4.4.3.1.- Zibiko-Administratiboa:

Honakoak dira aipatzekoak:

  1. Udaletxeko eraikina berriztuta eta gaur egungo beharretara egokituta dago.

  2. Bergaresa autobus-konpainiarenak izandako lurretan, indarreko Arau Subsidiarioetan aurreikusita zegoen Udalaren beharretarako biltegia ere eraikita dago; hala ere, ez da behar bestekoa. Horrexegatik, Bergarako Udalak hitzarmen bat sinatu du Sprilur sozietate publikoarekin —Plan Orokorreko S-2 sektorea (Larramendi industrialdea) kudeatzeko sustatzailea den aldetik—, eta horren bitartez Udalak bertan partzela itxi bat izango du —1.800 m2-ko azalera garbikoa— eta horren barruan 1.000 bat metro koadro eraikitako eraikin bat.

  3. Epaitegiko eraikina zati batean birgaitu berri da, kanpoko fatxadetan eta Ariznoa plazako berrurbanizazioan. Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburuak adierazi duenez, eraikina osorik birgaitzeko asmoa dute eta, horretarako, aldi baterako beste eraikinen bat erabiltzeko aukera eskatu dio Udalari.

  4. Ertzainetxe berria ere eraiki da. Horrela, lehen Arrizuriaga parkean erabiltzen zuten eraikina libre gelditu da udalaren kultura-erabileretarako.

  5. Urteaga kaleko 23 zenbakian, Nekazaritza-Ganbarako eraikina eta erantsita dituen lursailak gaur egungo egoeran mantentzen dira, baina kanpoaldea hobetu egingo da ibilgailuen aparkalekua izateko.

  6. Algodonera inguruan aurreikusitako hiri-garapenak behartuta, igarobideko autobusen geltoki moduan erabiltzen den espazioa lekuz aldatu beharko da udalerriko beste toki batera.

4.4.3.2.- Asistentzia- eta Osasun-arlokoa:

Egin diren kontsulten arabera, ez dago osasun-zentro berririk eraikitzeko lurzoru-erreserba egiteko beharrik.

Udalak eta Foru Aldundiak gaur egungo Mizpirualde Zaharren Egoitza erakunde bien artean birgaitu eta handitu egingo zutela hitzartu zuten, eta horretarako, Euskaltegiak eta ondoko pilotalekuak betetzen dituzten lursailak erabiliko lituzkete. Dagokion proiektua idatzi ere idatzi zen. Oraindik orain, ordea, zentro berri bat eraikitzeko aukera aztertzen ari da, Boni Laskurain pasealekuan, Martinez Irala ikastetxeak gaur egun betetzen duen partzelaren zati batean; izan ere, ikastetxeko eraikinak zeharo zaharkituta daude, eta modu prekarioan baino ezin dira erabili. Bai Euskaltegiak bai Martinez Irala ikastetxeak, biek betetzen dituzten lursailek komunitate-ekipamenduko kalifikazioa dute; horrenbestez, partzela bietako batean zein bestean kokatu ahal izango litzateke egoitza, Plan Orokorraren aldaketarik tramitatu beharrik gabe.

4.4.3.3.- Kultura- eta Dibertimendu-arlokoa:

Gaur egun dagoen kultura-ekipamendu garrantzitsuena Errotalde jauregiko eraikinek osatzen duten multzoa da: eraikin nagusia, ermita, eta zalditegiak izandakoak (azken eraikin hau gaur egun aurri-egoeran).

Arrizuriaga jauregia, lehen ertzainetxea izandakoa, kultura-erabileretarako izango da. Izan ere, eraikina etorkizunean liburutegia izateko birgaitze-proiektua idatzi zen. Gaur egungo Udal Gobernua, baina, liburutegia kokatzeko moduko beste toki batzuk proposatzen ari da. Edonola ere, jauregiko eraikinak komunitate-ekipamenduko kalifikazioa mantentzen du. Irizar jauregia ere kultura-erabileretarako izango da.

Kartzela zaharreko eraikina eta ondoko patioa kulturarako zein dibertimendurako gazte-leku izango da.

Irala zinema itxi eta eraitsi, eta gerora Novedades zinema ere itxi zenetik, Bergarak ez du zinema-emanaldiak edo kultura zein dibertimenduko ikuskizunak edo saioak egiteko moduko lokal handirik, bat ere ez; horren eraginez, kirolguneak erabili behar izaten dira nahitaez (hala nola, pilotalekua edo kiroldegia). Indarreko Arau Subsidiarioetan jadanik jasotzen da Errege Mintegiko elizan eta ondoko lokaletan musikarako eta emanaldi eszenikoetarako entzunareto edo antzokia egiteko proposamena. Hasierako onarpena duen Hiri-Antolamendurako Plan Orokorreko dokumentuak ere mantentzen du proposamen hori, baina gaur egungo Udal Gobernuak bertan behera utzi du.

Zabalotegi dorrean Udalak duen lokala egokitzeko lanak bukatu dira; zinema-emanaldiak eta ikusle gutxiko antzezpenak emateko da.

Lehendik dauden eraikinak behar bezala egokitu ondoren erabiliz gero, udalerriak hurrengo 8 urteetarako dituen behar kulturalak asetzen dira, salbu entzunareto berriaren kasuan. Entzunaretoa Errege Mintegiko elizan kokatzeko hasierako asmoa bertan behera utzi ondoren, Ibargarai kalean kokatu ahal izango litzateke, bai Migel Altuna ikastetxea eratzen duten bi eraikinetatik gaur egun berrienak betetzen duen orubean —gaur egun duen eskola-erabilera kendutakoan—, bai Errege Mintegiko patioan bertan beste tokiren batean.

4.4.3.4.- Erlijiokoa:

Ez da lurzoru-erreserbarik ezarri erlijio-ekipamendu berririk eraikitzeko. Aurreikusi den bakarra da San Antonioko auzokoen eta Udalaren artean hitzartutakoa betetzea, hau da, dagoeneko botata dagoen San Antonioren izenpeko ermitan lehen ematen zen erlijio-erabilera lekuz aldatzea eta biribilgunetik gertuen dagoen eraikin bukatu berrian kokatzea, beheko solairuko lokal batean.

4.4.3.5.- Hilerria:

Indarreko Arau Subsidiarioek hilerri berri bat eraikitzeko lur-erreserba ezartzen dute, 27.040 m2-koa. Joandako urteetan zalantzan jarri da ekipamendu berri hau eraiki behar izatea eta, azkenean, lehendik dagoena birgaitzeko bidetik jo da. Izan ere, dagoeneko idatzita dago gaur egungo kapera eta ondoko lokalak birgaitzeko proiektua.

Gero eta gorpu gehiago errausten denez eta, beraz, ohiko hilobiak gero eta gutxiago direnez, hilerri berria eraikitzeko asmoa bertan behera utzi da hurrengo zortzi urteetan. Horrenbestez, ez da inongo lurzoru-erreserbarik ezarri hori kokatzeko.

4.4.3.6.- Kirolekoa:

Kirolgune nagusiak udalerriko muturretan dauden bi gunetan pilatzen dira: Labegaraietako instalazioak Ozaeta auzoan; eta Agorrosingo instalazioak Matxiategi poligonoko mendebaldeko muturrean. Udal pilotalekua ere aipatzekoa da, Fraiskozuri plazan.

Labegaraietako instalazioak mugatuta daude, alde batetik, etxebizitza-eraikinekin eta, bestetik, Deba ibaiarekin; beraz, instalazioak handitzeko lur-erreserbarik ezin da egin. Hala ere, Plan Orokorrean jaso egin beharko da, Udaleko Kirol Sailaren eskariz, neurri txikiko eraikin berri bat egin ahal izatea, gunean aire zabalean egiten diren kirol-jardueretarako (hala nola, ondoko Deba ibaian piraguismoan aritzeko) aldagelak eta biltegi txikia izan dadin.

Agorrosingo instalazioak sakon berritzen ari dira. Hasiera batean, igerileku berriak eraiki dira, zeharo zaharkituta zeuden aspaldiko haien ordez. Indarreko Arau Subsidiarioek kirol-erabilerarako mugarritu zuten eremua mantendu behar da, Agorrosin baserria izandakoaren lursailak eta eraikina barne.

Aipatu diren kirolgune nagusi horietaz gain, ia auzo guztiek —bai hirigunekoek, bai kanpoaldekoek— pilotalekua dute; eta Osintxu, Elorregi, Elosu, Basalgo eta Ubera auzoetakoak, gainera, estalita daude.

Horrenbestez, ez da antzematen udalerrian kirol-erabileretarako lurzoru-erreserba berriren beharrik. Hala ere, Kirol Sailak behin eta berriz eskatu du Maltzaga-Zumarraga eta Maltzaga-Gasteiz trenbide zaharretako lauguneak erabiltzetik sortu ziren oinezkoentzako pasealeku eta bidegorri biak egokitzeko beharrezko lanak egin daitezela.

4.4.3.7.- Eskolakoa:

Eskola-jarduerak Bergaran aldaketa sakonak bizi behar ditu datozen urteetan, hasierako eskolaratzetik (dagoeneko ezarrita dagoen 0-3 urte artekoa) lanbide heziketaraino. Horrexegatik, udalerria antolatzeko edo planifikatzeko dokumentua den Plan Orokor honetan ezinbestekoa da horrelako eskaera berriei erantzuteko beharko diren lurzoru-erreserbak aurreikustea.

Aranzadi ikastolako behin betiko egoitza Errege Mintegiko eraikinean finkatu nahi da, gaur egun erabiltzen duen tokian. Ikastolako ziklo eta maila guztiak bertan sartu ahal izateko, beharrezko handitze-lanak burutu beharko dira. San Martin Agirre ikastetxean, berriz, partzela-azalera handitu egingo da, Udalaren jabetzako lursail batzuk gehituta. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza-Sailaren asmoa honakoa da: 0 urtetik aurrera eta ikasleak institutura joan arte, ziklo guztiak osorik zentro berean izatea. Beraz, horretarako, azalera handitu beharra dago. Jarduketa bi horiekin, eta betiere Hezkuntza-Sailak bere planifikazio-beharren arabera egoki irizten badio, Martinez Irala ikastetxea libre geldituko da eta, oso kontserbazio-egoera kaskarrean dagoenez, birgaitu edo ordeztu egingo da beste eskola-erabileretarako edo, horrelakorik beharko ez balitz, partzelako zati batean Mizpirualde egoitzarako asistentzia-eraikin berria egingo litzateke. Ipintza institutuak batxilergo-mailak ematen jarraituko du.

Mariaren Lagundiko ikastetxean, hasierako onarpeneko Plan Orokorrak honakoa proposatzen zuen: jolastokietarako eta kirol-jarduetarako espazio libreak berrantolatzea eta, horretaz gain, gimnasiorako eraikin berri bat altxatzea, gaur egun dagoena ordezteko. Plan Orokorreko dokumentu honetan, berriz, ez da berrantolaketa hori jasotzen; ikastetxeko barrunbea eta ikastetxea eratzen duten eraikin guztiak gaur egun duten egoera berean mantentzen dira.

Lanbide-heziketa, bestetik, zentro berri baten beharrean dago, gaur egungo premietara egokitzeko. Lanbide-heziketako ikastetxe berria eraikitzeko, Udalak 13.500 m2-ko partzela bat jarri beharko du, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza-Sailarekin hitzartu zenaren arabera. Partzela eratzeko lana Eusko Jaurlaritzako Sailaren eskuetan dago. Miguel Altuna II ikastetxea gaur egun duen egoera berean mantenduko da.

Plan Orokorreko S-4 sektorean aurreikusitako ikastetxe berria eraikitakoan, gaur egun Ibargarai kalean daudenak eskola-jarduerarik gabe geldituko dira.

Hasierako onarpeneko Plan Orokorraren arabera, UNED urrutiko unibertsitatea gaur egungo tokian mantentzea proposatzen zen, hau da, Errege Mintegiko eraikinaren zati batean, gaur egungo premiei erantzuteko moduan egoki birgaitu ondoren. Udal Gobernuak, baina, hau erabaki du: UNEDeko egoitza Arrizuriaga jauregira eramatea eta Errege Mintegiko eraikinean eta elizan museoa eta liburutegia jartzea.

Hirigintza