Arau Subsidiarioak behin betiko onartzeko Ebazpenean jasotzen den moduan, Arauak idazterakoan erantzun egin behar izan zitzaien honako Lege hauetatik eratorritako betebeharrei:

  • Lurzoruaren Araubideari eta Hiri-Antolamenduari buruzko Legearen Testu Bateratua —ekainaren 26ko 1/1992 Legegintzako Errege-Dekretuak onartua—.
  • Eusko Legebiltzarreko 17/1994 Legea, Etxebizitzaren arloko Presako Neurriak eta Hirigintza-Plangintzako zein -Kudeaketako Tresnak Izapidetzeko Presako Neurriak zehazteari buruzkoa.

Arauak behin betiko onartu ondoren, honako lege hauek aurretik indarrean zeuden beste batzuk aldatu dituzte:

  • Apirilaren 13ko 6/1998 Legea, Lurzoruaren Araubideari eta Balorazioei buruzkoa.

Lege honek ez du eraginik, zuzenean, legea atera baino lehen onartutako plangintza-dokumentuetan. Horrela dago jasota Legearen 6. puntuan, arrazoiak azaltzerakoan:

Estatuaren eskumenen esparruan hertsiki mantendu nahi izan da, Auzitegi Konstituzionalak 1997ko martxoaren 20an emandako epaian zehatz-mehatz mugatutako eskumenen esparruan, hain zuzen; eta, horrenbestez, ez du inongo asmorik ez hirigintza-plangintzan ez kudeaketan eragiteko, eta ezta horien kontrolean ere.

  • Eusko Legebiltzarreko apirilaren 20ko 11/1998 Legea, Hirigintza-Ekintzak sortutako Gainbalioetan Erkidegoak izan behar duen Partaidetza zehazten duen Legea aldatzen duena.

  • Eusko Legebiltzarreko ekainaren 29ko 20/1998 Legea, Lurzoru-Ondare Publikoei buruzkoa.

Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 20ko 2/2006 Legea indarrean jarri zenean, bere XEDAPEN INDARGABETZAILEAK jasotzen duen bezala, honako lege hauek indargabetuta gelditu ziren:

  1. Azaroaren 17ko 9/1989 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurren Balio-Neurketari buruzkoa.

  1. Ekainaren 30eko 17/1994 Legea, Etxebizitzaren arloko Presako Neurriak eta Hirigintza-Plangintzako eta -Kudeaketako Tresnak izapidetzeko Presako Neurriak zehazteari buruzkoa.

  1. Apirilaren 25eko 3/1997 Legea, Hirigintza-Ekintzak sortutako Gainbalioetan Erkidegoak izan behar duen Partaidetza zehazten duena.

  1. Martxoaren 6ko 5/1998 Legea, Lurzoruaren Araubidearen eta Hiri-Antolaketaren arloko Presako Neurriak zehazteari buruzkoa.

  1. Apirilaren 20ko 11/1998 Legea, Hirigintza-Ekintzak sortutako Gainbalioetan Erkidegoak izan behar duen Partaidetza zehazten duen Legea aldatzen duena.

  1. Ekainaren 29ko 20/1998 Legea, Lurzoru-Ondare Publikoena.

  1. Lege honetan xedatutakoaren kontra doazen edo xedatutakoarekin bat ez datozen maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

2/2006 Legearen BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRAK, hirigintza-antolamenduko planen eta bestelako tresnen indarraldia eta egokitzapenari buruzkoak, honakoa xedatzen du 1. puntuan:

“Lege hau indarrean sartzean behin betiko onartuta dauden plan orokorrek eta arau subsidiarioek, eta orobat haien aldaketek eta berrikuspenek, indarrean jarraituko dute; nolanahi ere, bete beharrekoa izango da babes publikoko araubide bati atxikitako etxebizitzen eta zuzkidurazko bizitokien estandarrei buruz hurrengo lerroaldeetan eta aldi baterako xedapen hauetan ezarritakoa.”

Indarrean dauden Planeamenduko Arau Subsidiarioak berrikusteko prozesua honela hasi zen: Bergarako Udalbatzak 2005eko azaroaren 21eko bileran Aurrerakin-dokumentu bat jendaurrean jartzea erabaki zuen; erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2005eko abenduaren 5ean argitaratu zen. Jendaurreko epealdia bukatutakoan, Udalbatzak 2006ko uztailaren 6ko bileran honakoa erabaki zuen: aurkeztutako iradokizunei erantzuna ematea eta Berrikuspeneko dokumentua idazteko irizpideak zehaztea.

Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Lege berria 2006ko irailaren 20an jarri zen indarrean. Lege horren BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRAK 2. puntuan honela dio:

“Antolamendu xehatuko planez eta antolamenduko gainerako tresnez bezainbatean, lege hau indarrean jarri ostean egiten badira eta hasierako onespena ere ostean ematen bazaie baina legeari erabat egokituta ez badaude,plan eta tresna horiei buruz legeak ezarritakoari egokitu beharko zaizkio bere osotasunean.”

Horrela, Bergarako Udalak ordurako hasita zeukan Berrikuspeneko dokumentua Lege berrira egokitzea erabaki zuen.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak 2008ko ekainaren 23an honako hau argitaratu zuen: Ekainaren 3ko 105/2008 Dekretua, Premiazko Neurriei buruzkoa —Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea garatzen duena—. Dekretu horren AZKEN XEDAPENAK (Indarrean jartzeari buruzkoak) honela dio: Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.” Argitaratu, 2008ko ekainaren 23an argitaratu zenez, urte eta hil bereko 24an jarri zen indarrean.

Bergarako Hiri-Antolamenduko Plan Orokor berriari hasierako onarpena 2007ko apirilaren 16an eman zitzaion, hau da, aurrez aipatu dugun Dekretua argitaratu baino urtebete luze lehenago. Ordurako, jendaurreko epealdia bukatuta zegoen, aurkeztutako alegazio-idatzien gaineko txostenak eginda eta Udalak onartuta zeuden, Plangintzarako Aholku-Batzordearen bilerak eginda zeuden —azken erabakiak hartzeko bilerak barne—, eta Udalak dagoeneko zehaztuta zeuzkan zeintzuk ziren aurretik onartutako dokumentuari egin behar zitzaizkion funtsezko aldaketak; izan ere, 2008ko uztailaren 16an hasierako onarpena eman zitzaien aldaketa horiei, jendaurrean jartzeko.

Lehen esan den bezala, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 8/2006 Legearen BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORREKO 2. puntuan zehazten dira zein baldintzatan egokitu behar diren lege berrira antolamendu xehatuko planak nahiz antolamenduko bestelako tresnak.

105/2008 DEKRETUAK 2/2006 Legea garatzen du; beraz, ulertzen denez, Bergarako moduko plan orokorrek —hasierako onarpena DEKRETUA indarrean jarri aurretik jaso dutenek— ez dute bete behar hertsiki Dekretu hori; hala ere, Bergarako Plan Orokorrak haren xedapen gehienak betetzen ditu.

Hirigintza