Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeko 108, 109 eta 110. artikuluetan, Plan Orokorrak lantzerakoan herritarren parte-hartzea bermatzeko bideak ezartzen dira.

Herritarren parte-hartzeko prozesua Aurrerakin-dokumentua jendaurrean jarri zenean hasi zen eta, horri esker, Aurrerakinean jasotako proposamenen aurrean, 48 iradokizun- edo aukera-idatzi aurkeztu ziren.

109. artikulak Udal Plangintzako Aholku-Batzordea ezartzen du eragile gisa:

...aholkurako eta eztabaidarako organo lokal bat da, hirigintza-planak egin, izapidetu eta onartzeko prozedurari dagokionez kontzertazio sozialerako funtzioak beteko dituena. Nahitaez eratu beharko da plan orokorrak behin betiko onartzeko eskumena, berez edo eskuordetzan emanda, duten udalerrietan.”

Ezarritakoari jarraituz, Bergarako Udalbatzak, 2006ko abenduaren 18ko bileran, honako erabakia hartu zuen: Udal Plangintzako Aholku Batzordea eratzeko eta jarduteko Araudiari hasierako onarpena ematea. Erabakia 2007ko urtarrilaren 2an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta horren bitartez 30 egunez jarri zen jendaurrean. Jendaurreko epe horretan ez zen inongo alegazio- edo iradokizun-idatzirik aurkeztu.

Bergarako Udalbatzak, 2007ko otsailaren 12ko bileran, Araudia behin betiko onartzea erabaki zuen. Erabakia urte bereko martxoaren 28an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Araudia onartutakoan, Alkateak Aholku-Batzordeko kideak izendatu zituen; eta ondoren, hainbat bilera egin zituzten, zehazki, otsailaren 20 eta 27an eta martxoaren 6, 13 eta 20an. Azken honetan, proposatutako aukeren arteko botazioaren emaitzari buruzko irizpena eman zen. Hona hemen zeintzuk ziren aukerak edo alternatibak:

  1. Aurrerakin-dokumentuan jasotzen den kale bat ez egiteko proposamena; zehazki, Artzamendi kalean hasi eta, gaur egungo Zabalotegi kalea erabiliz eta Madalena plaza zeharkatuz, Koldo Eleizalde kaleraino joango litzatekeena. Bozketaren emaitza aurkeztutako proposamenaren aurkakoa izan zen.
  2. Antolamenduz kanpo dagoen Fraiskozuri kaleko 3, 4 eta 5 zenbakidun eraikina Plan Orokor berrian sartzeko proposamena. Proposamenaren aurka bozkatu zuten.
  3. Merkataritza- eta astialdi-jardueretarako Hirugarren Sektoreko saltoki handi edo ertainak ezartzeko aukerak murrizteko proposamena; horrenbestez, San Lorentzoko industrialdean Eroski Koop. merkataritza-sozietateak eraikitzen diharduen supermerkatu berriarekin beteko dituen pabiloien azalera besterik ez da onartuko. Batzordekideek aho batez onartu zuten proposamena.

Hirigintza