Bizitegi-lurzorurako aurreikusten den “hutsuneak bete” motako politika hori ezinezkoa da jarduera ekonomikoetarako lurzoruan, gaur egun agortuta baitago. Hutsune-betetzeko politika hori bakar-bakarrik Mekolaldeko lursailetan ager daiteke, hau da, Lazpiur S.A. industriatik hasi eta “Hijos de Arturo Narvaiza S.A.” industria ohiaren eraikinen ordez egindako edo egiten eta bukatzen ari diren eraikinetaraino, tartean gelditzen diren lursailak kalifikatzerakoan.

Bergarako Udalak, Sprilur S.A. sozietate publikoarekin lankidetzan, jarduera ekonomikoetarako lurzoru berria moldatu nahian, Larramendi aldean Arauetako Aldaketa Puntualeko espedientea izapidetu zuen, eta dagoeneko behin betiko onartuta dago. Garapen-planak eta proiektuak ere onartuta daude, eta sektoreko urbanizazio orokorreko lanak burutzen ari dira. Kalifikatutako eremuaren azalera 28,92 Ha-koa da, Lurraldearen Zatiko Planean aurreikusitakoaren parekoa oso.

Kukubaso-Ipiñarri aldea, berriz, Plan Orokorraren dokumentuan, jarduera ekonomikoetarako lurzorua garatzerakoan, bigarren aukera gisa azaltzen da. Sektorearen azalerari buruz, Lurraldearen Zatiko Planean 45 Ha aurreikusten baziren ere, murriztu egin da; Plan Orokorrak 21,54 Ha-ko eremua mugarritzen du. Debagoieneko Eremu Funtzionaleko Lurraldearen Zatiko Planak aurreikusten duenaren arabera, sektorearen barruan errepideko garraiorako instalazio osagarriak kokatu ahal izango dira.

Mekolalde aldean gaur egun dauden industria-jarduera batzuk aitzindaritzat har daitezke Europan zein munduan; hala nola, Soraluce Koop. taldea gaur egun makina-erreminta aurreratuenak eta handienak egiten dituztenen artean dago. Bertan kokatu da, halaber, Danobat kooperatibaren Danobat Sistemas atala ere. Enpresa berri honek trenetarako osagarriak fabrikatzeko linea handiak fabrikatu eta montatzen ditu, eta horretarako mundu osoan orain arte erabiltzen ez ziren neurriak eta teknokogia lortu dituzte; izan ere, horrela azaltzen da eraikitzeko baimen-eskariarekin batera Udalean aurkeztu zuten txostenean. Bi enpresa horiek, Tornillería Deba S.A.L. merkataritza-sozietatearekin batera (berrikuntza-garapen berria dakarren enpresa), indarreko Arau Subsidiarioetako A-43 eta A-44 hiri-areetan kokatzen dira. Lurraldearen Zatiko planean Mekolalde izena duen eremuaren beste muturrean, Lazpiur S.A. merkataritza-sozietatea dago. Enpresa hau industriarako osagarriak egiten ditu, eta bere alorrean punta-puntakoa eta ospetsua da mundu osoan. Lazpiurrek berak ezarrita duen jarduerarekin berez ia guztiz agortzen du Plan Orokor berriaren A-54 area-eremua. Aipatutako lau enpresa horiek etengabeko berrikuntzan dabiltza, I+G+B-rako (Ikerketa+Garapena+Berrikuntza) oso lantalde garrantzitsuak dituzte; garrantzitsuak, bai euren emaitzengatik, bai instalazioetan horretarako erabiltzen duten azalera handiarengatik.

Industria horietara joateko sarbidea Deba ibaiaren gaineko zubi nagusia da. Eusko Jaurlaritzak sustatu eta finantzatu zuen zubia, Mekolaldeko Hondakin-Uren Araztegi berria eraikitzeko lanen barruan, Eusko Jaurlaritzaren, Foru Aldundiaren eta Bergarako Udalaren arteko lankidetzan jardunda. Gorostola baserriaren parean dago. Zubi horretatik, eta aurreikusitako kale berri batetik zehar, dagoeneko finkatuta dauden A-54 eta A-43 area industrialetara eta Hondakin-Uren Araztegi berrira iritsiko gara. Aurreikusitako kale berri hori Mekolalden antolatu den S-5 izeneko sektore berriaren paretik doa, guztira 54.630 m2-ko azalera gordina emanez mugarritu den S-5 sektore horren paretik, alegia.

Plan Orokorraren arabera, sektore berri honen lurzorua honetarako besterik ez da erabiliko: alde batetik, bi industria hauek bertan kokatzeko: Oerliko-Balzers S.A. —gaur egun, gutxi gorabehera, sektoreko lurzoru osoaren heren baten jabea dena—, eta Irialde S.L. —beste heren baten jabea—; eta bestetik, Sektore berriaren hegoaldeko muturrarekin muga egiten duen Lazpiur S.A. industriak nahi duen handitze-lana egiteko. Lehen aipatu da Lazpiur S.A. enpresak mundu osora begira duen kategoria eta gaitasuna. Oerlikon-Balzers S.A. eta Irialde S.L. enpresen kasuan, berriz, bertako kokapena arrazoitzeko Udalean aurkeztu zituzten txostenetan diotenez, Antzuolako kokapenetan jarduerak garatu ahal izateko muga handiak dituzte gaur egun eta, handitze-lan berriak egin nahi dituztenez, ezinbestekoa zaie Bergaran kokatzea, Antzuolako pabiloietatik gertu dagoelako, eta langileen artean % 50 baino gehiago Bergaran bizi direlako.

Oerlikon-Balzers-ek Bailnit gainestalduretan egingo du lan, mundu osoan aintzat hartzen den Balzers teknokogia aurrerakoiena erabiliz; Irialden, ostera, Fine Blanking-aren goimailako teknologiako mekanizatze-lanak egiten dituzte. Arlo horretan, Espainiako enpresa handiena da gaur egun, eta Europa- zein NAFTA-mailan erreferentziarako enpresetako bat. Parte hartu du, halaber, LHC-CERN proiektuan ("partikula-azeleragailua" izenez ezagutzen den proiektuan), horretarako 6 milioi pieza txiki egin baititu karbono-altzairuaz eta altzairu herdoilgaitzaz.

Sektoreari dagokion Hirigintza-Fitxan jasota gelditu dira bertan jarduteko muga eta baldintza bereziak, horrela sektore berri hau mugarritzerakoan Plan Orokorrak agertu duen asmoa edo helburua aldatu ez dadin —ez hurrengo jarduketetan, ezta etorkizunean izan daitezkeenetan ere—.

Hirigintza