Ekipamendu eta dotaziotarako lurzoru-beharrei buruzko kapituluan erabili dugun hurrenkera berean, hona hemen erabilera horietarako diren sistemak:

6.3.5.1.- Zibiko-Administratiboa:

  • Udaletxeko eraikina berriztuta eta gaur egungo beharretara egokituta dago.
  • Bergaresa autobus-konpainiarenak izandako lurretan, indarreko Arau Subsidiarioetan Udalaren beharretarako aurreikusita zegoen biltegia ere eraikita dago; hala ere, ez da behar bestekoa. Horrexegatik, Bergarako Udalak hitzarmen bat sinatu du Sprilur sozietate publikoarekin —Plan Orokorreko S-2 sektorea (Larramendi industrialdea) kudeatzeko sustatzailea den aldetik—, eta horren bitartez Udalak bertan partzela itxi bat izango du —1.800 m2-ko azalera garbikoa— eta horren barruan 1.000 bat metro koadro eraikitako eraikin bat.
  • Epaitegiko eraikina zati batean birgaitu berri da, kanpoko fatxadei eta Ariznoa plazako berrurbanizazioari dagokienean. Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburuak adierazi duenez, eraikina osorik birgaitzeko asmoa dute; eta horretarako, aldi baterako beste eraikinen bat erabiltzeko aukera eskatu dio Udalari.
  • Ertzainetxe berria ere eraiki da. Horrela, lehen Arrizuriaga parkean erabiltzen zuten eraikina libre gelditu da udalaren kultura-erabileretarako. Hasiera batean, bertan udal liburutegia jartzeko aukera aztertu bazen ere, gaur egun eraikina UNED unibertsitatearen behin betiko egoitzarako izatea aztertzen ari dira.
  • Urteaga kaleko 23 zenbakian, Nekazaritza-Ganbarako eraikina eta erantsita dituen lursailak gaur egungo egoeran mantentzen dira, baina kanpoaldea hobetu egingo da ibilgailuen aparkalekuak izateko.
  • Algodonera inguruan aurreikusitako hiri-garapenak behartuta, igarobideko autobusen geltoki moduan erabiltzen den espazioa lekuz aldatu beharko da udalerriko beste toki batera. Horrenbestez, Aitziturri kalean aldi berean bizpahiru autobus gelditzeko moduko nasa bat eraikiko da, markesina batekin eta dagozkion zerbitzuekin. Jarduketa hori Debagoieneko tranbia eraikitakoan gauzatu beharko da; izan ere, tranbiak geldiune bat du Aitziturri eta Urarte kaleetako bidegurutzearen ondoan.

Aipatutako ekipamendu zibiko-administratiboak Sistema Orokortzat hartuko dira, eta bertan egingo diren jarduketak diru publikoarekin finantzatuko dira.

6.3.5.2.- Asistentzia- eta Osasun-arlokoa:

Egin diren kontsulten arabera, ez dago osasun-zentro berriak eraikitzeko lurzoru-erreserbarik egiteko beharrik.

Udalak eta Foru Aldundiak gaur egungo Mizpirualde Zaharren Egoitza erakunde bien artean birgaitu eta handitu egingo zutela hitzartu zuten, eta horretarako, Eukaltegiak eta ondoko pilotalekuak betetzen dituzten lursailak erabiliko lituzkete. Horrexegatik, Aurrerakin-dokumentuan dotazio-erabilera ezberdinak zituzten A-25a eta A-25b areak batu egin dira hasierako onarpeneko dokumentuan, eta A-25 izeneko area bakar bat osatu dute, asistentziarako dotazio-erabilera duena.

Aurrez aipatu den moduan, Boni Laskurain pasealekuan zentro berri bat eraikitzeko aukera aztertzen ari dira, Martinez Irala ikastetxeak gaur egun betetzen dituen lursailetako zati batean, hain zuzen; izan ere, Martinez Irala ikastetxeko eraikinak zeharo zaharkituta eta ordeztu beharrean daude. Baina horretarako, Hezkuntza-Sailak udalerriko ikastetxeen planifikazio-beharrak kontuan hartu eta egoki iritzi beharko dio asmoari. Hori gauzatuz gero, A-25a areak gaur egun duen eskola-erabilera bere horretan jarraituko luke.

Edozein kasutan ere, partzela horrek indarreko planeamendutik jadanik dotazio-ekipamendurako erabilera zuenez, partzelaren erabilera zehatza aldatzea baino ez du behar; horrenbestez, erabilera zehatz hori ageri-agerian adieraztea ez da erabakigarritzat hartzen.

Udalerrian dauden gainontzeko asistentzia- eta osasun-zentroak aztertu ondoren, hona hemen ondorioak:

  • Matxiategiko Pentsionisten Egoitzaren edukiera nahikotzat jotzen da gaur egun ematen duen zerbitzurako Oraingo instalazioen berritze-lanak, edo handitze-lanak ere, egin ahal badira, egitekotan gaur egungo partzelaren barruan egin beharko dira. Udal Gobernua, baina, Pentsionisten Egoitzaren partzela edo eraikin berean Eguneko Zentro bat jartzeko aukera planteatzen ari da, Mizpirualden aurreikusitakoaren osagarri izango litzatekeena.
  • Matxiategiko Anbulatorioko eraikina: Barruko berritze-lanez gain, hemen ere ez da beste jarduketarik aurreikusten. Iberdrola S.A. enpresa hornitzailearen BAT-Hilerria izeneko azpiestazioa (Banaketako Azpiestazio Transformatzailea) lekuz aldatu ondoren, libre geldituko diren lursailak berrurbanizatu egin beharko dira eta, horrela, aparkalekurako guneak hobetu egingo dira inguru horretan.
  • Asistentzia-zentroen artean, Osintxu eta Angiozar auzoetan medikuen kontsultarako lokalak ere aipatu behar dira.

Asistentzia- eta osasun-ekipamenduak Sistema Orokortzat hartuko dira, eta horiek egokitzeko edo handitzeko lanak diru publikoarekin finantzatuko dira.

6.3.5.3.- Kultura- eta Dibertimendu-arlokoa:

Kultura eta dibertimendurako ekipamenduak honela banatzea proposatzen da:

  • Gaur egun dagoen kultura-ekipamendu garrantzitsuena Errotalde jauregiko eraikinek osatzen duten multzoa da: eraikin nagusia, ermita, eta zalditegiak izandakoak (azken eraikin hau gaur egun aurri-egoeran). Udal liburutegia lekuz aldatu eta herriko beste eraikin batera eramaten bada —hala nola, Errege Mintegira eta bertako elizara—, Errotaldeko eraikinaren zati bat libre geldituko da eta, horrela, bertako kultura-erabilerak hobeto, era arrazionalagoan, garatu ahal izango dira. Orduan baloratuko da zalditegiak izandako eraikinarekin zer egin (gaur egun aurri-egoeran dago guztiz): edo beste kultura-erabileretarako berreiraiki, edo bestela eraitsi eta bota.
  •  Santa Ana ermita zati batean birgaitu da, estalkia eta fatxadetako zati bat, hain zuzen. Birgaitze-lanok osatu eta bukatu egin behar dira, talde txikientzako emanaldi zein ikuskizun artistiko eta kulturalak emateko moduko aretoa bihurtzeko.
  • Arrizuriaga jauregia, lehen ertzainetxea izandakoa, kultura-erabileretarako izango da. Izan ere, eraikina etorkizunean liburutegia izateko birgaitze-proiektua ere idatzi zen. Azkenaldi honetan, baina, UNED unibertsitatearen egoitza berria bertan jartzeko aukera aztertzen ari dira. Irizar jauregia ere kultura-erabileretarako izango da.
  • Errekalde jauregian, gaur egun, Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen mikrofilmazio- eta artxibo-zentroa dago. Zentroa, baina, lekuz aldatu behar dute, EAEko beste toki batera daramate; horrenbestez, eraikina libre geldituko da, komunitate-ekipamendu gisa erabiltzeko moduan.
  • Kartzela zaharreko eraikina eta ondoko patioa kultura- zein dibertimendu-arloko gazte-leku izango da.
  • Irala zinema itxi eta eraitsi, eta gerora Novedades zinema ere itxi zenetik, Bergarak ez du zinema-emanaldiak edo kultura zein dibertimendurako ikuskizunak edo saioak emateko moduko lokalik, bat ere ez; horren eraginez, kirolguneak erabili behar izaten dira nahitaez (hala nola, pilotalekua edo kiroldegia). Indarreko Arau Subsidiarioetan dagoeneko jasota dator Errege Mintegiko elizan eta ondoko lokaletan musikarako eta emanaldi eszenikoetarako entzunareto edo antzokia egiteko proposamena. Estatuak UNEDeko Patronatuari Errege Mintegiko eraikinak erabiltzeko lagapena kudeatu eta lortu ondoren, eta eraikinen banaketa adostu zenean, egokitze-lan horiek egiteko exekuzio-proiektua idatzi zen. Gaur egungo Udal Gobernuak, baina, entzunareto berria honako orube honetan kokatu nahi du: Migel Altuna ikastetxea eratzen duten bi eraikinetatik hegoalderago dagoena —Errege Mintegiko patioaren barruan sartuta— hartu eta bota ondoren sortuko den orubean, hain zuzen. S-4a sektoreko lursailetan ikastetxe berria eraikitzeko Bergarako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako hitzarmena betetakoan, orube hori Bergarako Udalaren eskuetan jarriko da. Horrenbestez, zintzilik gelditzen da Errege Mintegiko elizari eta ondoko lokalei emango zaien behin betiko erabilera, baina betiere Udalak administratutako komunitate-ekipamenduaren erabilera izan beharko du. Honako aukera aztertzen ari dira: elizan udal liburutegi berria kokatuko litzateke, eta Errege Mintegiko gainontzeko eraikinean —birgaitu eta egokitu ondoren— museoa jarriko litzateke, udalerrian dagoen ondare garrantzitsua jasoko lukeena.
  • Zabalotegi dorrean Udalak duen lokalean zinema eta ekitaldi txikiak emateko egokitze-proiektua ere idatzi zen. Egokitze-lanok bukatuta daude dagoeneko.
  •  Barrenkaleko 7 zenbakian, berriz, eraikineko beheko solairuko lokala Udalak erosi eta erakusketa-aretoa izateko egokitu zuen.
  • Udalerriko bi auzo handienei buruz, hau da, Osintxu eta Angiozarri buruz, Osintxun udal liburutegia eta ludoteka izateko lokal batzuk egokitu ziren; eta orain Angiozarren ekipamendu berdinak egokitzeko daude. Indarrean dauden Arau Subsidiarioetan honakoa proposatzen da: Garaikoetxea baserriaren zati bat birgaitzea, Udalak lokal horien jabetza eskuratutakoan, bertan kultura- eta dibertimendu-arloko ekipamendu horiek jartzeko. Plan Orokor honetan, proposamen bera mantentzen da.

Orain dauden eraikinak behar bezala egokitu eta erabiltzearekin hurrengo 8 urteetarako udalerriko behar kulturalak asetuko dira; beraz, ez da kultura-ekipamendurako lurzoru-erreserbaren beharrik.

Kultura- eta dibertimendu-arloko ekipamendu publikoak Sistema Orokortzat hartuko dira, eta diru publikoarekin finantzatuko dira.

6.3.5.4.- Erlijiokoa:

Kultu katolikorako erlijio-zentroez ongi hornituta dago Bergara. Baina beste kultuekin ez da gauza bera gertatzen, eskualdeko gainontzeko herrietan gertatzen den antzera. Horrelako eskaririk ez dagoenez edo, egotekotan oso jende gutxi izanda, eskaria asetzeko lokal txikiak egokitzea nahikoa denez, ez da erlijio-ekipamendu berririk eraikitzeko lurzoru-erreserbarik aurreikusi.

Oraindik betetzeko dago Udalak San Antonioko auzokoekin hartu zuen konpromisoa, hau da, dagoeneko botata dagoen San Antonio ermitan ematen zen erlijio-erabilera beste toki honetan kokatzea: A-12 arean egindako berrantolaketaren barruan, bidegurutzetik gertuen dagoen eraikinaren beheko solairuko lokal batean.

Oso aipatzekoa da Bergarak hainbat ermita dituela bere lurraldean zehar sakabanatuta. Erlijio-zentro izateagatik baino, batez ere euren balio historiko-artistikoarengatik sartu dira Katalogoan; horrela, mantentzeko eta birgaitzeko laguntza-planen barruan egoteko aukera izango dute.

Donostiako Apezpikutzaren nahiz parrokien euren nahiz beste erakunde pribatuen jabetzako kultu-zentroak ekipamendu pribatutzat hartuko dira; eta bertan egin beharreko lanen finantzaketa pribatua izan beharko da, adostu ahal izango liratekeen dirulaguntza publikoekin.

6.3.5.5.- Hilerria:

Memoria honetako 4.4.3.5 puntuan, hau da, hilerri-erabilerarako lurzoru-erreserbak ezarri behar ote diren zehazten den puntuan, honakoa dio: hilobiratzerakoan azken urteetan ikusten ari garen ohitura-aldaketen eraginez, eta errausketak gero eta gehiago direnez, ez da mantenduko indarreko Arau Subsidiarioek jasotzen zuten aurreikuspena, udalerrirako hilerri berri bat eraikitzearena alegia; beraz, hurrengo 8 urtetarako, oraingo hilerria birgaitzearen alde egin da.

Horrenbestez, Plan Orokor honetan ez da aurreikusi inongo lurzoru-erreserba berririk hilerri berri bat eraikitzeko.

6.3.5.6.- Kirolekoa:

Lehendik dauden kirol-instalazioak hobetzeko honakoak proposatzen dira:

  • Labegaraietako instalazioetan eraikin berri bat altxatzea proposatzen da. Neurri txikikoa izango da, inguruan aire librean egiten diren kirol-jardueretarako (beste batzuen artean, ondoko ibaian egiten den piraguismorako) aldagelak eta biltegi txiki bat izateko eraikiko da.
  • Agorrosingo instalazioak sakon berritzen ari dira. Hasiera batean, igerileku berriak eraiki dira, zeharo zaharkituta zeuden aspaldiko haien ordez. Lehenengo eta bigarren faseak bukatuta daude dagoeneko. Bestetik, Ipintza futbol-zelaia egokitzeko asmoa gauzatuta eta martxan dago. Indarreko Arau Subsidiarioek kirol-erabilerarako mugarritu zuten eremua mantendu behar da, Agorrosin baserria izandakoaren lursailak eta eraikina barne.
    Gainontzeko instalazioak berrizteari buruz, aztertzen ari dira. Horietako instalazio batzuk jabetza pribatukoak dira (Agorrosingo futbol-zelaia).
  • Auzo guztietako pilotalekuak gaur egun estalita daude denak. Beraz, mantentze-lana besterik ez da proposatzen.

Horrenbestez, ez da antzematen udalerrian kirol-erabileretarako lurzoru-erreserba berriren beharrik. Hala ere, Kirol Sailak behin eta berriz eskatu du Maltzaga-Zumarraga eta Maltzaga-Gasteiz trenbide zaharretako lauguneak erabiltzeagatik sortu ziren oinezkoentzako pasealeku eta bidegorriak biak egokitzeko beharrezko lanak egin daitezen.

Lehendik dauden kirol-instalazio publiko guztiak nahiz aurreikusitako berriak Sistema Orokor gisa kudeatuko dira, eta diru publikoarekin finantzatuko dira. Agorrosingo futbol-zelaia, jabetza pribatukoa, gaur egun ez da Sistema Orokortzat hartzen.

6.3.5.7.- Eskola-ekipamenduak:

Memoria honetan, eskola-erabilerarako lurzoru-erreserbak ezartzeko beharra zehazten duen 4.4.3.7 puntuan azaltzen den moduan, hurrengo urteetan Bergaran eskola-jarduerak aldaketa sakonak izango ditu, lehen eskolatzea (0-3 urtekoa) ezarri beharrarekin hasi —dagoeneko ezarrita dago—, eta lanbide-heziketarako instalazio berriak bukatu arte. Horrenbestez, eskari berri horiei aurre egiteko, beharrezko lurzoru-erreserbak aurreikusi behar dira.

  • Lanbide-heziketa zentro berri baten beharrean dago, gaur egungo premietara egokitzeko. Horrenbestez, 13.863,18 m2-ko azalera duen S-4a sektorea mugarritu da. Bertan, Migel Altuna izeneko lanbide heziketarako ikastetxe berria eraikiko da, gaur egun Ibargarai kalean dagoenaren ordez. Miguel Altuna II ikastetxea gaur egun dagoen toki berean mantenduko da.
  • Aranzadi ikastolaren behin betiko egoitza Errege Mintegiko eraikinean finkatu nahi da, gaur egun erabiltzen duen tokian. Ikastolako ziklo eta maila guztiak bertan sartu ahal izateko, beharrezko handitze-lanak burutu beharko dira. Horren eraginez, Martinez Irala ikastetxea gaur egun ikastolak bertan garatzen dituen erabileretatik libre geldituko da.
  • San Martin Agirre eskolak ere Martinez Irala ikastetxeko gela batzuk erabiltzen ditu. Erabilera horiek guztiak San Martin ikastetxeko gaur egungo partzelara eramatea aztertzen ari dira. Horretarako, Udalak honako konpromisoa hartzen du: ikastetxe ondoan, mila bat metro koadroko partzela bat emango du, eta partzelak batu ondorengo multzoan, behar dituzten gela berriak eraikitzea onartuko du, gehienez ere 3.000 metro koadroko sabai eraikigarrira arte.
  • Ipintza institutuak batxilergo-mailak ematen jarraituko du. Ikastetxea berrizteko lanak, eta baita handitzekoak ere, egitekotan, gaur egungo partzelaren barruan egingo dira.
  • Mariaren Lagundiko ikastetxea gaur egun dagoen tokian mantentzen da. Egun dituen eraikinak birgaitzeko lanak egin ahal izango ditu, eta baita handitzeko lanak ere, betiere eskola-jarduerari lotutako eskola- nahiz kirol-erabileretarako badira, eta Hirigintza-Fitxak ezarritako baldintzetan.
  • UNEDeko Patronatoa eta Udala aztertzen ari dira ikastetxe honen egoitza Arrizuriaga jauregira eramateko aukera. Horrela izanez gero, jauregia osorik birgaitu beharko da, eta eraikinaren hegoaldean handitze-lanak egin beharko dira sotoko nahiz goiko solairuetan.
  • Hona hemen ikaskuntzarako beste eraikin batzuk: San Migel Patronatua —euskaltegia dena—, auzoetan dauden eraikinak —Martoko zentroa bezalakoak—, eta hezkuntza berezietarako Gorren Eskola edo Ibaiondoko zentro txikia. Eskola-sarea osatzeko, Angiozar eta Osintxu auzoetako ikastetxeak dauzkagu. Gaur egungo euskaltegiari buruz, Udal Azokaren eraikineko goiko solairura eramatea aurreikusten bazen ere, orain proposamen hori alde batera utzi bide da.

Hirigintza