Indarreko Arau Subsidiarioetan, industria-kalifikazioa duen lurzorua ere hainbat area eta sektoretan dago banatuta. Bizitegi-lurzoruarekin egin den bezala, area eta sektoreen garapen-maila aztertu ondoren, honako emaitzak ditugu:

Industria-kalifikazioa hiri-lurzoruan

  • A-1 area.- Ola automobil-kontzesionarioak betetzen dituen lurrak eta ondokoak dira. Indarreko Arau Subsidiarioek lehendik dauden eraikinak finkatu egin dituzte; eta ez dago tokirik, berez, industria berririk kokatzeko.

  • A-2 area.- Eskualdeko GI-627 errepidearen eta Deba ibaiaren arteko lur-zerrenda bat hartzen du; bertan, gaur egun, hainbat enpresa daude, hala nola, Industrias Biltoki S.A. Indarreko Arau Subsidiarioek lehendik dauden eraikinak finkatu egin dituzte. Bakar-bakarrik Biltokiko jabetzako partzelan eta Benta-Egino baserriak betetzen duen ondokoan eraiki ahal izango dira eraikin berriak, eta gutxi gorabeherako 5.000 m2-ko sabaiarekin.

  • A-3 area.- Gaur egun “Aceralia Perfiles Bergara S.A.” enpresak betetzen du. Indarreko Arau Subsidiarioek lehendik dauden eraikinak finkatu egin dituzte, eta industria-jarduera berean egin ahal izango diren eraikin berriak ere arautu dituzte.

  • A-5 area.- Gaur egun “Candy Hoover Electrodomésticos S.A.” eta “Maderas Irizar S.A.” enpresek betetzen dute. Indarreko Arau Subsidiarioek lehendik dauden eraikinak finkatu egin dituzte. Arearen Ezaugarrien Koadroko Hirigintza-Helburuak puntuan jasotzen denaren arabera, industria bi horiek ezartzeko zein handitzeko beharrei erantzun asmoz egin da mugapen hau. Gaur egun, Candy Hoover Electrodomésticos S.A. enpresak agortuta dauzka eraikitzeko aukerak.

  • A-13 area.- Movilla S.A.” eta “Carpintería Arregui S.L.” enpresek betetzen dute. Movilla S.A. enpresak jarduera itxi egin zuen eta areako lursail guztiak saldu egin zituen. Arregi aroztegiak instalazioak handitu ahal izango lituzke, Arau Subsidiarioek mugatutakoaren barruan.

  • A-14 area.- Hainbat enpresak betetzen dute. Gaur egun agortuta daude arean eraikitzeko aukerak.

  • A-15 area.- Automobilen salmenta eta konponketarako enpresa batek betetzen du. Arau Subsidiarioek onartzen duten eraikitze-aukera bakarra honakoa da: lehendik dagoen industrian handitze-lan txiki bat egitea, besterik ez.

  • A-18 area.- "Tavex Algodonera S.A.” industriak betetzen du. Indarreko Arau Subsidiarioek agintzen dutenez, gaur egungo aprobetxamenduak gehitu litzakeen eraikitze-lanik ezin da egin. Edozein kasutan, industria-jarduera hau lekuz aldatu da enpresa berak Elorregi auzoan duen fabrikara joanda, eta industria-eraikinak gaur egun botata daude.

  • A-40 area.- San Lorentzoko industrialdea deitzen diren lursailak dira. Industria-partzela gehienek agortuta dituzte eraikitzeko aukerak.

  • A-41 area.- Bergara-Elgeta errepidearen ertzean, Deba ibaiaren ondoan dagoen industria-eraikin batek betetako lursailak dira. Eraikitzeko aukerak agortuta dauzka.

  • A-42 area.- “Industrias Linacisoro S.A.” eta “Iberdrola S.A.” merkataritza-sozietateek betetzen dituzten lursailak dira. Linacisoro industriak handikuntza egin nahi zuela-eta, hori ahalbidetzeko, arearen mugak zabaltzea onartu zen behin betiko. Pabiloi berria eraikita dago eta, horrenbestez, areako eraikitze-aukerak agortu dira.

  • A-43 area.- "Hijos de Arturo Narvaiza S.A.” ehungintza-industriak lehen betetzen zituen lursailak hartzen ditu. Industria horrek jarduera itxi egin zuen eta, ondoren, arean zeuden lursailak saldu egin ziren eta lehengo pabiloiak bota. Arau Subsidiarioak garatzeko, honakoak onartu ziren: Xehetasun-Azterketa bat, Urbanizazio-Proiektu bat eta Birpartzelazio-Proiektu bat. Gaur egun, areako urbanizazio orokorra guztiz eginda dago, “Tornillería Deba S.A.L.” enpresaren pabiloiak eraikita eta martxan daude, eta Danobat Koop. industriaren pabiloi eta bulego berriak eraikitzeko lanak ere oso aurreratuta daude. Jarduketa horiekin agortu egiten dira, berez, arean eraikitzeko aukerak.

  • A-44 area.- Soraluce S. Coop.”, “Industrias Urcelay S.A.”, “Mecanizados Osintxu S.A.” eta Begu industriek betetzen dituzten lursailak dira. Areako Barne Erreformarako Plan Berezia onartu ondoren, Urbanizazio-Proiektua eta area behin betiko garatu ahal izateko kudeaketa-dokumentuak ere onartu ziren. Soraluce kooperatibaren kasuan, Plan Bereziak ahalbidetutako pabiloietako bi eta bulego berriak eraikita eta martxan dauzka. Gaur egun, pabiloi berri bat eraikitzen ari da, eta azken partzela bat geldituko da eraikitzeko; azken horrekin agortuko dira arean eraikitzeko aukerak.

  • A-46 area.- Area honek hartzen dituen lursailak Bergara-Elgeta errepidearen lehenengo tartean albo bietara kokatutako industriek betetzen dituztenak dira. Arau Subsidiarioek aurreikusten duten aukera bakarra hauxe da: lehendik dauden industriak handitu ahal izatea, baina betiere zehaztutako aprobetxamendu-parametroak errespetatzekotan. Galeper-haztegiak (Criadero Vascongado de Codornices S.A. merkataritza-sozietateak) lehen betetzen zuen partzelan, honakoa proposatzen da: lehendik dagoen eraikina ordezkatu eta, zehaztutako eraikigarritasun-parametroei ere jarraituz, pabiloi berri batzuk eraikitzea.

  • A-48 area.- “Tavex Algodonera S.A.” industriak Elorregi auzoan betetzen dituen lursailak dira. Arau Subsidiarioek zenbakitan zehazten dutenaren arabera, gauzatzeko dagoen (zegoen) aprobetxamendua 5.562 m2 sabaikoa da. Handitze-lanak egin ziren, eta baita ur-araztegi berri bat ere.

Lurzoru urbanizagarria

  • S-1 sektorea.- Azkarruntz auzoan industria batzuek betetzen dituzten lursailak hartzen ditu. Bertako jabeek sektore osoaren berrurbanizazioa kudeatzen ari dira, eta gauzatzeko dauden aprobetxamenduak agortzen.

  • S-2 sektorea.- “Unión Cerrajera S.A.” enpresarenak izandako pabiloien lursailak hartzen ditu. Kudeaketa publikotik sustatu du Bergarako Industrialdea sozietateak. Sektore osoa eraikita dago, 4. partzelaren zati bat izan ezik; azken honetan, 3.585 m2(s)-ko aprobetxamendua dago eraikitzeko oraindik. Sektoreko urbanizazioa zeharo burututa dago, eta Udalak formalki jasota dauka.

  • S-8 sektorea.- Hemen sartzen dira Barruti-Txiki baserriaren inguruan dauden enpresa batzuek betetako lursailak, gehi Boluberri eta Zubikua baserrietakoak. Sektorea zati batean baino ez da garatu. Arau Subsidiarioek zehaztutako industria-erabilera nagusiaren gehienezko sabaia 11.266 m2-koa da. Hala ere, aipatutako aprobetxamenduak agortu ahal izateko, azken hogei urtetan eraiki diren bi baserri bota egin beharko lirateke eta, horrenbestez, sektorea zaila da kudeatzeko.

  • S-9 sektorea.- Lazpiur eta Gabilondo industriek betetako lursailak hartzen ditu. Lazpiur industriak, gaur egun dauden pabiloiak handitzeko lanetan dihardu.

  • S-10 sektorea.- San Juan auzoan industria batzuek betetzen dituzten lursailak hartzen ditu. Gaur egun, sektorean eraikitzeko aukerak berez ia guztiz agortuta daude.

  • S-11 sektorea.- Aurretik, San Juan auzoan, Ulgor Koop. enpresak bete zituen lursailak dira; gaur egun, hainbat industriak betetzen dituzte. Plan Partziala onartuta dauka, eta urbanizazio publikoa burututa. Sektorean eraikitzeko aukerak mugatuta daude, eta lehendik dauden industrien handitze-beharrak asetzeko dira.

Azaldutakoaren laburpen gisa, honakoa dugu: bizitegi-lurzoruan oraindik eraikitzeko aukerak dituen eremu txikiren bat gelditzen baldin bada ere, industria-lurzoruan, berez, ez dago aukerarik. Horregatik, Bergarako Udalak —Sprilur sozietate publikoarekin batera— San Juan auzoko Larramendi industrialdeari buruzko Arau Subsidiarioetako Aldaketa Puntuala izapidetuta eta onartuta du. Eta horren helburua honakoa izan da: jarduera ekonomikoak ezartzeko, udalerrian kokapen berriak sortu eta lurzorua eduki ahal izatea. Behin betiko onartuta daude Plan Partziala garatzeko dokumentuak, Urbanizazio-Proiektua eta Urbanizatzeko Jarduketa-Programa. Urbanizazio-lanak egiten ari dira.

Hirigintza