6.3.8.1.- Ur-horniduraren Sistema Orokorra:

Gaur egun, udalerria urez hornitzeko, Urkulu urtegitik ekartzen da ia ur guztia; alabaina, lehengo hartune gehienak ere mantendu egiten dira oraindik.

Urkulu urtegitik Bergara Urez Hornitzeko proiektua idazterakoan, honako kalkulu-oinarriak erabili ziren:

Aurreikusitako epea 2005. urtea
2005. urterako aurreikusitako gehienezko biztanleak 26.978 biztanle
2005. urteko ur-dotazioa 454 l/biz./eguna.

Bistan dago ez garela iritsi orduan aurreikusitako gehienezko biztanle-kopurura. Eta horri gehitzen badiogu lehengo hartuneak eta deposituak oraindik mantentzen direla, eta sarean egindako hobekuntzei esker kontsumoak ere gutxitu egin direla, ziurtasun osoz esan dezakegu Bergarak urtetako epe luze baterako bermatuta duela ur-horniketa.

Txarako depositua da herriko ur-biltegi nagusia; 3.500 metro kubikoko bolumena du. Albitxuko depositu zaharra, Txarakoarekin lotuta dagoenez, premiazko egoeretan erabiltzen da. Ur-deposituen sarea osatzeko, beste txikiago batzuk daude, hala nola, Angiozarkoa —Angiozar eta Ubera auzoak eta inguruko baserriak hornitzen dituena—, edo Osintxukoa. Horietaz gain, beste amaiera-depositu batzuk ere badaude: Mintegikoa, Labegaraietakoa, etab.

Indarreko Arau Subsidiarioetan Bolu auzoari buruz antzemandako gabezia edo hutsunea, berriz, dagoeneko konponduta dago, auzoa hornitzeko amaiera-depositu berri bat eraiki baitzen. San Blas eta Mekolalde aldeko industrialdeetan, berriz, bukatu berriko lanen ondorioz, udal sareko ur-horniketa dute.

S-1 (Kukubaso-Ipiñarri) eta S-2 (Larramendi) izeneko sektore industrial berriak urez hornitzeko, amaiera-depositu berri bana eraikitzea proposatzen da: Kukubaso-Ipiñarrikoa, 600/700 m3-koa, +390 kotan; eta Larramendikoa, 600/700 m3-koa ere, eta +280 kotan gutxi gorabehera.

6.3.8.2.- Hondakin-uren saneamendu-sarea:

Hondakin-uren saneamendu-sareak izugarrizko eraldaketa izan du azken urteotan. 1999ko uztailean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra Hidraulikoetako eta Hirigintzako Departamentuak Debagoieneko Hodi-Biltzailearen proiektua idatzi zuen.

Proiektu horretan oinarrituta —eta exekuzio-fasean izan dituen aldaketa eta egokitzapenekin—, Bergaran hodi-biltzailea eraikita dago Labegaraietako industrialdetik hasi eta Mekolalderaino, eta baita Ubera errekaren ibilguari dagokion adarra ere —San Juango industrialdean hasten da, Torunsa eta Lacor lantegien ondoan, eta hodi-biltzaile nagusiarekin bat egin arte doa—.

Osintxuko hirigunean hasten den hodi-biltzailea ere eraikita dago; horrek, hondakin-urak bultzatuz, Mekolaldeko Ur-Araztegiraino eramango ditu.

Bertan, Mekolalden, ur-araztegiaren eraikitze-lanak bukatuta daude, eta Mekolaldeko Hondakin-Uren Araztegia deitu den hori gaur egun proba-aldian dago. Araztegi honek Antzuolako eta Bergarako hondakin-urak garbituko ditu, Osintxu auzoko urak barne —araztegira ponpaketa bidez eramanda—.

Udalerriko hegoaldean, Epelen, Epeleko Hondakin-Uren Araztegia eraikitzen ari dira. Honek Deba ibaiaren goiko arroko urak garbituko ditu, Arrasatetik hasita eta Oñati barne hartuta.

Angiozar auzoak bere araztegitxoa du. Uberan, erabaki egin beharko da zer egin: edo kolektore bat eraiki, San Juan auzoan eraikita dagoenarekin lotzeko, edo bestela urak auzoan bertan garbitu.

Elosu, Elorregi eta Basalgo auzoetan ez dago arazketa-sistema kolektiborik.

6.3.8.3.- Energia elektrikoaren sarea:

Indarreko Arau Subsidiarioetan jasota dauden proposamenen artean honakoa dago: BAT-Bergara-Hilerria izeneko azpiestazioa (Banaketako Azpiestazio Transformatzailea) lekuz aldatu eta Txarako deposituaren ondoko lursailetara eramatea. Horrela, azpiestazioak gaur egun betetzen dituen lursailak libre geldituko dira eta ibilgailuen aparkalekurako erabili ahal izango dira.

Bergarako Udalak Iberdrola S.A. enpresa hornitzailearekin adostu duenaren arabera, BAT-Bergara-San Antonio eta BAT-Bergara-Hilerria izeneko azpiestazio biak bateratu eta Txara baserriaren inguruan udalak dituen lursailetan kokatuko dira. Adostutakoa oraindik egiteke dago, proposamena alde bien artean aurrera eramateko sinatuko den lankidetza-hitzarmenaren zain.

Horregatik guztiagatik, Plan Orokor honen dokumentuan proposamen hori jaso da; izan ere, horren eraginez, gaur egun beteta dauden lursailak libre geldituko dira eta, ondorioz, garrantzi handiko hirigintza-jarduketak egin ahal izango dira, hala nola, Algodonerako lursailak antolatzea, eta Bergarako erdigunea hegoaldera zabaltzea.

BAT-Bergara-Hilerria izeneko azpiestazioa lekuz aldatzeko lanak Bergarako Udalak finantzatuko ditu. BAT-Bergara-San Antonio izeneko azpiestazioa lekuz aldatzekoak, berriz, Debagoieneko tranbiaren behin betiko proiektuaren aurrekontuen barruan sartu beharko dira; izan ere, tranbia ezartzeko, ezinbestez azpiestazioa lekuz aldatu behar da, proiektuak behar dituen lursailak libre gelditu daitezen.

6.3.8.4.- Gas naturalaren sarea:

Udalerritik zehar doan garraio-sarea edo altuko sarea osatzen ari dira, Irun aldera doan adar berria eraikiz.

Ertaineko banaketa-sarea ere osatuta dago, salbu Osintxuko bizitegi- eta industria-areak hornitzeari dagokionean. Halako banaketa-sare baten barruan, hainbat hodi eta instalazio osagarri daude, hala nola, oinarrizko sarean dauden Erregulazio eta Neurketako Estazioen kanpoaldeko saretatik hasi, eta hartune-balbuletaraino, hau da, industria-kontsumoan hartune-puntuetaraino, eta etxeko erabileran etxetara banatzeko sarea hasten den erregulazioko estazioraino. S-1 (Kukubaso-Ipiñarri) eta S-2 (Larramendi) izeneko sektore industrial berriak mugarritu direnez, horiek gasez hornitzeko lanak egin beharko dira.

Etxetara banatzeko sarea hirigunean ia guztiz eginda dago. Angiozar auzoak bere berezko sarea du gas-horniketarako. Ubera auzoan, berriz, etxebizitza gehiago proposatzen direnez, horniketa-sare berri bat egin beharko da.

6.3.8.5.- Telekomunikazioen sarea:

Indarreko Arau Subsidiarioen dokumentuan jasota daude Bergarako udalerriko Telekomunikazio-Sare eta –Zentroei buruz Eusko Jaurlaritzak zehaztutako irizpideak (Eusko Jaurlaritzako Industria, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Telekomunikazioetako Zuzendaritzak eman zituenak, alegia). Arau Subsidiarioak behin betiko onartu zirenetik honako urteetan, ez da aurkeztu udalerrian instalazio berriak jartzeko proposamenik.

Hurrengo urteetara begira, sare berriak egiteko eta lehengo batzuk ordezkatzeko jarduketak baino ez dira aurreikusten. Jarduketa horiek aurrera eramateko, urbanizazioko edo instalazioetako proiektu berezietan jaso beharko dira. Dena den, ez dute eraginik udalerriaren antolamendu orokorrean.

Hirigintza