6.1 puntuan jasota gelditu dira zeintzuk diren hirigunea berrantolatzeko jarduketa garrantzitsuenak; eta horiek bide-sistema berriak irekitzea dakartzate, udalerriko alde guztien arteko loturak hobetzeko. Lurraldea hegoaldetik iparralderaino gainbegiratuta, hona hemen jasotako proposamen garrantzitsuenetakoen zerrenda:

  • Sarbide-errepide bat aurreikusten da Ibarra kaletik hasi eta Eguzki-Alde zerrategiaren inguruan dagoen eremu industrialera joateko (A-50 areara; lehen, S-1 sektorea zena). Errepidea Deba ibaiaren ezkerraldetik aurreikusten da, eta A-3 arearen baitako Tokiko Sistema gisa kudeatuko da.
  • Bide berri bat aurreikusten da “Candy Hoover Electrodomésticos S.A.” industriatik iparraldean. Bide horrek, alde batetik, banandu egingo ditu industriarako den A-5 area eta eskola-ekipamendurako zein etxebizitzetarako erabilera duten S-4a eta S-4b sektoreak; eta bestetik, era berean, San Martin Agirre auzorako lotura hobetuko du . Dagoeneko eginda dago, jarduera ekonomikoetarako A-5 arearen Tokiko Sistema gisa.
  • Zubiaurre eta Martoko kaleen trazatua hobetu egingo da; horretarako, kaleetako lerrokadurak arautuaz batera, espaloiak eta aparkalekuak egitea ahalbidetuko da. Zeharo betetako area denez, Sistema Orokor gisa kudeatuko da, honako honetan izan ezik: A-10 arearen parean, area-eremuaren baitan sartzen den zatian; zati hori Tokiko Sistematzat hartuko baita.
  • Zubi berri bat eraikiko da Deba ibaiaren gainean, Martoko-Zubiaurre auzoa eta ibaiaren ezkerraldea lotzeko. Zubiaurre kalean, dagoeneko eraitsita dagoen 2 zenbakidun eraikinak betetzen zuen orubetik irtengo da.
  • Urteaga eta San Migel kaleen trazatua hobetu egingo da. Zati batean, A-12 arean burututako jarduketekin batera, eginda dago; eta A-16b arearako aurreikusten diren jarduketen baitan bukatuko da. Azken horiek Tokiko Sistema gisa kudeatuko dira. A-11 arearen baitakoak, berriz, Sistema Orokor gisa kudeatuko dira.
  • Hiri-kale berri bat eraikitzeko proposamena zegoen, udalerriko goialdea antolatuko lukeen kalea, hain zuzen. Mintegi kaletik hasi, Artzamendi kalea hasten den tokitik, eta Bolu auzoko Koldo Eleizalde kaleraino lotura-kalea egin nahi zen. Horrela jaso zen lehen hasierako onarpeneko Plan Orokorrean, baina gaur egungo Udal Gobernuak atzera bota du proposamena.
  • Aurretik —bizitegirako erdigunea berrantolatzeko proposamenen artean— azaldu dugunaren arabera, gaur egun Bergarako erdigune nagusia hegoaldeko auzoekin lotzeko, eskualdeko GI-627 errepidea erabiltzen da, eta San Antonio, Martoko eta Zubiaurre kaleak, Ozaetako zubiarekin batera.

Lotura hau egiteko dagoen esparru fisikoa lur-zerrenda estu bat da. Lur-zerrenda hori, gaur egun, honakoek betetzen dute: Martoko-Zubiaurre auzoek —izen bereko kaleei jarraituz lerro-egitura dutenek—, Deba ibaiaren ibilguak, eta eskualdeko GI-627 gaurko errepideak. Etorkizunean, estugune fisiko horretatik bertatik Debagoieneko tranbiak ere pasatu beharko du —izapidetan dagoen Trenbide Sareko Lurraldearen Arloko Planaren Aldaketak Gipuzkoako lurralderako jasotzen duenaren arabera, eta Tranbiaren Trazatu Aldatuaren Proiektuak ere jasotzen duenari jarraituz—. Eta horretaz gain, Deba ibaiaren ezker aldetik auzoak lotzeko egin nahi den kalea ere bertatik joan beharko da.

Martoko auzoan eta Deba ibaian jarduketarik egitea ezinezkoa denez, eskualdeko errepidea mendebaldera desbideratzea proposatzen da. Horrela, behar besteko toki egokia lortuko litzateke tranbia pasatzeko eta kale berria eratzeko, bere espaloi, bidegorri eta guzti.

Jarduketa hori osatzeko, bi zubi berri eraikiko dira Deba ibaiaren gainean. Batak zuzenean lotuko ditu Ibargarai kalea eta Algodonerakoak izandako lursailak. Bigarrenak, berriz, Zubiaurreko 2 zenbakidun eraikinak betetzen zuen orubetik hasita, Zubiaurre-Martoko auzoa ibaiaren ezkerraldearekin lotuko du, eta baita Ibargarai eta Ibarra kaleak Deba ibaiaren ezkerraldetik elkartzeko aurreikusten den kale berriarekin ere.

A-18 area-eremuaren baitan aurreikusten diren jarduketak Tokiko Sistema gisa kudeatuko dira, eta gainontzekoak Sistema Orokor gisa.

  • Aurreko jarduketa horren eraginez, birmoldatu egin beharko da honako bidegurutze honen diseinua: Ibargarai kaletik datorren bidea, GI-632 saihesbidera sartzeko zubia eta Algodonerako antolaketa berriarekin lotzeko Deba ibaiaren gainean aurreikusitako zubia, hirurak lotzen dituen bidegurutzearen diseinua, alegia. Horretarako, alde horretan sortuko den trafikoa antolatzeko, biribilgune luzexka bat eraikitzea proposatzen da. Tokiko Sistema gisa kudeatuko da.
  • Ibargarai-Bideberri kaleak eta Zubieta-Masterreka kaleak elkartzeko, horien arteko lotunea irekitzeko lanak — indarreko Arau Subsidiarioetan jadanik jasota zeudenak— burutzen ari dira, Zubieta kaleko 1 eta 3 zenbakidun eraikinak bota dira-eta. Horrenbestez, Ibargarai kalean bi norabidetan dabilen zirkulazioa Bideberri kaletik zehar ere mantendu ahal izango da, eta horrela, hiri-erdiguneko bide-ardatz nagusia osatuko da. Era berean, horrekin, Aranerreka kalerako sarbidea ere konponduko da, eta Hirigune Historikoa zeharkatu beharrik gabe iritsi ahal izango da Bolu auzoko kale nagusira. Sistema Orokor gisa kudeatzen ari da.
  • Mugertza kalearen trazatua hobetzea aurreikusten da, gaur egun sortzen den estugunea kentzeko. Tokiko Sistema gisa kudeatuko da, baina parte-hartze publikoa izango du, finantzatzeko, ezarriko diren proportzioetan.
  • San Lorentzo eremuaren baitan, "Tornillería Deba" eta "Matricería Agorrosin" enpresek betetzen zituzten lursailak bizitegi-erabilerarako birkalifikatzen direnez, Urarte kalea eraldatu ahal izango da, hau da, gaur egun zati honetan oinezkoentzakoa bada ere, kale berria ibilgailuentzakoa izango da, espaloiekin, bidegorriarekin, eta etorkizuneko Debagoieneko tranbiak pasatzeko lurzoru-aurreikuspenarekin. A-40b arearen birmoldaketaren baitako Tokiko Sistema gisa kudeatuko da, salbu tranbia ezartzeari dagokiona. Tranbia Sistema Orokortzat hartuko da.
  • San Lorentzoko industrialdearen baitan, indarreko Arau Subsidiarioetako honako proposamena jaso egin da: Dikar industriaren ondoan Urarte kalea luzatu eta Amillaga kalearekin lotzea Deba ibaiaren gaineko zubiaren inguruan. Bide berri horretatik zehar, Murinondoko industrialdera ere joan ahal izango da, gaur egungo sarbidetik joan beharrean; izan ere, ageri-agerian dago oraingo sarbidea ez dela behar bestekoa. Jarduketa horiek guztiak Tokiko Sistema gisa kudeatuko dira, baina parte-hartze publikoa izango dute, finantzatzeko eta kudeatzeko orduan, ezarriko diren proportzioetan.
  • Mekolaldeko industrialderako sarbidea ahalbidetzeko —eta industrialde horren baitan, A-43 arean "Hijos de Arturo Narvaiza S.A." industriak betetzen zituen lursailetara ere joateko—, Deba ibaiaren gaineko zubi berria erabiliko da, Mekolaldeko hondakin-uren araztegi berriko lanen barruan eraiki zena, hain zuzen. Bai araztegia bai sarbideko zubia Sistema Orokor gisa kudeatzen ari dira.
  • Soraluce-ko industrialdera (A-44 areara) joateko Deba ibaiaren gaineko zubia dagoeneko eraikita dago.
  • Angiozar auzan, hiri-lurzoru gisa sailkatutakoa handitzearekin batera, auzoko goialderako sarbidea hobetzea proposatzen da, eta horretarako pilotalekuaren ondoan lehendik dagoen pasagunea egokituko da.

Bide-sarean ere beste jarduketa batzuk proposatzen dira, baina eragin txikiagokoak.

Hirigintza