Bergarako udalerria parke publikoez ondo hornituta dago eta, gainera, auzoetan zehar egoki banatuta daude. Parke gehienak oinetxe jakin batzuei lotuta daude, eta aurreko plangintzen eraginez jabari publikora pasatzen joan dira, berdegune eta hiri-parkeko erabilerako espazio libre gisa sailkatuta. Hona hemen parkeen gutxi gorabeherako azalerak:

Artzamendiko berdegunea 28.010,00 m2.
Arrizuriaga parkea 11.917,37 m2.
Usondo parkea 10.180,00 m2.
Santa Ana parkea (Errotalde) 13.758,41 m2.
Errekalde jauregiko parkea (beheko eta goiko aldeak) 24.903,19 m2.
Guztira 88.768,97 m2.

 Indarreko Lurzoruaren Legearen 78. artikuluak 1. puntuan dioenez, Hiri-Antolamendurako Plan Orokorrek, egitura antolatzerakoan, lurzoruaren azalera jakin bat utzi beharko dute berdeguneko eta hiri-parkeko erabilera duten espazio libreen sareko dotazio publikoetarako. Azalera horrek, gutxienez, 5 metro koadrokoa izan beharko du biztanle bakoitzeko, lehenagotik dagoen azalera barne hartuta.

Bergarako udalerrian, 2015. urterako aurreikusten den biztanle-kopurua, gehienez ere, 15.321 zenbakian finkatuz gero, guztira honako lurzoru-erreserba hau beharko da:

15.321 biztanle x 5 m2/biztanle = 76.605 m2.

Bergaran, lehendik dagoen azalera handiagoa da dagoeneko. Are gehiago: hiriguneko berdegune edo hiri-parketzat hartzen ditugun azalera horietaz gain, badaukagu San Martzialgo berdegunea edo parkea ere. Hirigunetik gertu dagoenez, sarri asko joaten da jendea bertara atsedena hartzera edo aisialdirako. Gutxi gorabehera, 83.200 m2-ko azalera du.

Plan Orokorra jendaurrean egon zen lehenengo epealdian, Mendia Bizirik Pol-Pol M.T. taldeak alegazio-idatzi bat aurkeztu zuen honakoa adierazteko: orokorrean, dokumentuak ez zituela betetzen indarreko Lurzoruaren Legeak zehazten dituen estandarrak; eta bereziki, San Martzialgo sailak ezin zirela sailkatu hiri-berdegune gisa. Taldeak behin eta berriz adierazi du hori Plangintzarako Aholku-Batzordeko bileretan, eta baita dokumentua jendaurrean jarritako bigarren epealdian ere. Aholku-Batzordearen bileretako aktetan jasotzen den moduan, batzordeko gehiengoak baztertu egin zuen proposamena. Jendaurreko epealdi bietan aurkeztu zituzten alegazioei buruz, dokumentua idatzi duen taldeak horien gaineko txostenak eman zituen, eta txosten bakoitza Udalbatza-bilera banatan onartu ziren. Plan Orokorraren proposamena justifikatzeko arrazoien oinarria indarreko Lurzoruaren Legearen 78. artikuluan dago; izan ere, artikulu horrek 1. puntuan ezartzen duenez, Hiri-Antolamendurako Plan Orokorrek, egitura antolatzerakoan, lurzoruaren azalera jakin bat utzi beharko dute berdegune eta hiri-parketako erabilera duten espazio libreen sareko dotazio publikoetarako. Azalera horrek, gutxienez, 5 metro koadrokoa izan beharko du plangintzan aurreikusitako biztanle bakoitzeko, lehenagotik dagoen azalera barne hartuta. Goian zerrendatu ditugun lursail guztiak, San Martzialgoak barne, Bergarako Udalaren jabetzakoak dira, jabari publikoko lursail gisa daude sailkatuta, eta soil-soilik berdegune izateko dira. San Martzialgo lursailei buruz, hirigunetik beste berdeguneak baino urrunago dagoelako, bereziki gogoratu behar da Udaleko Ingurumen Batzordeak San Martzialgo berdegunea bere onera ekartzeko proiektu bat sustatu zuela, eta proiektuak berak helburu zein proposamen gisa honakoak jasotzen dituela: herritarrek atseden eta aisialdia hartzeko dela, eta ingurumen aldetik bere onera ekarri behar dela. Horrenbestez, hortik ondorioztatu daitekeenez, aurreikusitako jarduketak ez dira izango soil-soilik landa-baso bat saneatzeko, baizik eta baita Bergarako herritarren aisialdirako eta atsedenerako egokitzeko ere. Horrexegatik sartu daiteke, bete-betean, indarreko legeriak agintzen dituen espazio libreen dotazio publikoetarako azaleren barruan, nahiz eta beharrezkoa ez izan —aipatu den bezala— ezarritako gutxieneko estandarrak bete ahal izateko.

Hortik guztitik ondorioztatu dezakegunez, Plan Orokor berrian ez dago hiri-parkeetarako beste lurzoru-erreserbarik egin beharrik. Ohartarazi behar da, alabaina, lehendik dauden berdegune batzuk birgaitze-jarduketa garrantzitsuen behar-beharrean daudela, hala nola, Santa Ana (Errotalde) eta, batez ere, Artzamendikoa.

Hirigintza