Komunikazioen Sistema Orokorrek bi multzo handi dituzte barnean: errepide-sarea eta trenbide-sarea. Bergara, historian zehar, bide-gurutze bat izan da; beraz, gaur egun ere sakon eragiten diote EAEko zirkulazio-bide nagusienek, hala nola, Eibar-Gasteiz autobideak —dagoeneko eraikita dago—, Beasain-Durango autobiak —lehenengo fasean eraikita ere—, eta aurreikusitako Abiadura Handiko Trenbide-Sareak.

Dokumentu honetan, bi sare nagusi horiek eta dagozkien babes-guneak jaso dira. Era berean jaso dira eskualde-mailako gainontzeko errepideak eta dagozkien babes-guneak; eta Debagoieneko tranbia berriari buruz, Aretxabaleta-Bergara arteko lehen fasearen proiektuaren araberako trazatua ere bai.

6.3.6.1.- Errepideen Sistema Orokorrak:

Hona hemen udalerrian Errepideen Sistema Orokor gisa jasotzen direnak:

  • Eibar-Gasteiz autobidea. Lehentasuneko Errepideen Sarean (Sare Gorrian) dago. Babes-guneak 100 metroko zabalera du.
  • Beasain-Durango korridorea. GI-632 errepidearekin bat dator. Oinarrizko Sarearen (Sare Laranjaren) baitan, gainontzeko errepideen zerrendan dago. Babes-guneak 50 metroko zabalera du.
  • GI-627 errepidea. Oinarrizko Sareko (Sare Laranjako) errepideen zerrendan dago. Babes-guneak 50 metroko zabalera du.
  • GI-2632 errepidea —Bergara-Elgeta Uberatik zehar—, eta GI-2639 errepidea —Kanpazar-Elgeta—. Eskualde-mailako (Sare Berdeko) errepideen zerrendan daude. 30 metroko zabalerako babes-guneak dituzte.
  • Dokumentuan, eskualde-mailako beste errepide batzuk ere jasota daude, euren 30 metroko babes-gune eta guzti; hala nola, Sare Horian dauden GI-3750 errepidea —Azkoitira Gorlatik zehar doana—, GI-3360 errepidea —Angiozarrera iritsi eta Kanpazar-Elgeta errepidearekin lotu arte jarraitzen duena—, edo Sare Grisean dagoen GI-3741 errepidea —Basalgora doana—.

Errepideen Sistema Orokorretan garatzeko, honako jarduketak proposatzen dira:

  • GI-632 errepideari dagokion Bergarako Ekialdeko Saihesbidea bitan banatuko da Teileriako biribilgunera arte.
  • GI-627 saihesbidearen trazatua aldatu egingo da San Antonioko zubitik, Ertzainetxearen ondotik hasita, eta “Candy Hoover Electrodomésticos" izenez ezagutzen den biribilguneraino; horrela, tranbiaren pasagunea eta Algodonera-Gabiriako eremuaren berrantolaketa ahalbidetuko dira.
  • GI-2632 errepidean (Bergara-Elgeta), hobetze-lanak egingo dira honako tartean: errepide-hasieratik —San Lorentzoko industrialdeko Amillaga kalean aurreikusten den biribilgunetik— San Juan auzora arte.

Foru Aldundiko Bide-Azpiegituretarako Departamentuak proiektu bat idatzi zuen GI-2632 errepidearen trazatua hobetzeko 27,170 K.P.-tik San Juan industrialdeko 28.150 K.P.-raino. Gaur egun oraindik egin gabe dago, eta berriro ekin nahi diote; izan ere, San Juan aldean garatzen ari den Larramendiko industria-sektore berrira nahiz Elgetako industrialde berrietara joateko bidea ere bada errepide hau. Eta Foru Aldundiko Bide-Azpiegituretarako Departamentuko Kudeaketa eta Plangintzako Zuzendaritza Nagusiak Bergarako Hiri-Antolamenduko Plan Orokorrari buruz txostena egin zuenean, 2008ko otsailaren 8an, horrela jaso zuen.

Proiektu horren abiapuntua Amillagako bidegurutzeraino luzatu beharko da, eta errepide-hasieran, GI-627 errepidearekin bat egiten duen bidegurutzean, Deba ibaiaren gainean dagoen zubiaren azterketa ere hartu beharko du proiektuak bere baitan.

Horren arrazoia hemen datza: oraindik orain hasierako onarpena eman berri zaio EAEko —Isurialde Kantauriarreko— Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren Aldaketari. Eta dokumentu horren Memoriak, 5. atalean —ALDAKETAREN JUSTIFIKAZIOAn—, honakoa dio hitzez hitz: “...(Dokumentua)... guztiz justifikatuta dago. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren Lurraldearen Antolamendurako Zuzendaritzak, Uren Zuzendaritzak eta Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak erabaki dute honako alderdi hauek txertatzea Lurraldearen Arloko Planaren dokumentuari: lurzorua uholde-arriskuaren mailaren arabera erabiltzeko irizpideak eta uholdeari buruzko mapa berriak —Uren Zuzendaritzak landuak—,...”

Lurraldearen Arloko Planaren Aldaketak Uholde-Arriskuari buruzko Mapa batzuk ditu eta, baita, Uholdeen Prebentzioari eta Erregulazio Hidraulikoari buruzko Araudi Berezia ere. Horrenbestez, E.1 idazpurua, oso-osorik, aurreko dokumentuari erantsitako testu berria da, eta horrela nabarmendu da kolore bidez.

Uholde-arriskuei buruzko mapan, San Lorentzoko industrialdeko (Plan Orokorreko A-40b areako) partzela batzuk agertzen dira, zehazki 0-10 urte arteko alditan eta 10-100 urte arteko alditan uholdeak berriz gertatzeko arriskua duten eremuen zerrendan. Uren Zuzendaritzak ere oraindik orain ezezkoa eman dio eremu horretan aspalditik dagoen industria bat handitzeko eskaerari —nahiz eta industria horrek Etxebizitza Ministerioari eremua erosi zionetik ordutik aprobetxamenduak esleituta izan—; eta hona hemen ezezko horren arrazoia: industriaren partzela-zati bat 0-10 urte arteko alditan uholdeak berriz gertatzeko arriskua duten eremuetan dagoela.

Lurraldearen Arloko Plan honen irizpideak aplikatzerakoan sor daitezkeen ondorio garrantzitsuen aurrean, Bergarako Udalak —Agorrosineko kirol-instalazioetan zuzen-zuzenean eragindakoa den aldetik— Eusko Jaurlaritzako Uren Agentziari txostena emateko eskatu dio, egoera horiek zein elementuk sortzen dituzten azal ditzan. Dirudienez, inguru honetan dauden hiru zubiek —horietako bi Foru Aldundiko errepideen sarekoak dira, zehazki GI-2632 errepidekoak— oso eragin negatiboa dute Deba ibaiaren ur-ibileran; izan ere, inguru honetan Deba ibaiaren ur-lamina gorago egotea eragiten dutenak izan daitezke. Lurraldearen Arloko Planaren aurrean, Bergarako Udalak alegazio-idatzi bat aurkeztu du, eta bertan honakoa galdetzen du: udalerriko eremu oso garrantzitsu bat, bete-betean diharduena gainera, ea egon daitekeen uholdeak izateko arriskuak eraginda, kontuan izanda uholde-arrisku horren zergatiek ez dutela zer ikusirik inondik ere eremu horretan urte luzeak finkatuta daramatzaten jabeekin, ezta udal administrazioarekin ere; hau da, kontuan izanda arazoaren jatorrian Foru Aldundiko Bide-Azpiegituretako Departamentuaren titularitateko bi zubi horiek daudela.

Horrexegatik, eta Plan Orokorrak jasotzen duen moduan, Foru Aldundiak GI-2632 errepidearen zati bat hobetzeko berreskuratu nahi duen proiektuahanditu edo luzatu egin beharko da aurrerago azaldu den heinean; hau da, batetik, errepidearen abiapuntuan, GI-627 errepidearen bidegurutzearen ondoan dagoen zubia hartu beharko du bere baitan, eta bestetik, Amillagako bidegurutzetiko tartea ere hartu beharko du, eta horrela Amillagako bidegurutzetik jarraituz Deba ibaiaren gainean doan beste zubia ere aztertu egin beharko da.

Hiri-Antolamenduko Plan Orokorrerako txosten berean, GI-2632 errepidea Ubera auzotik zehar pasatzeari buruz, honakoa azaltzen da:

Ubera auzoan etxebizitza multzo bat garatzea aurreikusten da. Auzoaren erdialdea GI-2632 eskualde errepideak zeharkatzen du eta errepide hori da Elgetatik Gipuzkoako ahalmen handiko sarera iristeko bide nagusia; aipatzekoa da ibilgailu astunen zirkulazio handia duela, herriko industriaren zerbitzura. Oraingo proposamenaren arabera, etorkizunean herrigunetik zirkulazio mota hori ateratzearren saihesbideren bat egiteko edozein aukerari atea ixten zaio. Departamentuak proposatzen du Plan Orokorra aprobetxatuz ikuspegi zabalago batetik hausnarketa egitea, saihesbide txiki bat egitea eta auzoak eskatzen duen etxegunea garatzea bateragarriak izan daitezen, eta, aldi berean, antolaketa trinkoagoa, atseginagoa eta bizitzeko egokiagoa egitea bizilagunentzat.”

Txostenak dioena kontuan hartuta, eta “hausnarketarako abiapuntu gisa” besterik ez, saihesbide-trazatu bat zirriborratu da. Ez da inondik ere loteslea, baina Ubera auzoa garatzeko A-49a area eta S-7 sektorea izeneko eremu zehatzak finkatzea eta mugarritzea ahalbidetuko du. Aurkeztutako proposamenari aldeko txostena eman dio Foru Aldundiko Bide-Azpiegituretako Departamentuko Kudeaketa eta Plangintzako Zuzendaritza Nagusiak 2008ko abuztuaren 25ean.

6.3.6.2.- Trenbide-Erabileretarako Komunikazioen Sistema Orokorra:

Trenbide-Sarearen baitan, honakoak bereiz ditzakegu:

  • Dokumentu honetako planoetan grafikoki azaltzen den abiadura handiko trena izenekoa —adiera hertsiagoan, abiadura bizkorreko trena da— bat dator EAEko Trenbide-Sarea antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren Gipuzkoarako Aldaketak jasotzen dituen trazatuarekin eta zortasun-gunearekin.
  • Debagoieneko tranbia Bergaratik zehar: Erreferentzia gisa erabili diren dokumentuak dira, batetik, EAEko Trenbide Sarea Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren Gipuzkoarako Aldaketa eta, bestetik, Aretxabaleta-Bergarako Tranbiaren Trazatu-Proiektu Aldatua; izan ere, azken honek hasierako proiektuaren trazatua aldatu egin zuen, Ibarra kalearen eta Oxirondo plazaren arteko tarteari buruz Bergarako Udalak aurkeztutako alegazio-idatziak aintzat hartu ondoren.

Aldatutako proiektu berri horren aurrean ere, Bergarako Udalak beste alegazio-idatzi batzuk aurkeztu zituen, bai tranbia berria ezartzeko finantzaketa-proposamenei buruz, bai dokumentu bien aurrean aurkeztutako beste alegazio batzuen aipamenik ere ez zuelako jasotzen. Erakunde eskudunek ez dute oraindik erabaki ez hasierako alegazioak, ezta Proiektu Aldatuaren trazatu berriaren aurrean egindako azken alegazioak ere.

Zehatz esanda, alegazio horietan trazatu alternatiboak edo trazatu ofizialaren egokitzapenak proposatzen dira honako inguruetan: Kukubaso-Ipiñarri aldean; Teileria izeneko biribilgunetik hasi eta Trazatu-Proiektuaren amaierako Urarte kaleko geldiunera arte, tarte osoan; eta Mekolalde aldean.

Trazatu ofizialak arriskuan jartzen ditu Bergara garatzeko oinarrizkotzat jotzen diren jarduketa batzuk honako tokietan:

  • Kukubaso-Ipiñarri: Aurreikusitako trazatuarekin, alde honetako garapen industriala ezinezkoa edo, izatekotan, oso zaila izango litzateke . Plan Orokor honek proposatzen duen trazatua bateragarriagoa da aurreikusi den garapenarekin.
  • Gabiriako tartea Udalak aurreikusitako trazatura egokitu da. Hala ere, tarte honetan tranbia ezartzeko finantziazioa ez dago argi; horrexegatik, Udalak alegazio-idatzi bat aurkeztu zuen, baina ez diote erantzun.
  • Ibargarai kaletik zehar hasieran aurreikusten zen pasagunea aldatu egin da azkenengo Trazazu-Proiektuan, eta Udalak proposatutakoa onartu da, hau da, Deba ibaiaren ezkerraldetik doan trenbide zaharraren laugunetik joango da Oxirondo plazaraino.
  • San Blas-Mekolalde aldean, LAParen Aldaketak jasotzen duen trazatuak bertan behera uzten du alde honetako garapen industriala. Beraz, bai Arau Subsidiarioak Berrikusteko Aurrerakinean, bai Plan Orokor honetan, trazatu alternatibo bat proposatzen da, inguruko garapen industrialarekin askoz ere bateragarriagoa. Lurraldearen Arloko Planaren aurrean alegazio gisa aurkeztu zen, baina erakunde eskudunek ez diote erantzun.

Hirigintza