79. artikulua.- Aplikatzeko baldintzak:

Baldintza estetiko hauek aplikatu egin beharko dira bizitegi-gune eraiki berrietan dauden eta bizitegi-erabilera nagusia duten eraikin guzti-guztietan, eta horretaz gain, baita lehendik dauden eraikinetan ere baldin eta egokitze- edo birgaitze-lanak egiten badira baldintza hauek eragiten dituzten elementuetan.

Halaber, bizitegi-erabilera nagusia ez duten beste gune batzuetan bizitegi-eraikinak kokatu ahal badira, horietan ere aplikatu beharko dira.

Hirigune Historikoko eremuaren baitako eraikinetan, honako baldintza estetiko orokorrez gain, beste baldintza berezi batzuk aplikatuko dira. Baldintza horiek era orokorrean jasotzen dira aurreraxeago, baina idatzi beharreko Babes- eta Zaintza-Plan Berezian zehatz-mehatz jasoko dira.

Aurreraxeago jasotzen dira, era berean, Plan Orokor honen Katalogoan sartutako eraikinetan, jarduketak burutzeko baldintza bereziak.

80. artikulua.- Hiri-estetika zaintzea:

Udalak ezezkoa eman ahal izango dio edozein jarduketari baldin eta udalerriko hiri-irudiarentzat antiestetikoa, desegokia edo kaltegarria bada. Udalak honako puntuetan esku hartu ahal izango du: erabilera, eraikinaren tamaina-neurriak, fatxaden eta estalkien ezaugarriak, baoak eta horien eraketa, erabilitako materialak eta erabiltzeko modua, materialen kalitatea edo kolorea, landaretza —landare-motak eta neurriak— eta, orokorrean, udalerriaren irudia eratu dezakeen edozein elementu.

Eraikin berriak nahiz lehendik dauden eraikinen aldaketak egokitu egin beharko dira, oinarrizko ezaugarrietan, kokatuta dauden tokiko girora.

81. artikulua.- Kanpoaldeko tratamendua beheko solairuetan:

Eraikin berrien proiektuek beheko solairuko betegune-hutsuneen eraketa eraikinaren gainontzeko fatxadaren arabera definitu beharko dute; horrenbestez, beheko baoetan, oinarrian, goiko hutsuneetako ardatzak mantenduko dira.

Eraketa hori iraunkorra izango da, eta ezingo da aldatu beheko solairuak egokitzeko jarduketetan.

Beheko solairuetan portxerik badago, goialdeko fatxadaren betegune-hutsuneen eraketa bat etorri beharko da portxetako hutsune eta pilastrekin.

Lehendik dauden eraikinetan, beheko solairuko lokaletan jarduketaren bat eginez gero, fatxada-tratamendua eraikin osoarekin bat etorriz, harmonikoki egin beharko da, nahiz baoen eraketari dagokionez —goiko solairuetako ardatzak errespetatu beharko baitira—, nahiz beteguneen tratamenduan eta horietan erabili beharreko materialei dagokienez.

Beheko solairuetan, bide edo espazio libre publikoetara ematen duten fatxadak bukatzeko —beheko solairu horien sabaiaren forjaturaino— material iraunkorrak erabili beharko dira, hala nola, harri-xaflak, bistako adreilu trinkoa, edo eguneroko kolpeak kalterik gabe jasan ditzaketen beste batzuk.

Ez dira onartuko luzitutako bukaerak —edo horien pareko— ez badute gutxienez 1,00 metroko harri-xaflazko edo antzeko zokaloa.

Beheko solairu batean jarduerarik ez dagoen denboraldietan, erakusleihoak eta sarbideko ateak kokatzeko aurreikusita dauden baoak itxi egin beharko dira adreiluzko itxituraz, eta gero zarpiatu eta fatxada osoarekiko harmonikoki margotu beharko dira.

Kasu horretan, aireztatzeko hutsune txiki batzuk jarri beharko dira itxituraren goialdean. Hutsuneen azalera, gutxienez, 1,00 metro koadrokoa izango da lokalaren 50,00 metro koadroko.

Debekatuta daude honelako itxiturak: tabike zulatuak, oholezko itxiturak eta hiri-inguruneko berezko apaintasunarekin bat ez datozen beste batzuk.

Lokal guztiek, gutxienez, sartzeko ate bat izan beharko dute.

82. artikulua.- Mehelinak:

Agerian gelditzen diren mehelinetako horma-atalak egokitu egin beharko dira, gainontzeko fatxaden adinako duintasuna izan dezaten itxuraz nahiz kalitatez (isolamendua barne).

Hiri-apaintasuna dela-eta, garrantzizko espazio publiko estetiko zehatz batzuetan, Udalak bere gain hartu ahal izango ditu mehelinak hobetzeko lanak.

83. artikulua.- Arropa-esekilekuak:

Eraikinaren ezaugarriengatik ezinezkoa bada arropa esekilekua espazio publikotik ez ikusteko moduan jartzea, esekilekua babestu egin beharko da sareten bitartez edo, bestela, esekitako arropa kanpoaldetik ez ikusteko moduko beste elementu batzuen bidez. Elementu horiek fatxaden eraketaren baitan sartuta egon beharko dira, eta eraikinen exekuzio-proiektuetan definitu beharko dira.

Eraikin berrietan, esekilekurik izateko aukerarik ez balego, eraikitze-lizentzia ematerakoan, Udalak exijitu ahal izango du arropa-lehorgailuak edo antzeko instalazioak jarri behar izatea.

84. artikulua.- Fatxadak aldatzea:

Lehendik dauden eraikinetako fatxadetan aldaketak egin ahal izango dira baldin eta aldatzeko eskaerarekin batera proiektu egoki bat aurkezten bada, multzo arkitektonikoaren azken emaitza zuzena izango dela bermatzeko adinakoa.

Hirigune Historikoko arean sartuta ez dauden eraikinetan eta Plan Orokor honen Katalogoan sartuta ez dauden eraikinetan, terrazak eta balkoiak ixtea onartu ahal izango da, baldin eta horretarako eskaera eraikineko etxebizitzen jabe guztiek egiten badute eta eragingo den fatxada osoaren proiektu teknikoa aurkezten bada.

Itxiturak fatxada osorako jarduketa bakar batean egin beharko dira eskaeran zehaztutako epeen barruan.

Balkoiak eta terrazak iraganean modu anarkikoan itxi diren eraikinen kasuan, itxiturak legeztatzeko, eraikin osoari diseinu bateratua emango dion proiektu bat aurkeztea agindu ahal izango du Udalak.

Fatxadak margotzeko orduan, fatxada oso-osoa hartu beharko da; beraz, debekatuta dago espresuki fatxada-zati bat bakarrik margotzea, eta debekatuta dago baita etxebizitza bakoitzari dagozkion elementuak bakoitzak bere aldetik margotzea ere.

85. artikulua.- Finkak ixtea:

Hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian, jabetza pribaturen bat mugatzen duten finka guztiak hesitu egin beharko dira itxitura iraunkorren bidez. Itxitura horiek, espazio publikoko mugetan, lerrokadura ofizialaren gainean kokatuko dira; eta besteak, jabe apartekoen finken mugalerroen gainean. Hesi horiek eratzeko, horma itsuak eraiki eta gainean burdin sarea jarriko da.

Hesiaren altuera guztira ez da izango 2,30 metrotik gorakoa, eta horma itsuarena ere ez 1,00 metrotik gorakoa.

Itxituren alde itsua eraikitzeko material iraunkorra erabili beharko da, hala nola, harlangaitza, bistako adreilua, ondorengo tratamendurik gabeko blokeak, etab. Ezingo da erabili ageriko hormigoia, eta ezta luzitze- edo margotze-lanak edo aldikako mantentze-lanak behar dituzten beste antzeko batzuk ere.

Itxituren altuera neurtzeko, espazio publikoekin muga egiten duten itxituretan, espazio publikoen sestra hartuko da oinarri.

Finken arteko banaketa-guneetan, berriz, itxitura jarri den zoruaren sestra .

Kasu oso berezietan, horma itsua altuagoa izan liteke, sestra-koten arteko aldeak horretara derrigortuz gero —bai bi finken arteko sestra-koten aldeak, bai finka baten sestra-kotaren eta espazio publiko mugakidearen sestra-kotaren artekoak—.

Horrelakoetan, eustormetako ageriko aldea harlangaitzez bukatuko da, inguruko jarduketetan erabili den antzeko harriaz.

Finkak ixteko, inoiz ere ez da onartuko pertsonak zein animaliak kaltetu edo zauritu litzaketen elementuak erabiltzea, hala nola, alanbre arantzaduna edo antzekoak.

86.- artikulua.- Apaintasuna espazio libre pribatuetan:

Jabetza pribatuko lorategiak, patioak eta espazio irekiak, derrigorrez, behar bezalako baldintzetan mantendu beharko dira higiene, apaintasun eta txukuntasunari dagozkienez. Beharrezkoak dituzten urbanizazio-elementuez hornituko dira; hala nola, euri-uren hartuneak, argiteria, berdeguneei dagozkien landaketak eta ereintzak, etab. izango dituzte

Udalak, espazio horien jabeei, une oro exijitu ahal izango die tokiak behar bezalako baldintzetan mantentzea.

Hirigintza