Bergaran nekazaritza- eta basogintza-erabilerak antolatzeko, hainbat dokumentuk ezarrita dauzkaten kategoriak erabili dira. Hona hemen dokumentu horiek: Lurralde-Antolamenduaren Artezpideak (LAA/DOT), Debagoieneko Eremu Funtzionalari buruzko Lurraldearen Zatiko Plana, eta EAEko Nekazaritza eta Basoak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana —nahiz eta azken honek behin betiko onarpenik ez izan oraindik—. Era berean, Bergarako Ingurumen-Inpaktuaren Ebaluazio Bateratuaren Azterketan zehaztu ziren kategoriak eta gainjarritako baldintzatzaileak ere jaso dira. Ebaluazio-Azterketa hori EKOS Estudios Medioambientales S.L. sozietateak idatzi zuen.

Lurraldearen Arloko Planak landa-inguruan du eragina; beraz, planak aipatzen dituen lurzoru-erabilerak lurzoru urbanizaezinean kokatzen dira, Sistema Orokorrak kokatu behar diren lursailetan izan ezik.

Hona hemen Antolamenduko Kategorien Sistematizazio Orokorra:

8.5.1.- Babes Bereziko lurzoru urbanizaezina:

Hemen sartzen dira: Irukurutzeta-Sorus-Itxumendi-Gorla-Trekutz eremuko lurrak; Asentzioko aisialdi-eremua; Elorregi-San Prudentzioko aisialdi-eremua; eta interes naturalistikoko basoak, hau da, haltzadi kantauriarraz, harizti azidofilo zein baso misto hostozabalaz, eta pagadi azidofiloaz eratutako bertako basoak.

8.5.2.- Ingurumen-Hobekuntzarako lurzoru urbanizaezina:

Debagoieneko Eremu Funtzionalari buruzko Lurraldearen Zatiko Planak kategoria honetan jaso ditu: Labegaraietako zabortegi-eremua; Epeleko zabortegi-eremua; eta leheneratzeko beharra duten ibaiertzak, hau da, batetik, Deba ibaiko 36. eremuan, Olaren eta Elorregi auzoaren arteko ibaiertzean dagoen txatartegia, eta bestetik, Angiozarko 1. eremua, Labegaraietako zabortegiko goiko aldeari dagokiona.

8.5.3.- Baso-kategoriako lurzoru urbanizaezina:

Kategoria honetan sartzen dira, gaurko erabilera eta etorkizuneko aurreikuspenak kontuan hartuta, baso-erabileretarako joera garbia antzematen zaien lursailak. Hortik kanpo gelditzen dira beheko aldeetan eta landazabalean dauden eta horien parte diren baso-esparruak; izan ere, baso horiek nekazaritza- zein abeltzaintza-erabilerekin bateratu, ordezkatu edo txandakatu daitezke. Ez dira hemen sartzen, ezta ere, 8.5.1 puntuan aipatutako interes naturalistikoko basoak.

8.5.4.- Nekazaritza-, Abeltzaintza- eta Landazabal-kategoriako lurzoru urbanizaezina:

Kategoria honetan daude nekazaritza-erabilerarako ahalmen handiena duten lursailak; eta baserri guzti-guztiak horietan daude kokatuta. Nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-erabilerak batera gauzatzen dira, eta txandaka ere garatu daitezke hainbat faktore gertatuz gero.

Tramitatzen ari den Nekazaritza eta Basoak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planak, kategoria honen barruan, beste bi azpikategoria bereizten ditu: Balio Estrategiko Handiko Nekazaritza eta Abeltzaintzaren azpikategoria, eta Trantsizioko Landa-Paisaiaren azpikategoria.

Lehenengoaren barruan sartzen dira nekazaritza-arlorako estrategikotzat har daitezkeen guneak; horrexegatik, gune horiek mantentzea eta zaintzea lehenesten da, beste erabilera batzuen kaltean. Horien artean sartzen dira, batetik, nekazaritza-ahalmen handien duten lurzoruak eta, bestetik, modernotasunagatik, errentagarritasunagatik edo iraunkortasunagatik arlorako estrategikotzat jotzen diren nekazaritza-ustiapenen lursailak.

Trantsizioko Landa Paisaiaren azpikategoriaren barruan sartzen dira, malda handiagoa izateagatik, aurrekoak baino ekoizpen-ahalmen txikiagoa duten gune landuak; izan ere, larreak eta baso-gune txikiak mosaiko-eran tartekatuta dituzten landazabal-guneak baitira.

8.5.5.- Mendi-Larreen kategoriako lurzoru urbanizaezina:

Kategoria honetan sartzen dira mendigoietako abeltzaintzarako lursailak. Nekazaritza eta Basoak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planak ez du mugarritu Bergaran kategoria honetako gunerik.

8.5.6.- Lur Gaineko Urak Babesteko kategoriako lurzoru urbanizaezina:

Hemen sartzen diren lursailak EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak antolatzeko Lurraldearen Arloko Planak mugarritu ditu, Gipuzkoako isurialde kantauriarreko atalean.

Gune hauetan aplikatu beharreko irizpide orokor gisa, ahalbidetu egingo da uraren kalitatea zaintzea, ibilguak eta ibaiertzak okupatu gabe gordetzea, eta arrisku naturalek sortu ditzaketen kalteak txikiagotzea. Plan horrek, halaber, ibai-ertzetan jarduteko, hainbat alderdiren araberako —ingurumen-, hidraulika- eta hirigintza-alderdien araberako— irizpideak ere ezartzen ditu.

Dokumentu honetako Lurzoru-Erabileren Proposameneko planoetan (3. multzoko planoak), landa-ingururako proposatzen diren erabilerak jaso dira. 4. multzoko planoetan, berriz, Gainjarritako Baldintzatzaile gisa honakoak jaso dira: kutsadura-arriskua duten akuiferoen eremuak, eremu higagarriak eta higatzeko arriskua dutenak, interes naturalistikoko eremuak eta loturako korridore ekologikoa, uholde-arriskua duten eremuak, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen katalogoa eta zarata-eremuak.