Plangintzako Erregelamenduak 3.2 artikuluan ezartzen duenez, plangintza-tresna aukeratzerakoan kontuan hartu beharko da, alde batetik, hirigintza-garapenak planteatzen dituen arazoen zailtasuna eta, bestetik, udalerriak berak kudeatzeko eta programatzeko duen ahalmena; eta hori guztia eragindako Udalbatzaren beraren iritziz.

Udalerrian aurretik indarrean zegoen planeamendu orokorra berrikusterakoan, honako hirigintza-tresna erabili zen: Planeamenduko “b” motako Arau Subsidiarioak, 1996ko apirilaren 16an behin betiko onartutakoak. Tresna horri esker, Bergarako hirigintza-garapenak zituen arazoei erantzuna eman zitzaien. Memoria honetako 2.2 puntuan (INDARREAN DAUDEN PLANEAMENDUKO ARAU SUBSIDIARIOEN EDUKIAREN BETETZE-MAILAri buruzkoan) egindako azterketaren laburpenean egiaztatu du noraino bete edo agortu diren berrikusi nahi diren Arauetako aurreikuspenak.

Horrexegatik erabaki zen, indarreko planeamendua berrikusteko tresna egokien gisa, Planeamenduko “b” motako Arau Subsidiarioak mantentzea.

Plangintza-Erregelamenduko 125-1 artikuluak xedatzen duenez, Plan Orokorra —edo gure kasuan, Arau Subsidiarioak— gauzatzeko lanek planeamenduko irizpide, helburu eta irtenbide orokorrak zehazteko moduko garapen-maila hartu dutenean, lanok jendaurrean jarri beharko dira; horren bitartez, eta gutxienez hogeita hamar eguneko epean, planeamendurako iradokizunak eta —horrela badagokio— beste aukera batzuk aurkeztu ahal izan ditzaten udalbatzek, elkarteek zein partikularrek.

Horrenbestez, ARAU SUBSIDIARIOEN AURRERAKIN-dokumentu bat idatzi zen. Bertan, Bergarako udalerriaren etorkizuneko planeamenduari begira aurreikusten ziren irizpide, helburu eta irtenbide orokorrak jaso ziren.

Bergarako Udalbatzak, 2005eko azaroaren 21eko bileran, Aurrerakina jendaurrean jartzea erabaki zuen; horren bitartez, eta bi hilabeteko epean, planeamendurako iradokizunak eta —horrela bazegokion— beste aukera batzuk aurkeztu ahal izan zituzten udalbatzek, elkarteek zein partikularrek. Erabaki hori Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2005eko abenduaren 5ean argitaratu zen, eta “Berria”, “Gara”, “Deia” eta “Diario Vasco” egunkarietan urte eta hil bereko 8an.

Jendaurreko epean, planeamendurako iradokizun eta beste aukeretako 48 idatzi aurkeztu ziren. Berrikuspen-dokumentuaren talde idazleak banan banan aztertu zituen, eta bakoitzari buruzko txostena egin zuen.

Horren guztiaren ondorioz, Bergarako Udalbatzak, 2006ko uztailaren 6ko bileran, aurkeztutako idatziei erantzuna eman zien, eta hasierako onarpeneko Berrikuspen-dokumentua idazteko irizpideak eta helburuak finkatu zituen.

Eusko Legebiltzarrak Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea onartu zuen. Legea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabetera sartu zen indarrean, hau da, 2006ko irailaren 20an.

Lehen azaldu dugun moduan, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Lege berria indarrean sartu aurretik Arau Subsidiarioek hasierako onarpenik jaso ez zutenez, horrenbestez, Berrikuspen-dokumentua nahitaez guztiz egokitu beharko da lege horren edukira eta prozedurara, BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRAren 2. puntuak xedatzen duen bezala.

Lege horren II. KAPITULUKO 59. artikuluak ezartzen duenez, udalerrietako egitura-antolamendua arautzeko tresna Hiri-Antolamenduko Plan Orokorra izan behar da.

Horrexegatik, udalerrian indarrean dagoen planeamendu orokorra berrikusteko prozesua HIRI-ANTOLAMENDUKO PLAN OROKORREKO tresnaren bitartez egingo da. Plan Orokorraren edukia nahiz dokumentazioa Lege horretako 61 eta 62. artikuluek arautuko dituzte; planaren tramitazioa, berriz, 90 eta 91. artikuluek.

Hirigintza