57. artikulua.- Aplikatzeko baldintzak:

Bizigarritasun-baldintza hauek aplikatu egin beharko dira bizitegi-gune eraiki berrietan dauden eta bizitegi-erabilera nagusia duten eraikin guzti-guztietan, eta horretaz gain, lehendik dauden eraikinetan ere errespetatu beharko dira baldin eta baldintzek eragindako elementuetan egokitze- edo birgaitze-lanak egiten badira.

Halaber, bizitegi-erabilera nagusia ez duten beste gune batzuetan bizitegi-eraikinak kokatu ahal badira, horietan ere aplikatu beharko dira.

Hirigune Historikoko areako eraikinetan, ezaugarri bereziak dituztenez, bizigarritasun-baldintza bereziak ere finkatu ahal izango dira, tramitatu beharko den Babes- eta Zaintza-Plan Berezian.

58. artikulua.- Azalera erabilgarria eta gutxieneko etxebizitzaren programa. Etxebizitzaren batez besteko tamaina:

a)Azalera erabilgarria eta gutxieneko etxebizitzaren programa: Gutxieneko etxebizitzaren azalera erabilgarria ezingo da izan 40 metro koadro baino txikiagoa.

Gutxieneko etxebizitzatzat joko da honako osagarriak dituena: sukaldea, egongela-jangela, logela bikoitz bat eta bainu gela bat —gutxienez konketa, komunontzia eta dutxaz osatua—.

Sukaldea eta egongela-jangela gela bakar batean batu ahal izango dira; horren izena egongela-sukalde-jangela izango da.

Egongelatzat hartzen da egoteko den gela, bertan normalean bizi den tokia baina lo egiteko ez dena, nahiz eta horretarako ere erabili ahal izan.

b)Etxebizitzaren batez besteko tamaina: Etxebizitzen gutxieneko batez besteko tamaina honakoa izango da, eraikinaren bizitegirako sabai osoaren arabera:

  • Bizitegirakoa Hirigune Historikoan: 60 m2(s).

  • Bizitegirakoa udalerriaren gainontzekoan: 65 m2(s).

  • Familia bakar edo bikoen edo adosatuen tipologiako eraikinetan, gehieneko etxebizitza-kopurua Hirigintza-Fitxak adierazten duen tipologiaren arabera ezarriko da.

 

Lehendik dauden lokaletan, baldin eta 40 m2-tik gorako eta 80 m2-tik beherako azalera erabilgarria badute, lokala aurrez egokitu bada —dagokion udal lizentzia lortu ondoren—, eta etxebizitza-erabilera baimentzeko finkatu diren baldintza guztiak bete badira, etxebizitza bakar bat onartuko da lokal bakoitzeko.

59. artikulua.- Gutxieneko azalerako eta zabalerako baldintzak, etxebizitzak osatzen dituzten geletan:

Etxebizitzak osatzen dituzten gelek honako baldintzak bete beharko dituzte:

a)Jangela-egongela: Honelako azalera erabilgarria izango du

Logela-kopuruaren arabera
Logela bateko etxebizitzak 14 m2.
2 logelako etxebizitzak 16 m2.
3 logelako etxebizitzak 18 m2.
4 logelako etxebizitzak 20 m2.
5 logelako etxebizitzak 22 m2

Honen barruan gutxienez 3,00 metro diametroko zirkulu bat egiteko moduko forma izango du.

b)Sukaldea: Honelako azalera erabilgarria izango du, logela-kopuruaren arabera:

Logela-kopuruaren arabera
Logela bateko etxebizitzak 7 m2.
2 logelako etxebizitzak 8 m2.
3 logelako etxebizitzak 9 m2.
4 logelako etxebizitzak 10 m2.
5 logelako etxebizitzak 12 m2

Bere barruan gutxienez honako diametroko zirkulu bat egiteko moduko forma izango du:

 
Ekipamendua aurrez aurreko paramentuetan izanez gero 2,20 m.
Ekipamendua paramentu bakar batean edo elkarren segidako bitan izanez gero 1,60 m.

c)Egongela-jangela-sukaldea: Honelako azalera erabilgarria izango du:

Logela-kopuruaren arabera
Logela bateko etxebizitzak 18 m2.
2 logelako etxebizitzak 20 m2.
3 logelako etxebizitzak 22 m2.
4 logelako etxebizitzak 24 m2.
5 logelako etxebizitzak 26 m2

d)Logelak: Honako azalera erabilgarria izango dute:

 
Banako gela 6,60 m2.
Gela bikoitza 8,90 m2.

Etxebizitza guztietan, gutxienez, logela bat egon beharko da, eta horren azalera ez da izango 10,90 m2 baino txikiagoa. Honen barruan gutxienez 2,50 metro diametroko zirkulu bat egiteko moduko forma izango du. Etxebizitzako gainontzeko logeletan, barruan egin beharreko zirkuluaren gutxieneko diametroa 2,00 metrokoa izan daiteke.

e)Bainugela eta komun osatuak: Bainugela osatuak gutxienez 3,00 m2-ko azalera izango du, eta bigarren komunak, berriz, 2,00 m2. Etxebizitza guztiek gutxienez bainugela edo komun osatu bat izan beharko dute, konketaz, komunontziz eta dutxaz.

f)Pasilloak: Gutxienez 0,95 metro zabal izango dira.

60. artikulua.- Gutxieneko altuera librea geletan:

Etxebizitzetako gelek guxienez 2,50 metroko altuera librea izan beharko dute.

Altuera hori 2,30 metro arte murriztu ahal izango da honakoetan: komunak, bainugelak, pasilloak, atondoak, armairu-gelak, trastelekuak eta jendea luze egoteko ez diren beste gela batzuk.

Salbuespen gisa, murrizketa bera onartu ahal izango da egongela, sukalde edo logeletako zatiren batean, instalazio batzuk pasatzeko beharrezkoa bada.

Horrelakoetan, altueraz murriztutako azalera ezingo da izan gelaren azalera osoaren herena baino handiagoa.

Teilatupeko guneetan, gela bizigarrietako azalera zenbatzerakoan, kontuan hartuko da bakarrik gutxienez 1,80 metroko altuera librea duen azalera, eta horretaz gain, honako baldintza hau ere bete beharko da: gela bakoitzaren azalera erabilgarriaren %70ak 2,20 metrotik gorako altuera librea izan beharko du.

61. artikulua.- Etxebizitzako gelak banatzeko baldintzak

Logelak, sukaldeak eta komunak ezingo dira derrigorrezko pasagune izan beste gela batzuetara joateko.

Logela bakar bateko etxebizitzetan, bainugelarako sarbidea honako hauetatik zehar egin ahal izango da: pasillotik, atondotik, banaketa-gelatik edo logelatik bertatik.

Logela 2 edo gehiago dituzten etxebizitzetan, dutxadun komun osatu bat egon beharko da gutxienez, eta horretarako sarbidea etxebizitzako atondo, pasillo edo banaketa-gela batetik izan beharko da.

62. artikulua.- Etxebizitzako gelak argitzeko eta aireztatzeko baldintzak:

Etxebizitza guztietan, bizitzeko moduko gela batek gutxienez, edozein motatako egongelatarako den horrek hain zuzen, eraikinaren kanpoaldeko fatxadetara zabaldutako baoak izan beharko ditu.

Egongela, sukalde, jangela eta logela izateko diren gelak argiztapen naturaleko eta aireztapeneko baoak izan beharko dituzte, zuzenean kanpo aldera nahiz partzela-patio batera zabalduta, kasuan kasu.

Baoen gutxieneko azalera ez da izango gelaren azalera erabilgarriaren %10 baino txikiagoa, eta inoiz ere ez 1,00 metro koadro baino txikiagoa.

Jarritako beiraren azalera ez da izango bere bitartez argitzen den gelaren azaleraren %6a baino txikiagoa.

Gela aireztatzeko, baoaren azalera erabilgarria, gutxienez, argiztatzeko baoarentzat ezarritakoaren 1/3 izango da.

Kasu guztietan, Eraikuntzako Kode Teknikoaren oinarrizko dokumentuan jasotzen den araudi berezia —edo gerora osatuko edo ordeztuko duen araudia— bete beharko da.

Komun eta bainugelek, eta etxebizitza barruan egin daitezkeen trastetegiek, zuzenean kanpora edo argi- nahiz aireztapen-patioetara irekitako baoak eduki beharko dituzte, eta edukiko duten gutxieneko aireztatze-azalera 0,3 metro koadrokoa izango da. Hala eta guztiz ere, horien ordez, hodi bidezko aireztatze-sistemak jartzea onartuko da, baldin eta Eraikuntzako Kode Teknikoaren oinarrizko dokumentuko —edo hori osatuko nahiz ordeztuko duen araudi berriagoko— araudi berezia betetzen badute.

Sukaldeetan, aireztatzeko eta keak estalkiraino eramateko honako hodiak izango dituzte:

  • Bat, banakako giro-aireztapenerako, gutxienez 150 cm2-ko sekzioarekin.
  • Beste bat, askea, sukaldetik datozen keak eta gasak aterarazteko (sukaldeko estraktorea).
  • Hirugarren bat, ur beroko eta berokuntzarako galdarak edo berogailuak eragindako errekuntza-gasak ateratzeko, baldin eta galdara edo berogailua sukaldean jarri bada.

63. artikulua.- Argiztapen- eta aireztapen-baldintzak beste erabileretarako lokaletan

Baimendutako beste erabileretarako diren lokalek argi naturala izan beharko dute.

Halaber, aireztapen naturala izango dute, baina hori osatu ahal izango da aireztapen artifizial eta behartuaren bitartez, garatzen den jardueragatik beharrezkoa den kasuetan.

Betebehar hori aurreikusiz, oin berriko bizitegi-eraikin guztietan, beheko solairuan keak eta gasak estalkiraino ateratzeko hodiak egongo dira, gutxienez bi hodi beheko solairuaren azalera erabilgarriaren 40,00 metro koadroko.

Hirigintza