Indarreko Arau Subsidiarioetan, bizitegi-kalifikazioa duen lurzorua hainbat area eta sektoretan banatuta dago. Area eta sektore horien garapen-maila aztertu ondoren, honako emaitzak ditugu:

Bizitegi-kalifikazioa hiri-lurzoruan

  • A-4 area.- Ibarra kaleko bizitegi-eremuari dagokio. Eraikuntzaren bidez finkatuta zegoen eta ez zen inolako eraikitze-jarduketa berririk aurreikusten.

  • A-8 area.- Ozaeta jauregia eta erantsitako lorategiak hartzen dituen eremuari dagokio. Finkatuta dago.

  • A-9 area.- San Antonio, Martoko eta Zubiaurre kaleetako eremua hartzen du. Birgaitze- eta ordezkatze-jarduketak besterik ezin da egin. Arau Subsidiarioak onartu zirenetik honako urteetan, Zubiaurre kaleko 11, 13, 15, 17 eta 28 zenbakietan egindako ordezkatze-jarduketak besterik ez da egin. Zubiaurre kaleko 2, 4 eta 6 zenbakidun eraikinak bota edo eraitsi dira, eta eraikin berri bat altxatzen ari dira eraitsitako hiruen ordez. San Antonio kaleko 7 zenbakidun eraikina ere (Kamineroen etxea izandakoa) bota egin da eta ordezteko lanak hasi dira. Oraindik orain, Zubiaurre kaleko 3, 5 eta 7 zenbakidun eraikinak botatzeko eta berriak eraikitzeko baimena eskatu berri dute.

  • A-10 area.- Martoko eta Zubiaurre kaleetan, ezkerraldean eta goiko aldean eraiki gabe dauden lursailak hartzen ditu. Indarreko Arauek 38 etxebizitza berri eraikitzea onartzen dute. Area ez da garatu.

  • A-11 area.- San Migel kaleko zenbaki bikoitiak eta kale bereko 7 eta 9 zenbaki bakoitiak hartzen dituen eremu txikia da. Ez da aurreikusten eraikin berririk egiteko inolako jarduketarik.

  • A-12 area.- Honakoak hartzen ditu: Urteaga kalearen hasieran dauden lursailak eta eraikin zaharrak, Movilla fabrikarainoko zenbaki bikoitiak, eta San Migel kaleko eraikin batzuk. Area honen kudeaketa ez da erraza; izan ere, batetik, Uhola (Deskarga) erreka ubideratzeko oso lan handiak egin behar dira, eta, bestetik, jendearen bizileku diren hainbat eraikin bota egin behar dira, Arau Subsidiarioek eurek eraikinok antolamenduz kanpo daudela erabaki baitute. Kudeaketa publikoaren bitartez, eta Eusko Jaurlaritzako, Foru Aldundiko eta Bergarako Udaleko administrazioek esku-hartuta, antolamenduz kanpo zeuden eraikinak eraitsi dira, Uhola erreka-ertzak Deba ibaian amaitu arte berrantolatu eta ubideratu dira, eta Babes Ofizialaren onurak dituzten 36 etxebizitza eraiki dira, aurreikusitako 58etatik. Azken 22 etxebizitzak eraikitzeko lanak ere bukatu berri dira, baina oraindik ezin da inor bizi.

  • A-16 area.- Urteaga kaleko lursail eta eraikin bakoitiak hartzen ditu, Movilla S.A. industriaren lehortegi zaharra eta guzti. Indarreko Arauetan ezartzen denez, eraikin-multzo bat antolatzen da, gehienez ere 60 etxebizitza berri izango dituena; eta horietatik 2/3 Babes Ofizialekoak izan beharko dira. Lursail gehienak Industrias Movilla S.A. merkataritza-sozietatearen jabetzakoak ziren, eta ibilgailuak aparkatzeko zein kamioiak maniobratzeko erabiltzen zituzten. Horrexegatik ez ziren garatu joandako urteetan. Industria itxi zenean eta lursailak enpresa eraikitzaile batek erosi zituenean, orduan hasi zen eraldaketa-prozesua udalerriaren alde honetan. Urteaga kaleko 19 eta 21 zenbakidun bizitegi-eraikinak bota zituzten eta, horien ordez, 20 etxebizitzako eraikin berri bat altxatu zuten. Berrikiago bota zituzten Industrias Movilla S.A. merkataritza-sozietatearen pabiloi industrialak.

  • A-17 area.- Ia bat dator 20. poligonoa (Mintegi) izandakoaren eremuarekin. Zeharo eraikita eta urbanizatuta dago.

  • A-19 area.- Area honen eremua bat dator San Antonio-Masterreka Planaren Plan Partzialeko Elementuak Berritzeko proiektuaren “G” Hirigintzako Jarduketa-Unitatekoarekin. Zeharo eraikita dago, eta Arrizuriaga parkea egokitzeko lanak egitea besterik ez du falta.

  • A-20 area.- Honako hau da, indarreko Arau Subsidiarioak onartu aurretik, udalerrian etxebizitza berriak egiteko zegoen erreserba nagusia; baina, kudeaketa-zailtasunak zirela-eta, ezin izan zen orduan aurrera eraman. Arau Subsidiarioen bitartez, area garatu ahal izateko bideak ireki ziren. Arauak onartu ondoren, area garatzeko eta kudeatzeko plangintza-dokumentuak ere onartu ziren behin betiko. Horri esker eraiki ziren orain bukatuta dauden 406 etxebizitzak. Area zeharo urbanizatuta dago. Arearen garapenari lotuta dagoen jarduketa bat oraindik egiteko dago: Arrizuriaga parkea egokitzeko lanak.

  • A-21 area.- San Antonio-Masterreka Plan zaharreko "C", "D", "E" Hirigintzako Jarduketa-Unitateetan eta zati batean "F" unitatean zeuden lursailak dira. Indarreko Arau Subsidiarioak behin betiko onartu baino lehen, eraikita eta urbanizatuta zeuden.

  • A-22 area.- San Antonio-Masterreka Plan zaharreko "A" eta "B" Hirigintzako Jarduketa-Unitateetan zeuden lursailak dira. Indarreko Arau Subsidiarioak behin betiko onartu baino lehen, gehienak eraikita eta urbanizatuta zeuden. Zubieta kaleko 1 eta 3 zenbakidun eraikinak bota dira. Horri esker, Bideberri kalearen urbanizazioa osatu, eta Zubieta eta Masterreka kaleekin lotu ahal izango da.

Irizar pasealekuko 5. zenbakian eraikin berri bat altxatu da, eta Irala zinea izandakoaren ordez beste bizitegi-eraikin bat egin da; biak ere Arauetako xedapenen araberakoak dira.

  • A-24 area.- Zabalotegi kalean, indarreko Arau Subsidiarioak behin betiko onartu aurretik eraikita eta urbanizatuta zeuden lursailak dira.

  • A-26 area.- Hirigune Historikoko lursailak hartzen ditu. Indarreko Arauetan, lehendik zeuden eraikinak birgaitzeko edo ordezteko jarduketak —kasuan kasuan—, besterik ez da proposatzen. Aurreikusitako Birgaitze-Plan Berezia ezin izan da onartu, izapidetze-prozesua hasi bazen ere hasierako onarpenarekin. Dena den, eraikin batzuk ordezteko jarduketak burutu dira.

  • A-27 area.- Basarte kalean, indarreko Arau Subsidiarioak behin betiko onartu aurretik eraikita eta urbanizatuta zeuden lursailak dira, Soledadea izenez ezagutzen direnak.

  • A-28 area.- Arruriaga eta Aranerreka kaleek bat egiten duten tokiko lursailak dira. Lehen, bertan, La Bergaresa autobus-enpresaren instalazioak zeuden. Indarreko Arau Subsidiarioak behin betiko onartu aurretik, eraikita eta urbanizatuta zeuden.

  • A-29 area.- Iraburu-Aundi baserriak hartzen dituen lursailak dira. Indarreko Arau Subsidiarioen arabera, familia bakarreko lau etxebizitza eraikitzea onartzen da; gaur egun egin gabe daude.

  • A-30 area.- Lehengo 32. poligonoa (Bolu) izandakoan zeuden lursailak hartzen ditu ia guztiz. Zeharo eraikita eta urbanizatuta daude.

  • A-31 area.- Aurreko plangintzan Arruriagako Etxadia (Burdiñate) deitzen zen etxebizitza-multzoak betetzen dituen lursailak dira. Indarreko Arau Subsidiarioak behin betiko onartu aurretik eraikita eta urbanizatuta zeuden.

  • A-32 area.- Kruz Gallastegi, Bideberri eta Masterreka kaleek mugarritzen dituzten lursailak dira. Indarreko Arau Subsidiarioak behin betiko onartu aurretik eraikita eta urbanizatuta zeuden.

  • A-33 area.- Masterreka eta Zubieta kaleetako zenbaki bikoitiei dagozkien lursailak dira. Indarreko Arau Subsidiarioak behin betiko onartu aurretik eraikita eta urbanizatuta zeuden. Masterreka kaleko 10, 12 eta 32 zenbakietan ordezkatze-jarduketak egin dira, eta kale bereko 30 zenbakidun eraikina birgaitzeko lanak egiten ari dira.

  • A-34 area.- Zubieta kaleko 64 zenbakidun finkan hasi eta Mugertza kaleko 16.eraino doa. U-34.1 unitatean aurreikusitako 18 etxebizitzak eraikita daude, eta ingurua ere urbanizatuta dago. U-34.2 unitatean ordezkatze-jarduketak besterik ezin da egin. Mugertza kaleko 14 zenbakidun eraikina ordezkatu da.

  • A-35 area.- Madura kalean, indarreko Arau Subsidiarioak behin betiko onartu aurretik eraikita eta urbanizatuta zeuden lursailak hartzen ditu.

  • A-36 area.- Mugertza kaleko eta Leizariako San Lorentzo kaleko zenbaki bakoitietan dauden finkak hartzen ditu Agorrosingo zubiraino. Area guztia hiru Exekuzio-Unitatetan banatzen da. U-36.3 unitatean, lehendik dauden eraikinak finkatu egiten dira. U-36.1 eta U-36.2 unitateetan, berriz, Leizariako San Lorentzo kaleko 1 eta 15 zenbakidun eraikinak finkatzen dira, eta lehendik dauden eraikinak ordezkatzekotan gorde beharreko lerrokadurak eta sestrak zehazten dira. Eremu osoa berrantolatzeko, U-36.2 unitatea garatzeko dokumentuak onartuta daude, eta aurreikusitako eraikinak gaur egun eraikitze-fasean daude.

  • A-37 area.- Aurreko plangintzan Santa Marina Aldea deitzen ziren lursailak dira. Indarreko Arau Subsidiarioak behin betiko onartu aurretik eraikita eta urbanizatuta daude.

  • A-38 area.- Area honen eremua bat dator lehen 38. poligonoa (Matxiategi) izandakoarekin. Indarreko Arau Subsidiarioak behin betiko onartu aurretik eraiki ziren eraikin guztiak, eta baita ingurua urbanizatu ere.

  • A-45 area.- Osintxu auzoko bizitegiko hirigunea eratzen duten lursailak dira. Indarreko Arau Subsidiarioetan, lehendik dauden eraikinak ordezkatzeko jarduketak besterik ez da aurreikusten. Ordezkatze horien artean honako jarduketa proposatzen da: “Miguel Adánez e Hijos” eta “Rodamientos Eder S.A.” enpresen jabetzako eraikin industrialak ordezkatzea, eta bizitegi izateko eraikin berri bat eraikitzea, 16 etxebizitzarekin eta garajeekin. Jarduketa bukatuta dago eta ingurua urbanizatuta.

  • A-47 area.- Angiozar auzoko bizitegiko hirigunea eratzen duten lursailak dira. Indarreko Arau Subsidiarioek bi Exekuzio-Unitate bereizten dituzte, EU-47.1 eta EU-47.2, guztira 14 etxebizitza eraikitzeko. Gaur egun bukatuta daude. Indarreko Arauetan, halaber, hiri-lurzoru gisa sailkatutakoan, eraikitzeko aukera duten beste hiru partzela mugarritu dira, bakoitzean familia biko eraikin bana egiteko modukoak. Gaur egun egin gabe daude.

Bizitegi-kalifikazioa lurzoru urbanizagarrian

  • S-3 sektorea.- Honako hauen artean mugarrituta gelditzen diren lursailak hartzen ditu: batetik, Candy Hoover Electrodomésticos S.A. industriatik gertu doan GI-627 saihesbidea; bestetik, Ozaeta kaleraino doan lehengo saihesbidea; eta azkenik Aumategirako lehenengo bidetartea. Arau Subsidiarioen sailkapenaren arabera, lursailak urbanizagarriak dira eta bertan babes ofizialeko 48 etxebizitza eraiki daitezke, eta gehienez ere bizitegiko 4.800 m2-ko sabai eraikigarriarekin. Gaur egun, sektoreko Plan Partziala onartuta dago behin betiko. Plan Partzial horretan, batetik, Babes Ofizialeko erregimenaren menpeko 32 etxebizitzako eraikina antolatu da, bestetik lehendik dauden familia bakarreko hiru etxebizitza finkatu dira eta, azkenik, eraikin horien baten gainean laugarren etxebizitza bat eraikitzeko aukera onartu da.

  • S-7 sektorea.- Moiua dorrearen inguruan lurzoru urbanizagarri gisa mugarritutako lursailak dira. Arau Subsidiarioek 20 etxebizitza eraikitzea ahalbidetzen dute, gehienez ere bizitegiko 3.880 m2-ko sabai eraikigarriarekin. Etxebizitzak eraikita daude, bertan jendea bizi da eta eremu osoa urbanizatuta dago.

Azaldutakoaren laburpen gisa, indarreko Arau Subsidiarioek bizitegirako kalifikatutako 57.692 m2 sabaikoak kontuan hartuta, honako area hauek ez diote ekin garatze- edo eraikitze-prozesuari:

A-10 area: Martoko gaina 3.260 m2(s).
A-29 area: Iraburu baserriko lursailei dagokiona  800 m2(s).

Horrenbestez, hiri-lurzoruan, bizitegi-sabaiko 4.060 m2 eraikitzeko daude. Eraikita dauden edo garapen-faseko planeamendua duten metro koadroak 53.632 m2 dira, hau da, hiri-lurzoruan aurreikusitako guztiaren % 92,96.

Lurzoru urbanizagarrian, berriz, lehen azaldu den moduan, S-3 sektoreko Plan Partziala behin betiko onartuta dago. S-7 sektorea zeharo eraikita eta urbanizatuta dago. Horrenbestez, gaur egun esan dezakegu lurzoru urbanizagarri gisa sailkatuta dagoen eta bizitegi-kalifikazioa duen lurzoruaren % 100 edo eraikita edo garatzeko bidean dagoela.

Hirigintza