinarria honako arrazoietan datza:

  • Mugarritutako eremuak eraldatu egiten du erdigunearen landa-izaera; izan ere, landako erdiguneetako eraketa tradizionaletik aldentzen da, eta hirien kanpoaldeetan egiten diren dentsitate gutxiko bizitegi-auzoak hartzen ditu eredutzat.

  • Bergarako erdigunetik urrun samar dagoenez, horrek lurralde-eredu barreiatu bat dakar, eta horrelakoetan zerbitzuak, azpiegiturak eta ingurumen ikuspuntutik eraginkortasun gutxi duten garraio-motak jartzeko eskaerak eta beharrak gehiegizko neurria hartzen dute.

Eremu honi buruz ere, EAEko Lurralde-Antolamendurako Batzordeak hartutako erabakiak honela dio:

Plan Orokorrak egokitu egin beharko du S-7 sektorearen eraikigarritasuna, 2/2006 Legeak ezarritako gutxieneko eraikigarritasunera irits dadin.”

Eta Bergarako Hiri-Antolamenduko Plan Orokorrari buruz Foru Aldundiko Bide-Azpiegituretarako Departamentuko Kudeaketa eta Plangintzako Zuzendaritza Nagusiak eman zuen txostenak honela dio:

Ubera auzoan etxebizitza multzo bat garatzea aurreikusten da. Auzoaren erdialdea GI-2632 eskualde errepideak zeharkatzen du eta errepide hori da Elgetatik Gipuzkoako ahalmen handiko sarera iristeko bide nagusia; aipatzekoa da ibilgailu astunen zirkulazio handia duela, herriko industriaren zerbitzura. Oraingo proposamenaren arabera, etorkizunean herrigunetik zirkulazio mota hori ateratzearren saihesbideren bat egiteko edozein aukerari atea ixten zaio. Departamentuak proposatzen du Plan Orokorra aprobetxatuz ikuspegi zabalago batetik hausnarketa egitea, saihesbide txiki bat egitea eta auzoak eskatzen duen etxegunea garatzea bateragarriak izan daitezen, eta, aldi berean, antolaketa trinkoagoa, atseginagoa eta bizitzeko egokiagoa egitea bizilagunentzat.”

Aurrez azaldutakoa aztertu ondoren, Bergarako Udalak S-7 sektorea mantentzearen alde azaldu da, bertako eraikigarritasuna Lurzoru eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak ezarritako parametroetara egokituz, eta auzoarentzat saihesbide izan daitekeen bat zirriborratuz. Hartutako erabaki hori honako arrazoietan oinarritzen da:

  • Bergararako proposatzen den antolamendu-ereduaren baitan, udalerriko erdigunetik kanpoaldeko auzoak indartzea eta garatzea dago. Indarrean dauden Planeamenduko Arau Subsidiarioek orduan ere proposatzen zituzten Osintxu eta Angiozar auzoak finkatzeko eta kontrolpean garatzeko jarduketa batzuk, auzokideen eskaeretatik abiatuta. Gaur egun, jarduketa horiek burututa daude. Era berean, urte batzuetatik hona, Uberako auzokide batzuk Udalaren aurrean eskatzen ari dira euren auzoan ere finkatze- eta garatze-jarduketak susta daitezen, bertan dagoen eskari txikiari erantzuteko.

  • Ingurumen-Eraginari buruzko txostenak oinarri gisa erabiltzen dituen arrazoietako bat da auzoa Bergarako hirigunetik urrun dagoela; baina argudio hori bera Osintxu eta Angiozar auzoetarako ere aplikatu ahal izango litzateke, Ubera dagoen antzeko distantziara daude-eta. Burutu diren jarduketen ondoriozko errealitateak egiaztatzen bide duenez, horrelako jarduerak, espekulazioko sustapenei erantzun beharrean, eskari sozial bati erantzutzen badiote eta behar bezala kontrolatzen badira, auzoak sustatzeko egokiak dira. Uberako auzokideen eskaera hau aspalditxotik dator, eta horregatik Udalak Arau Subsidiarioetako Aldaketa Puntual bat izapidetu zuen, baina ez zuen lortu Foru Aldundiaren behin betiko onarpena. Plan Orokorra auzokideen eskari horri erantzutera dator udalerriko ikuspegi orokor batez.

  • Ingurumen-Eraginaren Behin Betiko Txostenean azaltzen denaren arabera, sektorea garatzeak landa-paisaian izan dezakeen eraginari buruz, berriz, agerikoa da Foru Aldundiak exijitzen duen saihesbide berriak landa-izaera eraldatzean izan dezakeen eragina askoz ere handiagoa izango dela sektorea garatzeak eragin dezakeena baino. Ingurumen-txostenak berak aitortzen duenez, sektorearen antolamendua gaur egungo erdiguneari nolabait jarraipena emateko planteatzen da.

Plan Orokorrak planteatzen duen bezala, saihesbidearen trazatuak sektoreko lurzoru sailkatua inguratzen du. Sektorea kentzen bada, ordea, tarte huts bat sortuko da hirigunearen eta saihesbideko mugaren artean, helburu garbirik gabeko espazio bat; izan ere, errepide berriak eragingo lukeen etendurak zeharo mugatuko luke lursail horietako nekazarita-erabilera.

Horrenbestez, aipatutako hiru auzoetan eraikitze-jarduketak proposatzen dira, gehienetan Erregimen Tasatuko Babes Ofizialeko etxebizitza-tipologiari jarraituz; horren salbuespen bakarra Ubera auzoa da, bertan, Erregimen Orokorreko Babes Ofizialeko 6 etxebizitzako eraikin batez gain, auzokoentzat bertakoentzat familia bakarreko 8 etxebizitza ere eraikitzea aurreikusten baita.

Hirigintza