Azaldu den moduan, Hiri-Antolamenduko Plan Orokorrari 2007ko apirilaren 16an eman zitzaion hasierako onarpena, lurralde-antolamendurako zekartzan proposamenekin.

Urte bereko maiatzeko udal hauteskundeetatik irtendako Udalbatzak, baina, Artzamendi eta Koldo Eleizalde lotzeko kale berriaren eraikitze-proposamena —eta horri lotutako hirigintza-garapenak— kentzea erabaki zuen.

Aurretik onartutako dokumentuarekin alderatuz gero, aldaketa hori funtsezkoa da; izan ere, hasieran aurreikusten ziren —eta orain kentzen diren— garapen berrietan parte zuten jabeek hainbat aprobetxamendu esleituta zuten, eta orain bertan behera gelditu dira. Horrexegatik, funtsezko aldaketak jasotzeko, hasierako onarpeneko Plan Orokorreko beste dokumentu berri bat egin zen; eta bertan, aldaketa horiez gain, hasieran onartutako dokumentuarekin alderatuta, beste berrikuntza batzuk ere sartu ziren, zehazki S-7 sektoreko mugapenari buruz Foru Aldundiko Bide-Azpiegituretarako Departamentuak (Kudeaketa eta Plangintzarako Zuzendaritzak) Planari egin zion txostenetik eratorritakoak. Hona hemen zeintzuk diren hasierako onarpeneko dokumentuarekiko aldaketak:

  • Artzamendi eta Koldo Eleizalde kaleak lotzeko, Zabalotegi eta Madalena plazatik zehar kalea egiteko proposamena bertan behera uztea.

  • Indarreko Arau Subsidiarioetako A-23 area bi areatan (A-23a eta A-23b izenekoetan) banatzeko proposamena bertan behera uztea; eta horrekin batera, hasierako onarpeneko Plan Orokorrak areari esleitu zizkion kalifikazio- eta aprobetxamendu-proposamenak ere bertan behera uztea. Horrenbestez, indarreko Arau Subsidiarioetako Hirigintza-Fitxa berreskuratu eta berretsi da.

  • Hasierako onarpeneko Plan Orokorrean A-29 arearako aurreikusitako garapen-proposamena bertan behera uztea; horrenbestez, indarreko Arau Subsidiarioetako mugapena eta aprobetxamenduak berreskuratu eta berretsi dira.

  • S-7 (Ubera) sektoreko mugapena eta aprobetxamenduak aldatzea, Foru Aldundiko Bide-Azpiegituretarako Departamentuak (Kudeaketa eta Plangintzarako Zuzendaritzak) egindako txostenari erantzunez. Txosten horretan, hasierako onarpeneko Plan Orokorrak S-7 sektorean ezartzen duen mugapenari buruz, honakoa proposatzen da: “Plan Orokorra aprobetxatuz ikuspegi zabalago batetik hausnarketa egitea, saihesbide txiki bat egitea eta auzoak eskatzen duen etxegunea garatzea bateragarriak izan daitezen...”

Bergarako Udalbatzak 2008ko uztailaren 16ko bileran honako erabakiak hartu zituen: batetik, aurkeztutako alegazioei erantzuna ematea, talde idazleak egindako txostenetan oinarrituz; bigarren, lehendik hasierako onarpena zuen Hiri-Antolamenduko Plan Orokorraren aurrean proposatutako aldaketei hasierako onarpena ematea; eta hirugarren, dokumentua jendaurrean jartzea 2008ko irailaren 19 arte, dagozkion alegazioak aurkeztu ahal izateko. Erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2008ko uztailaren 23an, eta baita lurralde historikoan hedapen handiena duten egunkarietan ere.

Hirigintza