Euskadiko Autonomia Erkidegoko Lurralde-Antolamenduaren Artezpideak (LAA/DOT artezpideak) Gobernu-Kontseiluak onartu zituen behin betiko otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuaren bidez (EHAAn 1997ko otsailaren 12an argitaratuta) eta Dekretu horren akatsak zuzentzeko maiatzaren 27ko 127/1997 Dekretuaren bidez (EHAAn 1997ko ekainaren 4an argitaratuta).

Dokumentuaren 22. Kapituluan, LAA/DOT artezpideak aplikatzeko arauak zehazten dira; eta horren 2. atalean izaera loteslea duten arauak eta izaera orientatzailea baino ez dutenak bereizten ditu. Izaera loteslea duten xedapenak berehala aplikatu beharrekoak dira indarrean jartzen direnetik aurrera, nahiz eta udal plangintza xedapen horietara gerora egokitu.

Udal-plangintzarako orientabideak eta erreferentzi puntuak honako ataletan jasotzen dira: LAA/DOT artezpideen 2.2.II - Lurralde Eredua ataleko e) puntuan; 2.2.III - Ongizate eta Berrikuntzarako Lurralde Ekimenak ataleko e) puntuan; eta 2.2.IV - LAA/DOT artezpideak Aplikatzeko Gakoak eta Erreferentziak ataleko e) puntuan.

22. Kapitulu bereko 5. atala udal plangintza LAA/DOT artezpideetara egokitzeari buruzkoa da. Bertan zehazten denez, LAA/DOT artezpideak onetsi ondoren lurralde-antolamenduko tresnak formulatu eta onesteko prozesu bat irekiko da. Era honetan LAA/DOT artezpideetan udalerrien plangintzarako adierazten diren zehaztapen horiek Lurraldearen Antolamendurako Zatiko Planen eta Lurraldearen Antolamendurako Arloko Planen bitartez garatu eta zehaztuko dira. Udalerriek dituzten plangintzak egokitu egin beharko dituzte aipatutako zehaztapen horietara; eta edozein kasutan ere, Artezpide hauek indarrean sartzen diren unetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako plangintza orokorren berrikuspen orok LAA/DOT artezpideetako zehaztapenetara egokitu izana egiaztatu beharko du bere onespenerako.

Hirigintza