Indarreko Arau Subsidiarioek, hiri-bilbea hobetzeko asmoaren baitan, oinezkoentzako ibilbideak suspertzeko irizpideekin jarraituz, hona hemen nabarmentzeko moduko jarduketa garrantzitsuenetakoak:

  • Erdigunetik Martoko-Zubiaurre eta Ozaeta aldera eta Labegaraietako kirolgunera joateko oinezkoentzako ibilbidea hobetzea. Hobekuntza hori Algodonera alderako aurreikusten diren jarduketen bidez egingo da; izan ere, Ibargarai eta Ibarra kaleak lotzeko hiri-kale berri bat eraikiko da eta, horretaz gain, kale berria Zubiaurre kalearekin lotzeko, zubi berri bat ere bai.

Hiri-kale berri horrek S-4a sektorean aurreikusten den ikastetxe berrira oinez joatea ahalbidetuko du.

A-18 area-eremuaren baitan dagoen zatian Tokiko Sistema gisa kudeatuko da, eta gainontzekoan Sistema Orokor gisa.

  • Oinezkoentzako pasealeku berri hau eraikitzeko proposamena: Algodonerako bizitegi-antolamendu berriaren baitan dagoen Gabiria dorretik hasi, aurreikusitako zubi berritik zehar GI-632 saihesbidea gurutzatu, gaur egun San Martinera doan bidetik jarraitu eta S-4 sektore bietaraino. Sistema Orokor gisa kudeatuko da, A-18 arean eta S-4b sektorean dagoen zatian izan ezik.
  • A-12 arean, Uhola (Deskarga) errekaren alde bietara dagoeneko eraikita dagoen oinezkoen gunea zabaltzea, gero A-16b arean aurreikusten den bizitegi-antolamendu berrian barrena luzatuko dena. Tokiko Sistema gisa kudeatuko da.
  • Iparragirre kalean eraiki den oinezkoen bulebarra amaitzea; horretarako osorik irekiko da, Xabier Maria Munibe plazaraino. Beharrezko lursailak eskuratzeko zein eraikitzeko, Sistema Orokor gisa kudeatuko da. Ikerleku 4 zenbakidun eraikina ordezteko jarduketen barruan, eraikinak betetzen dituen lursailetatik jabari publikorako direnak lagapen bidez eman beharko dira.
  • Hirigune Historikoaren eremuaren barruan, Domingo Irala kalean (edo Barrenkaleko atzealdeetan) oraindik orain bukatu berri den jarduketa nabarmendu behar da. Gune honetan, Udalak lursail guztiak eskuratu ondoren, oinezkoak egoteko gune zabal bat sortu da, Hirigune Historikoa eta zabalgunea bateratzen dituen tokian gainera. Ekimen publikoak kudeatu du, Sistema Orokor gisa.
  • Zumarragatik datorren trenbide zaharreko laugunean, pasealekua berreskuratzea proposatzen da: A-17 arean dagoen parke edo berdegunetik hasi, eta goiko geltokia izandakoraino iritsiko litzateke —Moiua dorrearen edo A-53 arearen (lehengo S-7 sektorearen) gaineraino, alegia—. Udalerriko oinezkoentzako ibilbideen artean, oinarrizkotzat jotzen da; horrenbestez, egokitze-lan horri lehentasuna eman beharko zaio. Sistema Orokortzat jotzen denez, publikoa izan beharko du egin beharreko jarduketa.
  • San Lorentzo eremuaren baitan, "Tornillería Deba" eta "Matricería Agorrosin" enpresek betetzen zituzten lursailak bizitegi-erabilerarako birkalifikatzen direnez, Urarte kalea eraldatu ahal izango da, hau da, gaur egun zati honetan oinezkoentzakoa bada ere, kale berria ibilgailuentzakoa izango da, espaloiekin, bidegorriarekin, eta etorkizunean Debagoieneko tranbiak pasatzeko lurzoru-aurreikuspenarekin. A-40b arearen birmoldaketaren baitan Tokiko Sistema gisa kudeatuko da, salbu tranbia ezartzeari dagokiona.
  • Hirigunetik kanpo, oinezkoentzako pasealeku eta bizikletarientzako bide izateko, honakoa proposatzen da: Maltzaga-Gasteiz trenbide zaharraren laugunea birgaitzea Labegaraietatik Elorregirainoko zatian eta San Lorentzotik Osintxurainokoan. Sistema Orokor gisa kudeatuko da.

Lehen esan dugunaren arabera, Debagoieneko etorkizuneko tranbia ezartzerakoan, horrek gaur egungo lauguneari eragingo dionez, idatzi beharreko trazatu-proiektuan jasota agertu beharko dira bide horiek birjartzeko lanak, hau da, bizikleta-erreiekin bateragarri izan beharko diren oinezkoentzako ibilbideak egiteko lanak.

Beste jarduketa batzuk ere aurreikusten dira oinezkoentzako loturak hobetzeko; adibidez, kale batzuetan espaloi berriak egingo dira, hain zuzen ere gaur egun espaloirik ez duten edo oso espaloi estuak eta eskasak dituzten kaleetan. Egoera horretan daude Martoko, Zubiaurre, Urteaga, Zubieta, Mugertza eta Leizariako San Lorentzo kaleak.

Hirigintza