117. artikulua: Ur-Hornidurako Sarearen Sistema Orokorra:

Bolu auzoa hornitzeko amaiera-depositua eraiki ondoren, dagoeneko ez da aurreikusten depositu berririk eraikitzea; horrenbestez, ez da lurzoru-erreserba berririk egin.

S-1 (Kukubaso-Ipiñarri) eta S-2 (Larramendi) sektoreetako garapen industrial berriek ur-hornidurarako euren irtenbidea aurkitu beharko dute, euren amaiera-deposituak sortuz.

Deposituak eraikitzeko beharko diren lur-erreserbak Plan Orokorrean jaso dira, sektoreen mugen barruan. Horien ezaugarri zehatzak, berriz, dagozkien Plan Partzialek eta Urbanizazio-Proiektuek ezarriko dituzte.

118. artikulua: Hondakin-Uren Saneamenduko Sarearen Sistema Orokorra:

Mekolaldeko araztegia bukatuta eta martxan dago. Araztegi horrek Antzuolako eta Bergarako —eta Osintxuko— hondakin-urak araztuko edo garbituko ditu.

Udalerriko hegoaldean, Epelen, beste araztegi bat eraikitzen ari da. Honek Deba ibaiaren goiko arroko urak garbituko ditu, Arrasatetik hasita eta Oñati barne.

Plan Orokorrak lur-erreserba biak mugarritu ditu, eta Sistema Orokortzat sailkatuta dauzka.

Angiozar auzoak araztegi txiki bat du, Plan honen dokumentazio grafikoan jasota dagoena.

Elosu, Elorregi eta Basalgo auzoek ez dute saneamenduko udal-sarerik, eta ez da aurreikusten epe motzean ere eraikitzerik.

Ubera auzoan bizitegi-jarduketa berriak proposatzen direnez, urak garbitzeko arazoari aurre egiteko, araztegi berri bat eraiki beharko da auzoko behar berrietara egokituta.

Araztegiaren behin betiko kokapena eta ezaugarriak berariazko proiektu batean zehaztuko dira.

Beharko den lurzorua eskuratzeko eta ondorengo kudeaketaren ondorioetarako, eraiki beharreko araztegi berri hori Sistema Orokortzat hartuko da.

119. artikulua: Energia Elektrikoaren Sarearen Sistema:

Dokumentazio grafikoan jasota dago Txara baserriaren inguruan aurreikusten den BAT (Banaketako Azpiestazio Transformatzaile) berria non kokatuko den. BAT hori gaur egun hiri-guneetan dauden beste bien ordez jarriko da, Bergara-San Antonio BATaren eta Bergara-Hilerria BATaren ordez, alegia.

Lekualdaketa biak diru publikoak finantzatuko ditu: Bergara-Hilerrikoa Bergarako Udalaren kontura izango da; eta Bergara-San Antoniokoa, berriz, Debagoieneko tranbia berria eraikitzeko aurrekontuen barruan dago.

Mekolaldeko azpiestazioa gaur egun dagoen tokian mantentzen da.

Hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian, energia elektrikoa banatzeko sare guztiak lurrazpitik joango dira, edozein izanda ere horien tentsioa.

Goi Tentsioko Airetiko Linea Elektrikoen Erregelamendua aplikatu beharko da. Erregelamendu hori azaroaren 28ko 3151/1968 Dekretuaren bitartez onartu zen, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOEn)1968ko abenduaren 27an argitaratu zen.

Era berean, Behe Tentsiorako Erregelamendu Elektroteknikoa ere aplikatu beharko da. Hori abuztuaren 2ko 842/2002 Errege-Dekretuaren bitartez onartu zen, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOEn) 2002ko irailaren 18an argitaratu zen.

120. artikulua: Gas Naturalaren Sarearen Sistema Orokorra:

Erregulazio-zentro berririk jartzeko lur-erreserbarik ez da aurreikusten, gaur egun udalerrian gas naturalaren hornidura gehien bat bideratuta dagoelako.

Garraio-sareko nahiz banaketa- eta partiketa-sareko hoditeria dela-eta, kontuan hartu beharreko babes-neurriak eta zortasunak instalazioari berariaz dagozkionak izan beharko dira.

121. artikulua: Telekomunikazio-Sareen Sistema Orokorra:

Puntu honetan, lurzoru urbanizaezinean edozein telekomunikazio-sistematarako jarri beharreko antenak arautu nahi dira.

Irizpide orokor gisa, antenak eta kasetak bateratzera jotzen da; izan ere, horiek gero eta ohikoagoak dira eta udalerria inguratzen duten mendietako goialdeetan eragin handia sortzen dute.

Horrenbestez, honako irizpidea ezarri da: 500 metroko erradioa duen zirkunferentzia baten barruan jar daitezkeen antena guztiak dorretxo bakar batean kokatu beharko dira.

Era berean, egon daitezkeen kaseta guztien ordez, denentzako bakar bat atondu beharko da, antena bakoitzak behar dituen mekanismoak jartzeko aparteko konpartimentuak izango dituena.

122. artikulua.- Beste Sistema Orokorrek betetzen edo beteko dituzten eremuak:

a)Zabortegiak: Epeleko zabortegi mankomunatua Sistema Orokortzat jotzen da.

Zabortegia jartzeko, “Elorregi auzoko Epele inguruari buruzko Plan Orokorraren Aldaketa” izeneko espedientea tramitatu zen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak 1990eko martxoaren 27an onartu zuen. Aldaketa horretan jasotako baldintza eta mugapenak indarrean dauden Arau Subsidiarioetan ere jaso ziren, eta orain Plan Orokor honetan ere mantentzen dira.

Hona hemen lurzorua erabili eta bertan eraikitzearen inguruan dokumentu horrek jasotzen dituen mugapenak:

  • Eraikuntza: Zabortegiaren martxarako behar diren industria- edo bulego-eraikinek ez dute izango 250 metro koadro eraikigarritik gora, eta ez da onartuko bertan erabilera desegokirik. Eraikinak egiterakoan, kontuan hartu beharko da ekipamendu publikorako eraikin gisa berrerabiltzeko aukera izan beharko dutela, behin zabortegia itxi eta parke bilakatutakoan.
  • Instalazio osagarriak: Jarduerarako beharrezkoak izan daitezkeen instalazio osagarriek ez dute beteko, guztira, 800 metro koadrotik gorako azalera —aurreko puntuan aipatzen den eraikinaren azalera sartuta—.
  • Hondakinak: Zabortegiak honako hondakinak baino ez ditu onartuko: industria-jarduerak sortutakoak, nahiz eraikitze-lanetatik datozenak, baldin eta hondakinak geldoak direla egiaztatzen bada laborategi ofizial batek emandako ziurtagiriaren bitartez.Gipuzkoako Hondakin Solidoak Kudeatzeko Plan Zuzentzailean ezarritako sailkapenaren arabera, Ib, Ic eta IV motatako hondakinei dagozkie.
  • Indarraldia: Proiektuak ezartzen duen gutxieneko indarraldia 10 urtekoa da. Zabortegia indarrean gehienez egon daitekeen aldia 15 urtekoa izango da, nahiz eta luzatzeko aukera izan, bere edukiera agortu ez bada.

b)Hondakinen Gordailu Alternatiboa (HGA):

Egun dagoen toki berean finkatzen da, Altos Hornos de Bergara enpresaren zabortegiak lehen betetzen zituen lurretan.

c) Hilerria: Indarrean dauden Arau Subsidiarioek 27.040 metroko lurzoru-erreserba bat mugarritu zuten hilerri berria eraikitzeko. Plan Orokorraren Memorian azaltzen den bezala, gorpuak lurperatzeko sistema aldatu denez, ez dago hilerri berriaren beharrik eta, horrenbestez, ez da mantendu Arau Subsidiarioetako erreserba hori.

Hirigintza