Plan Orokorraren behin-behineko Testu Bateratua EAEko Lurralde-Antolamendurako Batzordera bidali zen, 2/2006 Legearen 91. artikuluan aurreikusitako txostena eman zezan. Ingurumen eta Lurralde-Antolamenduko Sailera ere bidali zen, Plan Orokorraren Ingurumen-Eraginari buruzko behin betiko txostena eman zezan, uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Lurralde Antolamendurako Batzordeak martxoaren 13an egin zuen bilera, eta bertan hartutako erabakiaren ziurtagiria martxoaren 18an eman zuen. Erabaki horrek, 5. puntuan, honakoa xedatu zuen:

Dokumentuaren Testu Bateratua idatzi beharko da; bertan, erabaki honek zehaztutako guztia bete beharko da, eta plangintzako dokumentu guztiak betetze horren eraginez sortutako aldaketetara egokitu beharko dira.

Erabakiaren 6. puntuak honela dio:

Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen Lehen Xedapen Gehigarriaren 3. puntuak Batzorde honi buruz xedatzen duenaren ondorioetarako, txosten honetako baldintzak betetakoan espedientea behin betiko onartu ahal izango da, Batzordeak beste txostenik eman beharrik gabe.

7. puntuak dioenez, honakoak ere bidali zituzten: Eusko Jaurlaritzako hainbat sailek egindako txostenak, eta Udalak sustatutako “Bergarako Hiri-Antolamenduko Plan Orokorra”-ren Ingurumen-Eraginari buruzko behin betiko txostena (Ingurumen eta Lurralde-Antolamenduko Saileko Ingurumeneko Sailburuordeak 2009ko martxoaren 12an eman zuen Ebazpenaren bidez emandakoa).

EAEko Lurralde-Antolamendurako Batzordeak hartutako erabakiaren ziurtagiriari erantzunez, Bergarako Hiri-Antolamenduko Plan Orokorra behin betiko onartzeko Testu Bateratua idatzi da. Bertan, honako puntuak aldatu dira:

1.- Lurralde-Antolamenduaren alorrean:

Ingurune Fisikoa: Dokumentua Lurralde-Antolamenduaren Artezpideetara (LAA/DOT artezpideetara) eta Lurraldearen Zatiko Planera (LZP planera) egokitu da, bai lurzoru urbanizaezinean kategoriak eta erabilerak ezartzerakoan, bai LZP planean bereizitutako intereseko eremuak kokatzerakoan.

Eremu bakoitzaren Hirigintza-Fitxan, ibai-ertzetik hasita gutxienez errespetatu behar diren atzera-tarteak zehatz mehatz jaso dira, EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planak xedatzen duena betez.

Azpiegiturak eta Zerbitzuak: Lurraldearen Zatiko Planak errepideko garraiorako instalazio osagarri batzuk aurreikusten ditu; eta horiek S-1 sektorean kokatzeko aukera jasota gelditu da sektore horren Hirigintza-Fitxan.

Espazio libreak eta ekipamenduak: Planoetan azaltzen diren Espazio Libreen Sistema Orokorrak Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak agintzen dituen hiriko berdegune eta parkeen dotazio publikoa bermatzeko modukoak dira.

Era berean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren idatzian Martinez Irala eta San Martin Agirre ikastetxeei buruz dagoen proposamena ere jaso da.

Bizitegitarako eta jarduera ekonomikoetarako kokapenak: Grafismo ezberdina erabili da hiri-lurzoru finkatua eta finkatugabea adierazteko. Horretaz gain, Hirigintza-Fitxa bakoitzean ere bereizten da eremu bakoitzari zein kategoria dagokion.

S-7 sektoreko eraikigarritasuna egokitu egin da, 2/2006 Legeak agindutako gutxienekoa lortu ahal izateko.

2.- Uren alorrean:

2009ko otsailaren 3ko txostenean berariaz adierazten diren Hirigintza-Fitxak aldatu egin dira eta txostenaren arabera egokitu dira.

S-5 sektoreari buruz, berriz, Plan Orokorraren gainean EAEko Lurralde-Antolamendurako Batzordeak hartu zuen erabakiak honela dio: S-5 sektoreak bere eremuko zati handi batean uholdeak 100 urteko aldian berriz gertatzeko arriskua du eta, horrenbestez, bertan ezin da industria-erabilerarik jarri.-

Erabakia hartu aurretik izandako hainbat bileratan, Udalak argi utzi zuen zein zen erabaki horren oinarria: 2002. urteko azaroan Cinsa enpresak Eusko Jaurlaritzarako egin zuen azterlan bateko informazioa, hain zuzen. Baina data horretatik aurrera, S-5 sektorearen ondoan, Deba ibaiaren ibilguan behera, A-43 area garatu da. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Uren Zuzendariak, 2007/08/24an emandako ebazpenaren bidez, A-43 areako Urbanizazio-Proiektuaren lanak burutzeko baimena eman zuen, eta ebazpenak hitzez-hitz honakoa jasotzen du: “Ertzean dauden pabilioi eta azpiegitura guztiak eraitsiko dira, eta baita Mekolalde zubiaren eskuinaldeko zubi-branka osoa ere. Gainera, profila berrituz, forma borobilak emanez eta bertako espezieak landatuz, urbazterraren berezko egoera berreskuratuko da.” Jarduketaren barruan, zubia bota eta, horren ordez, oinezkoentzako pasabide bat egingo da, ibilguaren gainean inongo euskarririk jarri gabe. Jarduketa horri esker, A-43 areako lursailen urperagarritasun-kota alde handiz gutxitzen zen, eta horrek ahalbideratu zuen dagoeneko eginda dauden urbanizazioa eta eraikuntza burutu ahal izatea. Jarduketa berberarekin, ibaian gora dauden lursailen urperagarritasun-kota ere jaitsi egin da, S-5 sektorean esate baterako.

Narbaizako zubi zaharra bota ondorengo urperagarritasun-parametroak kontuan hartuta eraiki zen Gorostola pareko zubi berria. Zubi berri hori inguru honetan eraiki den Ur-Araztegira joateko sarbidea da eta, etorkizunean, dagoeneko eginda dauden A-43 eta A-54 areetako industria-eremuetarako sarbidea ere izango da, eta baita S-5 sektore berrirako ere, behintzat GI-627 errepidetik zubi berrira sartzeko lotunea hobetu bezain pronto.

Horregatik guztiagatik, Uraren Agentziak —Udalak emandako argibideak jaso ondoren— S-5 sektorean jarduera ekonomikoak garatzeko aukera eman zuen, betiere sektoreak hartzen dituen lursailek uholde-arriskurik ez dutela justifikatzekotan.

3.- Kultura Ondarearen alorrean:

Bai area eta sektoreen Hirigintza-Fitxetan, bai Plan Orokorreko Katalogoan, aurretik ezarritako kategoriak aldatu egin dira; eta horretarako, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Kultura Ondareko Zuzendaritzak emandako txostenean agindutakoari zorrotz jarraitu zaio.

4.- Landa-Garapenaren alorrean:

Lurzoru urbanizaezinean aplikatu beharreko arauen artean honako betebeharra sartu da: abeltzaintzako ustiategietan, Eusko Jaurlaritzaren uztailaren 6ko 141/2004 Dekretuan ezarritako baldintza eta arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak bete behar izatea; era berean, Plan Orokorrak jasotako beste edozein araudi-zerrendan, Dekretu hau espresuki aipatu beharko da.

Ingurumen-Eraginari buruzko behin betiko txostenari buruz, berriz, txosteneko 2.4 puntuan lurzoru urbanizaezineko mugaketari eta kalifikazioari buruz ezarritako Ingurumen-Alderdiak jaso ditu Testu Bateratuak.

Txostenak proposatzen duen moduan S-7 sektorea bertan behera uzteari buruz, ordea —sektorearen Hirigintza-Fitxan sakonago jasotzen den bezala—, Bergarako Udalak, Plan Orokorra behin betiko onartzeko organo eskuduna den aldetik, S-7 sektorea mantentzearen aldeko jarrera hartu du, betiere bertako eraikigarritasuna Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen parametroetara egokitu ondoren. Hona hemen mantentzearen aldeko arrazoiak:

  • Bergararako proposatzen den antolamendu-ereduaren baitan —dokumentuaren Memoria honetako Antolamendu-Ereduan jasotzen den bezala—, udalerriko erdigunetik kanpo dauden auzoak indartu eta garatzea dago. Indarrean dauden Planeamenduko Arau Subsidiarioek, orduan ere, Osintxu eta Angiozar auzoak finkatzeko eta kontrolpean garatzeko jarduketa batzuk proposatzen zituzten, auzokideek eurek egindako eskaeretatik abiatuta. Gaur egun, jarduketa horiek burututa daude. Urte batzuetatik hona, halaber, Uberako auzokide batzuk Udalaren aurrean eskatzen ari dira euren auzoan ere finkatze- eta garatze-jarduketak susta daitezen, bertan dagoen eskariari ere erantzuteko.

Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko txostenak oinarri gisa erabili dituen arrazoietako bat hau da: auzoa Bergarako erdigunetik urrun dagoela; baina argudio hori bera Osintxu eta Angiozar auzoetarako ere aplikatu ahal izango litzateke, Ubera dagoen antzeko distantziara edo urrunago daude-eta. Burutu diren jarduketen ondoriozko errealitateak egiaztatzen bide duenez, eskari sozial bati erantzutzen badiote eta behar bezala kontrolatzen badira, horrelako jarduerak auzoak sustatzeko egokiak dira. Uberako auzokideen eskaera hau aspalditxotik dator, eta horrexegatik izapidetu zuen Udalak lehen aipatu den Arau Subsidiarioetako Aldaketa Puntuala, Foru Aldundiak behin betiko onartu ez zuena. Auzokideen eskari horri erantzutera dator Plan Orokorra, udalerriko ikuspegi orokor baten barruan.

  • Behin Betiko Txostenean azaltzen denaren arabera, sektorea garatzeak landa-paisaian izan dezakeen eraginari buruz, berriz, agerikoa da Foru Aldundiak agintzen duen saihesbide berriak landa-izaera eraldatzean izan dezakeen eragina askoz ere handiagoa izango dela sektorea garatzeak eragin dezakeena baino. Ingurumen-txostenak berak aitortzen duenez, sektorearen antolamendua gaur egungo erdiguneari nolabait jarraipena emateko planteatzen da.

Plan Orokorrak planteatzen duen bezala, saihesbidearen trazatuak sektoreko lurzoru sailkatua inguratzen du. Sektorea kentzen bada, ordea, tarte huts bat sortuko da hirigunearen eta saihesbideko mugaren artean, hau da, helburu garbirik gabeko espazio bat; izan ere, errepide berriak eragingo lukeen etendurak zeharo mugatuko luke lursail horietako nekazaritza-erabilera.

Ingurumenaren gaineko Eragina Baterako Ebaluazio-Prozedura arautzen duen uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren 24. artikuluak dioena betez, hartutako erabakiari buruzko adierazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, plana behin betiko onartzen duen ebazpenarekin batera.

Hirigintza