Aurreko prozesuari jarraipena emanez, Hiri-Antolamenduko Plan Orokorra idatzi zen, hasierako onarpena eman ziezaioten. Plan Orokorrak aurretik idatzitako Aurrerakin-dokumentua garatzen zuen, eta Bergarako Udalbatzak 2006ko uztailaren 6ko bileran zehaztutako irizpide eta helburuak jaso zituen.

Halaber, dokumentuan jasotako irtenbideak ere justifikatzen ziren. Izan ere, Aurrerakin-dokumentuaren jendaurreko epean herritarrek parte hartzerakoan aurkeztu zituzten iradokizun eta proposamenak aztertu, eta gero ere Aholku-Batzordeko bileretan eztabaidatu ondorengo irtenbideak baitira.

Justifikatzen zuen, halaber, Ingurumen-Eraginari buruzko Aurretiko Txostena bete izana. Txostena Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendari Nagusiak eman zuen 2007ko urtarrilaren 8an. Txostenari buruz ere esan behar da Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak eman zuela, baina Aldundiak ordurako ez zeukan horrelakorik lantzeko eskumenik; izan ere, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak, Plan Orokor berriak arautzen dituenak, Bergarako Udalari ematen dio Plan Orokorra behin betiko onartzeko eskumena. Horretaz gain, epez kanpo eman zen, bidaltzeko idatzian aitortzen den bezala.

Bergarako Udalbatzak, 2007ko apirilaren 16ko bileran, honako erabakia hartu zuen: Hiri-Antolamenduko Plan Orokorraren dokumentuari (Ingurumen-Inpaktuaren Ebaluazio-Bateratuaren Azterketaren dokumentuarekin batera) hasierako onarpena ematea, eta dokumentu biak jendaurrean jartzea, bi hilabeteko epean zegozkien alegazioak aurkez zitezen. Erabaki hori 2007ko ekainaren 6an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta baita lurralde historiakoan zabalkuntza gehien duten egunkarietan ere. Horren ondoren, 2007ko uztailaren 12ko bileran Udalbatzak erabaki zuenez, aurretik zehaztutako epea luzatu egin zen 2007ko urriaren 8ra arte. Erabaki hori urte bereko uztailaren 20an argitaratu zuten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta baita aurretik epea iragarri zeneko egunkarietan ere.

Hirigintza